Ondasunak sortu ahala joan da sortzen haiek gordetzeko beharra. Ezereza ez da paketatzen. Neolito garaikoak dira lehen otarreak, egiptoarren garaikoak lehen treskak, eta greziarren garaikoak lehen anforak. Txinako Han dinastiak asmatu zuen papera. Erdi Arokoak dira lehen kupelak, eta Napoleonen setakeria lehen kontserbak. Industria Iraultzak utzi zituen txiki ordura arteko denak: merkantziak paketatu eta partekatu, paketatu eta partekatu, azkar eta merke, azkar eta merke. Kartoiaren loraldia. Petrolioaren eta plastikoaren diktadurak ere ez du eten. Badu zerbait kaxa horrek gordean duena.
Pizzaren kartoizko kaxak, esaterako. Haren diseinuak 60 urte egingo ditu. 1966an, Michiganen (AEBak), bazen Domino’s izeneko lokal txiki bat. Italiako janaria ematen zuten bertan; pizzak tartean. Tom Monaghan jabeak hiriko paketatze enpresa bati eman zion enkargua: uzkurtutako kartoiarekin egindako kaxa bat nahi zuen bere pizzentzat. Itu-ituan jo zuten. Milioidun egin zen jabea, eta mundu osora zabaldu zen diseinua. Ez du inork hobetu. «Pizza bera ere berdina delako oraindik ere. Egunen batean aldatu, eta, erabakitzen badute erronbo itxurakoa egitea, orduan kaxa ere aldatu beharko dute», azaldu du barrez Gorka Izak, Erabil Kartoi Kutxak enpresako kalitate arduradunak.

Badute Erabilen kartoiaren berri. 1978an sortu zuten Bolibarren (Bizkaia), kooperatiba moduan, hamabost lagunek. Gaur egun, Amoroton (Bizkaia) dute egoitza nagusia, eta ehun langile baino gehiago dira. Eskarmentu handia dute bilgarrien sektorean. Kartoizko kaxak eta xafla estanpatuak egiten dituzte, besteak beste. Industriarako, automobilgintzarako, etxetresna elektrikoetarako, altzarietarako, arte grafikoetarako... Eta kartoia da ia gehienetan funtsa. Zergatik kartoia? «Arrazoi nagusia jasangarritasuna da. Ekonomia zirkularrari horrenbeste garrantzia ematen zaionez, ikusi da kartoia berrerabili egin daitekeela. Kaxa osorik birziklatzera bota, eta kaxa berarekin berriak egin daitezke», nabarmendu du Izak. Izan ere, horixe da kartoia: bata bestearen gainean jarritako eta itsatsitako paper geruza bat, zelulosa birjinaz egina. «Kartoiak zuhaitzetan du jatorria. Eta merkatuak horra eraman gaitu: ziurtagiri batekin ari gara denok. Gurera datorren guztia baso jasangarrietatik dator. Kontrolak, auditoretzak... garrantzia hartu du horrek guztiak: plastikoarekin alderatuta, kartoia elementu jasangarri bat dela».
«Paketatzeak asko eboluzionatu du. Funtsean, bezeroak orain zera eskatzen du, kaxak berak ere irudiren bat eduki dezala»
IBAN AMIASErabil Kartoi Kutxak enpresako diseinu arduraduna
Sinplea bezain erabilgarria da kartoizko kaxa. Robert Gair eskoziarrak asmatu zuen, 1890ean, AEBetan: uzkurtutako kartoi tolesgarria. Bilgarri gisa munduan gehien erabiltzen den materiala da. Produktu ia guztietarako balio duena: iraunkorra, zurruna, moldagarria, isolagarria, jasangarria, eta birziklagarria. Eta Erabil enpresako diseinu arduradun Iban Amiasek dioenez, gaur egungo beharretara eta eskakizunetara egokituz joan dena: «Duela urte asko, zer jartzen zen kaxa horietan? Bada, zenbaki batzuk eta barruan zihoana ‘hauskorra’ zela esanez ohartarazpenen bat. Oso inprimatze sinplea zen, eta eskuz egiten zena, gainera. Kuter batekin eta goma batzuekin jartzen ziren letrak». Zer gertatu da ordutik hona? Garrantzitsua dela orain ere edukia, baina hura bezain garrantzitsua dela orain edukiontzia. Amiasek ere ikusi du bilakaera hori guztia: «Gaur egun, oso bestelakoa da teknologia. Gurean, flexografia erabiltzen dugu. Eta gure teknologia ez da aurreratuenetakoa, baina paketatzeak asko eboluzionatu du. Funtsean, bezeroak orain zera eskatzen du, kaxak berak ere irudiren bat eduki dezala».
Irudi horiekin eta bestelako inprimatze kontuekin aritzen dira lanean Usurbilgo (Gipuzkoa) Eman Packaging enpresan. «Guk ez ditugu ohiko kartoizko kaxa horiek egiten. Paketatze industrian, inprimatzeko bi sistema nagusi erabiltzen dira: flexografria eta offseta. Guk offseta erabiltzen dugu. Presio handiarekin inprimatzen duenez, emaitza ere oso bestelakoa da. Gure kaxak txikiagoak dira, baina oso ederrak: estanpazioak dituzte, tintak, metalizatuak, distirak, mateak, erliebeak...», azaldu du Angela Alonso teknikari komertzialak.
«Zergatik hartzen dugu kaxa bat, eta ez bestea? Zergatik ezkerrekoa, eta ez eskuinekoa? Paketatzeak zeresana du horretan»
ANGELA ALONSOEman Packaging enpresako komertziala
Sektore bakoitzari egokitutako paketatzeak eta inprimatzeak egiten dituzte. Elikadura: edariak, kontserbak, hestebeteak, esnekiak, aurrez prestatutako janariak eta gozogintza. Industria: automobilgintza, elektronika, ehungintza, kimika, kosmetika eta farmazia. Arte grafikoak: publizitatea, marketina, diseinu grafikoa eta estutxe bereziak. Euskal Herrian paketatze industria «indartsu» dagoela dio Alonsok: «Supermerkatu batera sartu besterik ez daukazu dena paketatuta dagoela ohartzeko». Baina paketatzearen atzean gauza asko daudela ere bai: «Erosi behar duzun horrek informazioa behar du. Kaxak markaren nortasuna izan behar du. Kaxa ikusi eta berehala identifikatu behar da markarekin». Areago: «Kaxa traje bat da. Bakoitza bere trajearekin edo janzteko moduarekin irteten da kalera, eta trajeak, kaxak, transmititu behar du markaren nortasuna». Izan ere, Alonsok garbi dauka erabakiak baldintzatu ditzakeela kaxa horrek: «Zergatik hartzen dugu kaxa bat, eta ez bestea? Zergatik joaten zaigu eskua ezkerreko aldera, eta ez eskuinekora? Paketatzeak zeresan handia du horretan». Eman enpresan ere kartoia erabiltzen dute, batik bat. Alonsok ere garbi dauka zergatia: «Baso jasangarrietatik datozen kartoiak erabiltzen ditugu. Arrazoia? Erabat birziklagarria dela. Eta, gaur egun, hori dena kontrolatuta dago; auditoretzak egiten dira. Gu basoen kudeaketa iraunkorrerako ziurtagiriarekin ari gara lanean [FSC ]».
«Produktua dastatu baino lehen kaxa ikusteak zerbait pizten du mahaikidearen barnean. Badakielako postre hori nongoa den»
IÑIGO SAROBESarobe okindegi-gozotegiko arduraduna
Batzuk lanean, eta besteak haien lana eurenean baliatzen. Badirelako kaxak ekoizten dituztenak, eta kaxa horiek euren ekoizpenez betetzen dituztenak. Iñigo Sarobek Beran (Nafarroa) dauka okindegi-gozotegia: Sarobe. «Barruan doana egiten dugu, baina kanpoan doanarekin ere zerbait itxurosoa egiten saiatzen gara», azaldu du Sarobek. Eta diseinuaren eta marketinaren garrantziaz aritu da: «Zein den eman nahi duzun mezua, alegia. Batzuek ez diote garrantzirik ematen, eta kaxa estandar batean sartzen dituzte euren produktuak. Beste batzuk saiatzen gara kaxa horretan gure marka jartzen, gure koloreak jartzen». Eta «identifikatzearen» garrantziaz aritu da: «Jendeak hemendik kaxa bat eramaten duenean afaritarako, gure kaxa etxe horretako mahai gainean egoten da. Eta ireki baino lehen ikusten dute mahaikideek. Eta askok segituan egiten dute lotura: ‘Aiba! Hori Sarobeko pasta kaxa bat da!’. Produktua dastatu baino lehen kaxa ikusteak zerbait pizten du mahaikidearen barnean. Badakielako postre hori nongoa den». Beltzarekin eta zuriarekin jokatzen dute haiek, eta helburua lortu ote duten galdetuta: «Uste dut lortu dugula jendeak gurea identifikatzea. Baina hori ez da kaxaren meritua bakarrik, hori barruan doanaren meritua da. Barruan doanaren kalitateak lortzen du kaxa gurekin identifikatzea».
«Hasieratik eman diogu garrantzia markagintzari, eta saiatzen gara arlo guztiak zaintzen, kartoizko kaxa horretatik hasita»
XABIER PERURENAPerurena harategiko arduraduna
Hausnarketa berbera egin du Xabier Perurenak. Leitzan (Nafarroa) dauka berak familiako harakindegia: Perurena. «Kanpokoak iragartzen du barruan zer dagoen, baina hori ez du logotipo edo diseinu batek bakarrik lortzen. Atzean dagoen lan horren guztiaren emaitza da. Logoa balio bihurtzen da orduan». Online salmentarako erabiltzen dituzte haiek kartoizko kaxak. «Bolumena eta erabilgarritasuna aintzat hartuta, kartoia da egokiena. Baita prezioari dagokionez ere», onartu du Perurenak. Harakindegiko kartoizko kaxek logotipo bat daramate serigrafiatuta: harategia ireki zuten urtea agertzen da (1974), eta idi baten burua. «Agerian uzteko harategi bat dela, eta ez dela gaur goizeko kontu bat». Perurenak duela urte pare bat erabaki zuen harategiari «berritu bat» ematea. «Internet bidez ere saltzen hasi, eta erabaki nuen ez nuela nahi harategi bat gehiago izatea. Hasieratik eman diogu garrantzia branding-ari edo markagintzari, eta saiatzen gara arlo guztiak zaintzen. Marka bat sortzeko estetika bat behar da, filosofia bat... Eta horrekin ez dut esan nahi gure branding-a munduko onena dela, baizik eta hori zaintzen saiatzen garela. Kartoizko kaxa horretatik hasita, edo kartoizko kaxa hori barne». Baduelako kaxa horrek zerbait gordean.