Kazetari gazteentzako 150 euroko saria urtarrilaren 1etik aurrera

Edu Lartzanguren.
2015eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Zuzeu.eus Interneteko agerkariak kazetari gazteak akuilatzeko egitasmo bat abiatuko du urte berriarekin: hilabete bakoitzean agerkarian «artikulu onena» argitaratzen duen gazteari 150 euroko saria emango diote. Artikulugileak, gaztetzat hartua izateko, «30 urtez azpikoa» izan beharko du. 2016ko urtarrilean argitaraturiko artikuluen artean aukeratuko dute lehen irabazlea.

«Gurea erraz erabiltzeko moduko tresna da», esan du Anartz Bilbao zuzeu.eus-eko erredaktoreak, «baina gazteak ekimenik eta grinarik gabe ikusten ditugu, eta horiek xaxatu nahi ditugu». Artikuluaren edukia eta forma baloratuko ditu epaimahaiak, eta idatzitakoak sortuko duen interesa eta eztabaida.

Laguntzeko prest

Formakuntzarako egitasmo interesgarri bat abiatuko dute Zuzeu.eus-ekoek: agerkariko erredaktoreek laguntza emango diete artikulugile gazteei. Lanak txukun idazteko eta argitaratzeko «etengabeko aholkularitza» izango dutela agindu dute. Era berean, testuei osagai grafikoak—argazkiak, taulak, bideoak— gehitzeko orduan ere, laguntza emango diete.

«Amua bota dugu; orain ikusiko dugu jendeak kosk egiten dion», esan du Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.