Mikel Aizpuru Murua. Historialaria

«Katalunian gehiengo zabal bat dago; hemen ez dut halakorik ikusten»

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran foruzaletasunetik abertzaletasunerako urratsa nola egin zen eztabaidatuko du EHUko Historia irakasleak gaur Iruñean, mahai inguruan.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2014ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Mikel Aizpuruk (Gabiria, Gipuzkoa, 1963) Historia Garaikidea irakasten du EHUn. Del Fuerismo al Nacionalismo (1876-1923) mahai inguruan hartuko du parte gaur, 19:00etan, Iruñeko Kondestablearen jauregian, Tomas Urzainki eta Aitor Pescadorrekin.

Foruzaletasunetik nazionalismorara pasatzea eboluzio logikoa da, edo hori a posteriori ebaztea da?

Eboluzio logikoa izan zen, baina ez halabeharrezkoa. Foruzale batzuk abertzale egin ziren, baina beste batzuk ez. Foruzaletasuna ez da elementu bakarra abertzale bihurtzeko. Beste bi daude: euskararen inguruko diskurtsoa; norbera foruzalea izan daitekeeta euskara jakin ez edo inongo interesik ez izan. Bestea, gizartearen aldaketa da. Bizkaia industrializatu ez balitz, foruzaletasuna egongo zen, baina abertzaletasunik ez zen izango.

Nola azalduko duzu eboluzioa?

Oso izenburu desegokia jarri digute, hizki larriz idatzi baitituzte Foruzaletasuna eta Nazionalismoa. Foruzaletasunak daude eta nazionalismoak. Alde batean, Arturo Campionen diskurtsoadago. Baina 1918tik aurrera, foruzaletasunetik batzuk espainiar abertzaletasunera jotzen dute, Victor Pradera, kasurako. Eta, bestetik, abertzaleen artean indefinizio handia egon zen Eli Gallastegi azaldu arte.

Nola uler daiteke mende hasierako foruzale batzuk nazionalista espainiar bihurtzea.

1918ko egoeran ulertu behar da: Lehen Mundu Gerraren amaiera zen, eta foruzale tradizionalista batzuek, karlismoaren ingurukoek, ikusten dute foruzaletasuna separatismoa bilakatzeko arriskua. Haientzat, foruak baino lehen, Espainia dago, eta foruzaletasuna espainiar izateko modu bat da. Jeltzaleek orduan Autonomia planteatzen zuten; hori tradizionalistentzat gauza modernoa zen, eta ez zuten gustuko. Orduan maximoen egitasmo bat eratu zuten: foruak berreskuratu edo ezer ere ez.

Apropos egin zuten «ezer ere ez» horretan geratzeko?

Aurreratze bat dago hor, eta gerra zibilean argi ikusten da: nahiago dute ezer ere ez foruak baino. Karlistak eroso zeuden frankismoaren mende, eta ez zituzten eskatu.

Espainia zentralismoa berriz ezarri nahian dabilen honetan, eztabaida berriz zabaldu da.

Ez da berria. Foruen historia Espainiako agintarien eta euskal lurraldeen arteko tentsioaren historia da. Tentsio hori ez da desagertuko. Burujabetza nahi dutenek hiru aukera dituzte: indarra, oso gehiengo zabala lortzea edo Espainiarekin itunak eginez moldatzea.

Lehen eta azken bideak jorratuak ditugu. Kataluniak ez al du beste bidea erakusten?

Kataluniak euskal lurraldeek baino 200 urte lehenago galdu zituen foruak, baina azken urteotan ikusi da han badagoela gehiengo zabal bat gaurko egoerarekin ados ez dagoena eta irtenbide argi eta zehatza daukana. Juridikoki ez dute ibilibide handirik, baina gehiengo horrek tinko jarraitzen badu, aukeraren bat badago. Euskal Herrian ez dut halako gehiengorik ikusten.

Baina Katalunian ere ez zen ikusten duela urte batzuk.

Ez dakit horren azkar gertatu den han aldaketa, baina aurrera egitekotan horrek eskatuko luke Espainian PP ez egotea gobernuan, eta, zoritxarrez, ez dakit hori posible izango den hurrengo bi urteotan. Hemen ez dut ikusten bide hori zabalik epe motzera. Baina, badakizu, historialariok etorkizunari buruz aritzen garenean, nahastu egiten gara beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.