«Katuaren eta saguaren arteko jolasa», dio Barricadaren kantu ezagunak; bada, esaldi horrek laburbildu lezake Erresuma Batuko Killing Eve telesaila. Protagonistak Eve Polastri detektibea eta Villanelle soldatapeko hiltzailea dira, eta laster betiko amaituko da euren arteko amodio istorioa.
Luke Jennings nobelagileak Villaneve izeneko eleberri sorta argitaratu zuen 2014 eta 2016 bitartean, eta hori da telesailaren oinarria. Hiltzaile protagonistaren pertsonaia sortzeko, idazleak inspirazio gisa hartu zuen Idoia Lopez Riaño ETAko kide ohia, eta horrek jende andanaren arreta bereganatu zuen.
Telesaila interesgarri bihurtu duten arrazoiak, ordea, bestelakoak dira. Hasteko, aipatzeko modukoa da bikote protagonistaren indarra. Jodie Comer eta Sandra Oh aktoreek Emmy saria eta Urrezko Globoa eskuratu dituzte, hurrenez hurren, elkarren arteko obsesiozko harreman hori modu elektrikoan islatzeagatik. Detektibeen eta psikopaten arteko erakarpen istorioak aspaldiko kontua dira, eta, alde horretatik, telesailak Dexter eta Hannibal klasiko garaikideak ekar litzake gogora.
Nazioarteko dimentsioa da beste puntu sendoetako bat. Viena, Paris, Londres, Berlin, Mosku, Amsterdam, Erroma... thriller entretenigarria mundu zabaleko hainbat hiriburu seinalatutan filmatu dute, baita Bartzelonan eta Gironan ere. Azken horretan, pertsonaiek katalanez hitz egiten dute.
Hasieran, Phoebe Waller-Bridges izan zen telesailaren sortzailea, Fleabag komedia goratuaren gidaria. Killing Eve proiektuak ere asko du umore beltzetik, eta lortu du estilo estetiko propio bat eraikitzea, baina denboraldi bakoitzean, zuzendaritza berritu du, eta, ziurrenik, hori du ahulgune nagusietako bat.
Atalek aurrera egin ahala, sortzaileak ahalegindu dira protagonistak biluzten eta euren istorioak aberasten. Bien iragana, gizatasuna eta kezka pertsonalak aletu dituzte, baina, azkenerako, ohiko bizio narratiboetan erori dira. Telesailak lehen denboraldia abiada bizian gainditu zuen,gurpila zulatu zitzaion bigarrenean eta gasolinarik gabe heldu zen hirugarrenera. Eraberritzeko urrezko aukera edukita ere, ideia zaharrak birziklatu eta errepikatu, besterik ez du egin.
Game of Thrones eta The Handmaid's Tale telesail ezagunekin gertatu izan den moduan, Killing Eve amildu egin da jatorrizko liburuetarik aldentzean. Ez dira falta hilketa bortitz bezain irudimentsuak, une komikoak eta protagonisten arteko eszena gogoangarriak, baina, tamalez, kontakizuna agortutako formula baten gatibu da. Errazegi jotzen du generoaren kode konbentzionaletara, eta desoreka nabarmena da pertsonaiak garatzeko garaian; bigarren mailako batzuek ia karikatura dirudite.
Ikusteko dago sortzaileek Killing Eve telesaila zein modutan borobilduko duten, istorioa norantz bideratuko ote duten laugarren denboraldi honetan, baina dagoeneko beranduegi da bidean hartutako erabaki jakinak zuzentzeko. Beste behin ere, lehen atalak betelana badira eta azkenak su artifizialez beterikoak, agurra ahazteko modukoa izango da.
'KILLING EVE'
Sortzailea: Laura Neal.
Aktoreak: Jodie Comer, Sandra Oh, Fiona Shaw, Kim Bodnia, Owen McDonnell.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 40 minutu.
Generoa: Thrillerra. Drama.
Telesailak
Katuaren eta saguaren agurreko jolasa
'Killing Eve' telesaila azken denboraldira heldu da. Istorioak detektibe baten eta hiltzaile baten arteko erakarpena esploratzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu