Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I)

Kayakez Groenlandian, iceberg eta glaziar artean

Aste honetan publikatuko ditugu BERRIAk antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketan parte hartutako lanak. Groenlandiako bizipenak dira lehenak.

Kayakean ibilita, uhartearen ikuspegi zoragarriaz goza daiteke. JOSUNE OTXOTORENA.
2013ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Artikoko uharte honetan (Groenlandia) pilatzen omen da gure planetako ur gezaren hamarrena, oraingoz. Kayaketan ibili gara itsasertzeraino heltzen diren glaziarren mihien aurrealdeetan nabigatzen, fiordoetako berdeen artean, ur urdinetan barrena iceberg zuriak ferekatuz, natura bere birjintasunean eta bizitasunean gertutik sentitzen.

Kalaallit Nunaaten ibili gara, bai, inuiten kalaallisut hizkuntzan gizakien lurraldea esan nahi duen Groenlandia zurian. Munduko uharterik handiena izanik, 57.500 biztanle besterik ez du, gehienak inuitak. K.a. 2000. urtean iritsi ziren lehenak bertara: Erik Gorria izan zen Islandiatik ihesi zihoalarik lurralde horrekin topo egin zuena, eta Gr¿nland izena eman zion, nonbait garai hartan berdeagoa zen uhartera jendea erakarri nahirik.

Kopenhagetik datorren hegaldian inuit bat izan dut bidaide. Hasieran lotsati, gerora irribarre zabal eta barre errazez abegikor jokatzen du, bere lurraldeari buruzko jakingarriak ez ezik etxea ere eskainiz. Danimarkatik dator; maistra izanik, oporrak baliatu ditu semea bisitatzeko. Izan ere, gazteek gero eta errazago jotzen dute kontinentera.

Denbora aurrera doa, eta gure hegazkin txikitik lehen Islandia uhartea ikusi badugu, orain, laino artetik igarota, indar eta distira guztiarekin Groenlandia azaldu zaigu: kostaldea mendixkaz zipriztindua dager, makina batfiordoz urratua, zehaztasun txikiena Inlandsisaren zuri amaigabean bukatzen. Alboko inuita, berriz, ongietorria eginez, hunkituta dago, zeharo emozionatuta.

Aireportutik atera orduko, ustekabeko lagun batzuekin egin dugu topo: uda berantiarreko eltxo indartsu eta gosetiekin. Hortaz, lehen oroigarria erosi beste aukerarik ez zaigu geratu: buruko eltxo sarea; eta eskerrak, eltxook jasangaitzak baitira bestela.

Amerikarren base izandakogune fantasma honetatik paradisu antzeko batera goaz oinez Mila Lore haranera, 22 graduko tenperaturan; errekasto eta bidezidor artean, ibarrararen burura iristen ari gara. Hor, deigarri egin zaigu zuzenean glaziarretik datorren ur zuriko ibaia, ur-jauzi ikusgarria eta, oroz gain, sepia-more multzoa. Gidariak diosku Groenlandian bi lore direla ohiko: bata nonahi ikus daiteke, eta bestea kostata topa dezakegu, baina haran honetan biak daudela elkartuta, horregatik izena.

Hurrengo egunean, glaziarraren bila joango gara mendian gora eta behera, baita topatu ere gainean ibilalditxo bat egiteko,ur korrikalariak glaziarraren sifoitik ezkutatzen ikusteko bertatik bertara, eta urrutiagotik Kiagtuut glaziarraren mihia nola heltzen den haran hasierara. Han ez du icebergik askatuko, ibaira izotz urtua isuri baizik; horrela konturatu gara hildako glaziar baten aurrean gaudela, zoritxarrez, uharte handi honetako beste asko bezala.

Kayak abenturari ekin

Berehala jarri nahi dugu uretan, baina, irteteko lekura iristeko, itsasontzia hartu beste erremediorik ez dugu. Bistakoa da uharte honetako komunikabideak ez direla lurrekoak; errepiderik apenas dagoenez, itsasontzi eta helikopteroak baliatu behar dituzte bidaia laburretarako.

Hori dela medio, Narsaqerako bidea Eriksford fiordotik barrena egin dugu. Ibilbidea ikusgarria da, natura bete-betean: harrizko amildegi biluzien alboek biltzen dituzte fiordoko ur urdin ilunak, horma bertikaletatik ur-jauziak zintzilik eta icebergak nonahi; horrelakoa izan da gure lehen kontaktua, datozen egunetan topatuko dugunaren aurrerapena.

Azkenik, heldu gara 1.700 biztanleko hiri eder honetara. Etxe prefabrikatuek kolorea jartzen dute mendi eta itsasertz arteko lautadatxoan. Herri koxkorraren xarma gordetzen du bai kaian, bai itxuraz ordenatu gabeko kalexketan. Dena doa lasai, biztanle irribarretsuak ibilian edo bizikletaz, han-hemenka agurka.

Iritsi da kayakak hartzeko unea; aurrean ditugu hamabi egun, eta gure espedizioak 120 kilometro inguru egingo ditu glaziar aktiboenen aurrealdeak bisitatuz. Kideak hamar gara, eta bost kayak baliatuko ditugu arropa, kanpadendak, janaria eta beharrezko dena eramateko. Egia esan, kayak aurreko eta gibeleko konpartimenduetako espazioa antolatzeak puzzle bat egiteak baino trebetasun handiagoa eskatzen du, eta ontziaren gainean ere atondu behar izan ditugu puskak; denera, gutxienez 60-70 kiloko zama garraiatuko dugu. Ederki igarriko dugu uretan jartzen garenean; ohi baino baxuago goaz, eta, gainera, gure giharrek ohiz kanpoko lana egin beharko dute, aurrera jo nahi badugu. Dena den, ariketa ez da astuna: batez beste, egunero bost orduz jardungo dugu, atsedenak kontuan hartu gabe, noski.

Horrela, lehen egunean, kayak jantziak soinean, Narsaq utzi, eta eguraldi bikainarekin zeharkatu dugu haren pareko fiordoa, alderrai dabiltzan icebergak saihestuz, Illeq badiaraino iritsi arte. Garaiz iritsi behar dugu egunero, ahal dela arratsalde hasierarako, itsasoa gehiegi mugitzen hasterako; hartara, egunero jantoki eta eguraldi txarretan babesleku izango dugun tipi-a jarri eta kanpalekua antolatzeko, nahikoa denborarekin.

Biharamunean, Ujaraqen etxolan egin dugu lo. Irekia uzten du, behar duen edonork erabil dezan. Abegikor askoa, museo bizi bat da, eta makina bat tresna zahar eta argazki interesgarri ikusmiratu dugu bertan: karibuekin lanean, umeak eta helduak usadiozko jantziekin… Denak beste garai batekoak, inuiten ohiturak agertzen. Lekua zoragarria bada, are zoragarriagoa suertatzen da ondoko muino batetik dakusakegun ikuspegia: fiordoak alde batera eta bestera, hurrengo egunean egin behar dugun bidea eta zeharkatu behar ditugun lakuak… Natura, liluragarria ez ezik, espektakularra ere bada. Hau bai ondasuna!

Taldean indarrak elkartuz gero, astunena ere arinago bilakatzen da, eta horren erakusgarri izan da zein ondo moldatu garen kayakak ezinbestean lurrez eraman behar izan ditugunean. Hamaiketakoa irabazi badugu ere, gogorra egin zaigu bazkarirainoko etapa: denok ahalik eta elkartuen, itsas txakur ehiztarien tiroetatik salbu egoteko. Gure kayakak uretatik aterata, mareatik babestuta utzita, mugitu garenean dozena bat foka larrutu sumatu ditugu bazter batean, buruan tiro bakarra dutela. Inuitek animalia hori erabat baliatzen zuten lehen, baina orain ez dute hainbeste behar haren haragia; baina, larrua ederki prezatzen dutenez, hori bakarrik eraman dute. Hau da hau hondamendia!

Bidean jarraituta, baleen uhartera iritsi gara. Gaur ez dugu bakar bat ere ikusi, ezta ikusiko ere ibilbide osoan. Hala ere, uhartea oparoa da onddotan; onddo beltzak nonahi daude, eta, denon artean bilketa polita egin dugunez, denon artean prestatu, eta denon artean jango ditugu on egiteko. Afari ondorenean izango dugu sekulako espektakulua; ez da aurora boreala izango, nahi bai, baina glaziar aldeko ilunabarraren koloreak ere kostata ahaztuko zaizkigu.

Glaziarraren oinetan

Goizeko seietan, gidariaren oihu inuitek esnatu gaituzte; martxan jarri behar dugu Qaleragdlit glaziarrerantz. Groenlandia hegoaldeko lekurik liluragarrienetako bat da hamar kilometroko zabaleran, 80 metroko altuerako hormetatik une oro icebergak askatzen ari den fenomeno hori. Haren azpian ibiliko gara, kayaketatik hormen hausturak ahalik eta gertuen bizi nahian, icebergen hauste eta jauste zarata gorgarrien artean, begiak irten beharrean. Eta, goitik egingo dugun ibilaldi ahaztezinean, erraldoi irudituko zaigu urrutiko Inlandsisean, uharte barruko izotz geruza itzelean, elkartzen diren bi glaziarren mihien handitasuna.

Egunak aurrera doaz tankera zirraragarri honetan, noizbehinka fokak eta karibuak topatuz,naturak eskaintzen dizkigun ondasunak dastatzen, muskuilu zaporetsuak gozatuz eta anisakisdun bakailaoak penaz lurperatuz, lastima! Atlantiko handian, naturalena ere ez dago salbu; gure kutsaduraren ondorioak zabalak dira horregatik!

Baina eguratsa aldakorra da, eta ingurune estrategiko batean jarri behar izan dugu kanpalekua, haize gogor eta erauntsi zaratatsutik babesteko. Eskerrak garai batean inuitek portu natural gisa erabiltzen zuten lekua den; izan ere, ikusmiran genbiltzala, tumulu antzeko hilobiak antzeman ditugu, beren kaskezurrekin, eta orain dela gutxi arte eraiki ohi zituzten bezalako harrizko eta turbazko etxola arrasto mordoa. Egun etnografikoa gaurkoa, jakiteko biztanleok nola igaro ziren etxe mota horietatik egungo prefabrikatu koloretsuetara.

Ekaitzak arrasto itzela utzi du itsasoan; icebergen puska ñimiñoz josita dago, dena zuri-zuri. Fiordoa zeharkatzekotan, ilaran joan beharko dugu; aurretik gidariak, bidea ahal duten moduan, gerri dantza arinez, bidea irekitzen, eta gu atzetik errenkadan, zentzumen eta indar guztiak ahaleginerako bilduta.

Bi orduren ostean, lortu dugu igarotzea eta Narsaqerako buelta hartzea, nekeak jota, baina pozik. Gure apeta betetzeko bada gurari berezi bat: glaziar batera igo, kayakak aparkatu eta bankisan argazki batzuk ateratzea. Eta hori ere, oinez ez ezik, zabuka eta irristaka lortuko dugu, barre artean.

Groenlandiari agur

Uretako abentura aparta izan da, baina, Groenlandiari egin behar diogun bisitalditxo honetan, bertako biztanleen herri eta herrixken bizi taupadara gerturatu nahi dugu. Gune interesgarriak ezagutuko ditugu azken egunetan: horietako bat Igaliku da, garai bateko bikingoek bizileku gisa ezarritakoa, eta egun inuitek lurra eta itsasoa ustiatzeko erabiltzen duten eskualdeburua, 57 biztanlekoa.

Guk eguraldi atseginarekin ezagutu dugu Groenlandia, baina, Artiko latz honetan, inuitak ez dira nornahi; denboraren joanean hemen diraute. Izan ere, adituek diotenez, irautea lortu dute, besteak beste, eraman handiko jarrerarekin eta zoritxarraren aurreko etsi puntuarekin, gorputz erresistentziarekin eta oinazea nahiz sufrimendua jasateko gaitasun bereziekin batera. Bejondeiela! Bidaiako une atseginak gogoan, aireporturako itsasontzia hartzera goazela, agurtu egiten gaituzte motorrean doazen amona-bilobek, irribarretsu eta jostalari, beti bezala. Geuk ere beste horrenbeste egiten diegu; diosal horrek islatzen du Groenlandiari eta hango jendeari egin nahi diogun agurra. Esker oneko hitzak besterik ez dugu haientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.