Kataluniako euskal herritarren begirada

'Inbidia' hitza asko aipatzen dute Katalunian bizi diren euskal herritarrek Kataluniako prozesua aipatzerakoan. Oso gertutik erreparatu diote ekinaldiari; areago, batzuk haren parte ere badira. Arrazoi ezberdinengatik iritsi dira Kataluniara, baina orain herri beraren etorkizunak elkartu ditu.

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako ekitaldia, aurtengo Diadan. ORIOL CLAVERA.
Donostia
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Erreferenduma ate joka dago Katalunian; trabak traba, igandean egitekoa du gobernuak. Euskal herritar ugari bizi dira Katalunian, eta haiek ere badute zer esana. Interes handiz bizi dute prozesua.

Parte hartzea da gakoa, hala uste dute euskal herritarrek. Parte hartzeak emango baitio zilegitasuna prozesuari. Hala ere, argi dute igandean ez dela ezer bukatzen. Negoziazio hitza gehienen ahotan dago.

Euskal Herriko egoeraz ere mintzatu dira. Beste fase batean kokatzen dute Euskal Herria. Kataluniatik atera beharreko ikasgaiak ere jarri dituzte mahai gainean solaskideek.

AITZIBER SALDIAS

Itzultzailea (Beasain, Gipuzkoa -Bartzelona)

«Lehen bozkatu beharez zutenak orain bozkatzera joango dira»

«Kataluniara iritsi nintzenean, giza katearen aurreko urtea zen, eta orduantxe egin zuten azkeneko manifestazio normala Diadan, ordura arteko handiena. Prozesuaren bilakaera oso azkar bat ikusi dugu, nahiz eta bazirudien bilakaera horretaz gu bakarrik ohartzen ginela.

Kataluniako neska batekin bizi naiz, eta izugarrizko zirrara nabari zaio. Inbidia ematen du. Nire pisukidea Calellakoa da [Bartzelona], eta han Guardia Zibilak herrian zehar ibili ziren Espainiako banderekin desfile moduko bat egiten. Pisukideak kontatu zigunez, amonak esan zion hori ez zela sekula pasatu Calellan. Egoera horrek eraginda, lehen bozkatu behar ez zutenak orain bozkatzera joango dira.

Azken urteetan asko handitu den konplizitate eta konbentzimendu handi bat dago Katalunian. Euskal Herrian, aldiz, alderantzizkoa gertatu da.

Kataluniako lagunek ez dute ulertzen Kataluniaren alde horrelako mobilizazioa egin den herri batean ez lortzea halako mobilizazioa gure herriaren aldekoak egiten ditugunean».

ARITZ GALARRAGA

Literatura irakaslea unibertsitatean (Hondarribia, Gipuzkoa - Bartzelona)

«Euskal agintariak gertatuko denaren esperoan ikusten ditut»

«Jakin-min handiarekin bizi izan dut prozesua. Zer gertatzen ari den, zer gertatuko den, nik uste dut momentu politiko apasionantea dela, zure pentsamendua dena delarik ere.

Katalanak oso jende lasaia eta zibilizatua dira. Errepresioak ez du eragin bereziki, ez dakit gainera urriaren 1eko galdeketa baldintzatuko ote duen: jendeak botoa ematea edo ez ematea; edo botoaren norabidea bera ere. Jendea nahiko lasai sentitzen dut.

Ate guztiak irekita daude orain, eta denetarik gerta daiteke; hau da, negoziazio prozesu bat hastea Espainiako Gobernuarekin auskalo zer lortzeko. Galdeketaren biharamunean ate guztiak irekita egongo dira oraindik. Asko baldintzatuko dute galdeketaren emaitzak eta egunaren gorabeherek.

Katalanen erreakzioak ere harritu nau. Guardia Zibilaren edo indar polizialen presentziari nola erantzun dioten. Ez bakarrik modu baketsuan, baizik eta modu umoretsuan, irudimena erabiliz. Erresistentzia modu hori ere akaso esportatzeko modukoa da.

Bestetik, euskal agintariak gertatuko denaren esperoan ikusten ditut».

JAVIER DIAZ NOCI

Komunikazioko katedraduna(Gasteiz - Bartzelona)

«Veneziako komisioaren araberako baldintzakez dira beteko»

«Nik lasai bizi izan dut prozesua. Baina ikusten dut bi aldeetan kontuak ez direla ateratzen. Rajoyren gobernuak pentsatzen badu suflea horrela jaitsiko dela, kontuak oso oker atera ditu. Independentismoak ere gaizki atera ditu kontuak. Gehiengoak aipatzen ditu, baina azkeneko hauteskundeetan %47,8 inguruan geratu ziren independentziaren aldekoak. Gainera, independentzia zaleen artean denetariko iritziak daude. Batzuek, kosta ahala kosta, independentzia nahi dute, baina beste batzuek duintasuna eta errespetua nahi dituzte. Negoziazio horretan indarra edukitzea. Hau negoziazio batekin bukatu behar baita nahi eta nahi ez.

Orain, badago borroka bat errelatoaren alde. Hau da, nork egiten duen errelato erakargarriena. Momentu honetan, independentismoa ari da irabazten. Faktore juridikoa, aldiz, galdu egin du. Demokraziaren alde ez dakit nik haustura lege bat onartu ote daitekeen, gehiengo absolutu bat eduki gabe.

Ikuspuntu juridiko-politiko batetik begiratuta, Veneziako komisioaren araberako baldintzak ez dira beteko erreferendumean. Oso eraginkorra izateko, parte hartzea oso handia izan beharko litzateke. Hori da arazoa. Josep Piquek, PPrekin ministro izandakoak, El Español egunkarian zera esan zuen: 'Momentu batean Kataluniarren %70ek erakusten badute independentziaren aldeko borondatea, hori geldiezina da'. Bat egiten dut ideia horrekin».

GILEN GARTZIA

Politologoa (Deba, Gipuzkoa- Reus, Tarragona)

«Hizkuntzaren kontuak asko eragiten du»

«Katalunian jendea oso konbentzituta ikusten dut. Edozein prozesu politikok funtzionatzeko, ilusioa beharrezkoa da. Hala ere, nire beldurrekin zintzoa banaiz, ia ezinezkoa ikusten dut erreferenduma. Jendea aterako da kalera, eta plazan egingo dute. Baina ikusita zenbat baldintza bete behar dituen erreferendum batek, berme guztiak bete ditzan... Esperantza badut, baina oso zaila ikusten dut.

Agertoki asko ari dira aurreikusten. Zaila izango litzateke horrelako prozesu bat sektore batek bakarrik eramatea aurrera, baina ez dut uste hori gertatuko denik, jende guztia kalean dagoelako. Buruz eta zintzotasunez jokatu dute oraingoz behintzat, eta Puigdemontek hori adierazten du. Berak esan duena egin du.

Herri gisa funtzionatzeko eta artikulatzeko gaitasuna gureganatu beharko genuke. Hizkuntzaren kontuak asko eragiten du. Euskal Herrian subjektu politikoa eraikitzerakoan, hizkuntza ez dugu aintzakotzat hartzen. Eta Katalunian, aldiz, bai. Oso interesgarria da hori».

ANDREA TOMAS

Gizarte hezitzailea(Bilbo - La Cellera de Ter, Girona)

«Antolakuntza oso ona dute, eta perspektibaz lantzen dituzte gauzak»

«Duela zortzi urte, Euskal Herrian beste testuinguru batean geunden, eta Kataluniara etorri nintzenean, hemengo lasaitasunak harritu ninduen. Kultura mediterraneoa oso barneratua dute. Gauzak pentsatuz, patxadaz eta lasaitasunez egiten dituzte, baina sekula gelditu gabe. Ez dute presarik izan. Antolakuntza oso ona dute, eta perspektibaz lantzen dituzte gauzak.

Jendeak uste du erreferenduma egingo dela. Eta gertatu berri denarekin are eta gogotsuago daude. Zalantzak zituen jendeak baiezkoa bozkatuko du orain. Urriaren 1a buruan daukagu, baina 2az ez dugu hitz egiten. Bozkatuko dugu, baiezkoa aterako da, baina gero ez dakit zer etorriko den.

Hasieran, iritsi nintzenean, haiei lezioak ematen hasi nintzen, gauzak nola egin behar zituzten esanez. Baina urteak pasatu ahala, ohartu naiz nik ikasi dudala haiengandik. Patxada horrek bere fruituak eman baititu. Eta pazientziarik eza txarra izan da euskaldunontzat.

Duela gutxi Euskal Herrian egon naiz, eta jendea oso autokritiko ikusi dut, eta guk ere gauza oso onak egin ditugu. Urte askoan Katalunia Euskal Herriari begira egon da, eta orain Euskal Herria dago Kataluniari begira. Etsipena nabari dut euskal gizartean».

MIREN ETXEZARRETA

Ekonomia aplikatuko katedradun emeritua (Ordizia, Gipuzkoa - Bartzelona)

«Kataluniako estatua bideragarria izango litzateke ekonomikoki»

«Ni ez naiz independentista, ezta abertzale espainola ere, hori argi utzi nahi dut. Ez dut independentzian sinesten, ez eta independentzia ezan ere. Nahiago ditut nire esfortzu txikiak gizarte ez-kapitalista baten aldeko lanean erabili. Mugimendu independentistaren bultzatzaile nagusiek ez dute bestelako gizarte eredu bat nahi.

Erreferendumari dagokionez, nik uste dut bozketa moduko bat egongo dela, nahiz eta leku gutxitan edo zehatzetan izan, Kataluniako Gobernuak egin beharra baitauka. Niri beldurra ematen dit indarkeria saioren bat egon ahal izateak bi aldeetatik. Baina oraingoz ez dago ezer. Oso garrantzitsua iruditzen zait garbi geratu dadila gaur egun oraindik lasai bizi garela Katalunian.

Ekonomiari dagokionez, Kataluniako estatua bideragarria izango litzateke ekonomikoki, ziur nago. Katalunia espainiar estatuko zatirik aberatsenetakoa da. Zenbait doikuntza arazo izan litzake, baina ez aurrekoan beste ministro hark zioen bezala, BPGaren %30 galduko lukeela. Arazo larriena, aldiz, Espainiak izango luke, bere herrialdearen zati oso garrantzitsu bat galduko bailuke. Gainera, ez dut uste atzerriko kapitalak alde egingo lukeenik».

GUILLEM ORMAZABAL

Zuzenbide Prozesaleko katedraduna (Bilbo - Girona)

«Positibotasuna izan da arrakastaren gakorik garrantzitsuenetakoa»

«Urtez urte ikusi nuen independentismoa gorantz zihoala. Zazpi-zortzi urtean asko igo da. Igoera, ordea, ez da egun batetik bestera gertatu: nolabaiteko prozesu bat izan da.

Presioa nabari da estatuaren aldetik, eta hori beren posizioetarako oker handi bat izan da. Hemen jende grisa badago, ez dira denak independentziaren aldekoak edo kontrakoak, tartean ere badaude koloreak, gauzak ulertzeko moduak... Baina, errepresio ekintza horiek ikusita, jende asko oso markatuta ez zegoena orain bozkatzearen edo independentziaren alde jartzen ari da.

Gobernua bi metodoak erabiltzen ari da: batetik, indarrezko metodoak erabiltzen ditu, bahitzen ditu hautetsontziak, kartelak edo afixak... Baina, bestetik, gero ez dakit zenbateraino eramango dituen ekintza hauek azken bururaino. Ez dut uste ezinezkoa izango denik bozkatzea, Poliziak ezin baititu bozkaleku guztiak kontrolatu, asko baitira. Nahiz eta aurrez trabak jarriko dituzten, gero ez dut uste hauteskunde egunean bertan Poliziak hauteslekuak ixten ikusiko ditugunik. Ez baitzaie interesatzen irudi hori ematea nazioartean.

Bestalde, independentistek kanpaina oso ona egin dute. Positibotasuna izan da arrakastaren gakorik garrantzitsuenetakoa. Ez bakarrik erreklamazioaren filosofia, baizik eta baieztapenarena.Proiektuek, positiboki planteatuta, ilusioa erakartzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.