Partida baten biharamuna zen atzokoa Bilbon, baina ez zen ohiko biharamuna. San Mames futbol zelaiaren inguruan kamioi eta furgoneta asko, eta langileak hara eta hona barrutik gauzak ateratzen. Haiei so, bilbotar ugari. Izan ere, iragarritako moduan, atzo hasi ziren San Mames botatzeko lanen lehen zatiarekin. Bota aurretik, baina, dena hustu behar dute, eta horretan eman zuten eguna. Lehen fasean, tribuna nagusia eraitsiko dute, horixe baita San Mames Barriaren parte bati dagokiona. Oraindik zelai berriaren egin gabeko zatiarena, alegia. Beharginak lan eta lan zebiltzan goiz-goizetik; «Aprobetxatuko dena desmuntatzen eta gauzak ateratzen gabiltza. Horretan jardungo dugu gutxienez pare bat egunetan», esan zuen langile batek.
Mari Cruz Arauzo, etxetik paseatzera irten, eta San Mameseraino joan zen zelako mugimendua zegoen bertatik bertara ikusteko. «Pena itzela da, baina txiki geratu zaigu. Ikaragarria da; ez dago hitzik». Umetan aitarekin joaten zen partidak ikustera; gero, senarrarekin eta semearekin. «San Mames bihotzean daramagu, eta espero dut berriak ere espiritu berbera izatea. Biak parez pare ikustea izugarria da, San Mames zaharra berriaz erditzen ari dela esan liteke». Zelai zatiak salduko zituela adierazi zuen klubak, baina Arauzok nahiago du zati bat erosi ordez barruan bizi izandako momentuekin eta sentipenekin geratu.
Manu Fernandez ere San Mamesera joan zen atzo, alabarekin. «Barruan argazki bat atera nahi nuen alabarekin, baina ez digute sartzen utzi. Kanpoan atera beharko dugu». Umetatik makina bat bider izan da barruan, eta ondo daki zer den Katedraleko giroa. Bestalde, esan zuen ez duela ondo ikusten zelaiarekin negozioa egitea. «Saldu beharrean bazkide bakoitzari zatitxo bana eman beharko zietela uste dut, edo antzeko zerbait egin».
Espiritu berbera
Iñigo Latorre, Marina Lombrano, Claudia Marcos, Lisa Rodriguez eta Nerea Viota inguruko ikastetxe bateko ikasleek ere tarte bat aprobetxatu zuten zelai zaharrera joateko. «Pena ematen du; umetatik etorri gara hona partidak ikustera, eta oroitzapen asko dira», zioen Lombranok. «Baina, bestalde, ondo dago zelai aldaketa, onerako izango delako», gaineratu zuen Marcosek. Bazkide eta zale ugari zebilen inguruan, baita futbolzaleak ez zirenak ere, esaterako, Patricia Etxanobe eta Beatriz Morales. «Ez gara oso Athletic zaleak, baina pena apur bat ematen digu. Hemen batzuk oso hunkituta ikusi ditugu».
Pitxitxi kalea eta haren paralelo biak itxita zeuden, eta herritar asko zebilen futbol zelaiaren inguruetan. Asko Pitxitxi kaleko hesietan, futbol zelai berriaren eta zaharraren erdian. Unai Oribe semearekin zegoen: «Pentsatzen nuen gaur hasiko zirela botatzen, eta zaharraren eta berriaren arteko argazki bat ateratzen nenbilen orain». Asteazkenean San Mamesen agurrean ere izan ziren, haurrak nagusiagoa denean oroitzapen hori izan dezan. «Ez naiz oso erromantikoa, baina espero nuen baino gehiago hunkitu nintzen. Batez ere, garai bateko jokalariak zelaian ikusteak hunkitu ninduen». Alberto Otxoaren berbetan, hemendik aurrera Athleticen historiako «aro berri bat» hasiko da, denak baitu «bere momentua». Ziur dago zelaia aldatu arren espirituari eutsiko zaiola. «Ikusleak berberak bagara, espiritua ere bera izango da. Espiritua ez dute harriek egiten, bertan daudenek baino».
Katedrala, beti bihotzean
Herenegungo San Mameseko azken partidaren ostean, herritar asko bildu ziren atzo barruko gauzak nola ateratzen zituzten ikustera. Hustu ondoren hasiko dira botatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu