ATZEKOZ AURRERA

Katedrala, pilotaleku

Iraganean, elizetako bazter, atari eta hormak erabili ohi ziren pilotan aritzeko. Hori bertatik bertara ikusteko, pasaka partida berezia antolatu dute Iruñeko katedraleko klaustroan.

Julen Chiapuso, pilota jotzear. Begira, Andoni Urbieta bikotekidea eta aurkariak, Jon eta Ibai Urbieta. J. MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Labrit pilotalekua eskupilotaren katedraltzat jo liteke gaur egun, baina beharbada ezezagunagoa da iraganean Iruñeko katedrala bera izan dela hiriko pilotaleku nagusia. Mendetan, hango atari, horma, klaustro eta korridoreak pilotan aritzeko erabiltzen zituzten iruindarrek zein fraideek. Orduko esku zartaden eta punparen oihartzunak betiko galdu dira denboran; baina, atzo, bat-batean berpiztu egin ziren. Katedral alboko klaustro ederraren goialdean, lau itzal beltz antzeman zitezkeen sigi-saga, eta haien oinen hotsarekin batera, pilota kolpeen soinua entzun zen, garai batean bezala. Baita tanto bakoitza kantatzen zuen epailearen doinua ere: «Kintzea, gorri!». «Kintzea, urdin!»

Atzo goizez, galdutako tradizio horren luxuzko agertoki bihurtu zen Iruñeko katedraleko klaustroa. Pasaka jokoan aritu ziren Andoni Urbieta, Julen Chiapuso, Ibai Urbieta eta Jon Urbieta pilotari gipuzkoarrak. Laurak normalean Oiartzungo (Gipuzkoa) Kontzejupe plazan aritu ohi dira pasakan, baina atzokoan ohiz kanpoko saioa egokitu zitzaien. Batetik, fraideen sotanarekin jantzita jokatu zuten; bestetik, klaustroaren arkitektura berezira egokitu behar izan zuten. «Normalean Oiartzungo udaletxe azpian aritzen gara. Honen antzeko arkupe bat dugu, baina han errebotea dugu, eta hemen ez. Tokiak agintzen digu nola ibili», azaldu zuen jokoa amaitutakoan, Andoni Urbietak.

Napike Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkarteak antolatuta, Oiartzungo Txost pilota eskolako pilotari ikuskizun paregabea eskaini zuten. Klaustroaren bazterretan bildu zirenek ikusminez eta gehienek sakelakoekin jarraitu zituzten pilotarien tantoak. «Guretzat berria izan da, xelebrea. Normalean, atzean errebotea dugu, eta horrek egiten du jokoa motzagoa. Atzeko hormarik gabe luzeagoa egiten da jokoa. Gainera, fraideen janzkerak mugikortasuna mugatzen du. Hankak fresko genituen, hori bai», azaldu zuen barrezka Urbietak.

Duela 600 urte bezala

Santiago Lesmes historialariaren arabera, Erdi Arotik Frantzian eta Italian jokatu ohi zen jeu de paume —esku-ahur joko esan nahi du—, eta hura da pasaka: «Euskal jokora egokituta dago, eta haren oinordeko zuzena da. Duela 500-600 urte bezala jokatzen da. Tokiaren arabera, arauak alda zitezkeen eta zehaztu zer zen tanto eta zer ez, harat edo honat joan ote zitekeen, baina funtsezko araua dago: pilota sareaz bestaldera pasatu behar da, eta joko eremua mugatua da. Toki bakoitzeko elementu arkitektonikoak jokoaren parte dira. Hori da bere grazia».

Pilotak soinu goxoa du, eta nabari da ez duela minik ematen ahurrean. 235 gramo inguru pisatzen du, eta trapuz inguratutako ezpel egurrez egina dago: «Pilota bitxia da. Pisatzen badu ere, nukleoa ez da gogorra, eta ez du eskuan iltzerik sortzen», azaldu zuen Lesmesek. Ez zen beti horrela izan. Aspaldi, adibidez, Frantzian debekatu egin zuten eskuz jokatzea odoletan eta zauriekin amaitzen zutelako. «Astakeria zen», dio Lesmesek. Euskal Herrian ere, erremintekin jokatzen hasi ziren XVIII. mendetik aurrera: «Xarea, eskularrua, zesta...»

Joko gehien irabazten duenak lortu ohi du garaipena. Hau da, tenisean zenbatzen den modura kantatu zituen tantoak epaileak. Bitxitasun batekin. Jokoa erabakitzeko tanto erabakigarrian berdinduz gero, sarea pasa eta hurrengo tantoa kontrako zentzuan jokatzera agintzen zituen jokalariak: «Ados, mutilak, sarea pasa!».

Nakipek euskal pilota bere dimentsio osoan aldarrikatzen du: «Zerbait gurea da. Kultur, historia eta kirol ondare bat da, eta denok gorde eta sustatu behar dugu», azpimarratu zuen Tiburcio Arraztoa Nakipeko kide eta pilotaren historiari buruzko hainbat libururen egileak.

Atzokoa elkartearen lehen jardunaldi berezia zen, eta ez zen kasualitatea izan horretarako Iruñeko Katedrala hautatu izana. Jainkoari otoitz egiten eta pilota ematen izan zen topaketaren izenburua. Pilotaren eta Elizaren arteko harremana izan zuten hizpide. Lehenik, ordubeteko mahaiingurua egin zuten, eta gero klaustroan jokatu zen pasaka partida. Eguerdian, garai bateko esku pilotako banakako finaletan bezala, Angelusa kantatu zen.

Lesmesek gogora ekarri zuenez, elizetako bazterretan jokatzen zen pilotan, etamaiz elizgizonak eurak ziren pilotariak.XVI. mendetik XIX. menderaino Iruñeko Gotzain Auzitegiak 106 auzi ireki zituen Nafarroan eta 134 elizgizon auzipetu zituen. Agiri horietan egiaztatu denez,edozein bazter zen ona pilotan aritzeko: katedrala, elizen atariak eta atzealdeak, hilerria, Erriberriko gaztelua, Tafallako komentua, San Frantzisko plazako komentua...

Katedrala pilotan aritzeko erabiltzen zela frogatzen duen dokumentu zaharrena 1331ko ordainagiri bat: erregearen zurgin Olaizko Pedrori klaustrorako oholtza bat egiteagatik ordaindu zitzaion, «palan aritzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.