Katalanez grabatutako filmak eskaintzen hasi da Netflix

Interneteko operadoreak 'Incierta gloria' filma erosi du. Euskal Herrian katalanezko hiru film ikus daitezke Netflixen, baina euskarazkorik ez

36ko gerran girotuta dago Agusti Villarongaren Incierta gloria katalanezko filma. TV3.
urtzi urkizu
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Netflix Interneteko operadoreak askotariko telesailak eta filmak ditu katalogoan, eta horien artean badira katalanez grabatutako hiru pelikula. Atzotik, katalanez egindako beste pelikula bat ikus daiteke munduko herrialde askotan, jatorrizko hizkuntzan, azpidatziekin: Incierta gloria. Ordainpeko enpresen eskubideengatik, ordea, Euskal Herrian, Frantzian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian ezingo da ikusi 2018. urtera arte. Munduko gainontzeko herrialdeetan, Netflixek ikusteko moduan du jada Incierta gloria.

Agusti Villaronga zinemagileak zuzendu du Incierta gloria, Joan Salesen liburu batean oinarrituta. Martxoaren 17an estreinatu zuten zinema aretoetan. Datozen hilabeteetan, Euskal Herrian Movistar+ ordainpeko plataforman ikusi ahalko da. 36ko gerran dago girotuta, eta Aragoiko (Espainia) frontean garatzen diren adiskidetasun eta maitasun istorio batzuk ditu ardatz. Aktore protagonistak Nuria Prims, Marcel Borras, Oriol Pla eta Bruna Cusi dira. Rol txikiagotan ari dira Juan Diego eta Terele Pavez. TV3en eta Massa d'Or Produccions ekoizpen etxearen artean egindako filma da, etaRTVEk, Movistar+ek eta Aragon TVk babestu dute.

Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian, gaur egun katalanezko hiru film ikus daitezke jatorrizko hizkuntzan Netflixen: Silva Quer zinemagilearen Febrer (2004), Enric Folchen Tempus fugit (2003) eta Isaki Lacuestak eta Isa Campok zuzendutako La propera pell (2016). Febrer filmaren kasuan, menuan ageri da soilik gaztelaniazko audioa duela, baina badago aukera katalanez ikusteko, gaztelaniazko azpidatziekin.

Plataforma per la Llengua elkarteak ohartarazi duenez, Netflixeko bilatzailean ezin da katalanezko pelikularik topatu. «Ondorioz, katalanez dauden film gutxi horiek gaztelaniaz bilatu behar dira».

Iazko martxoan, Netflix Spainek bost film jarri zituen katalanezko audioarekin —Deaplaneta banatzailearen filmak ziren guztiak, katalanera bikoiztuta—. Euskarara bikoiztutako marrazki bizidunetako film bat ere jarri zuen: Planet 51. Horiek guztiak kendu egin zituen gero plataformak katalogotik. Berriro jarri duten bakarra The Pianist da, baina dagoeneko ez du katalanezko audioa eskura.

Plataforma per la Llenguak adierazi du Netflixek ez duela katalanezko film bakar bat ere azpidatzi, eta, gainera, Kataluniako administrazio publikoaren diruarekin katalanera bikoiztu eta azpidatzi diren filmak ez dituela baliatzen.

Iazko martxoan, Netflixek euskarara bikoiztutako lehen filma jarri zuenean, Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi zuten gogoeta egiten hasiak zirela Interneteko plataformen gaiaren inguruan. Baina orduz geroztik ez du gobernuak erabakirik jakinarazi.

Katalanezko telesailak

Katalanezko film gutxi batzuk ez ezik, Netflixek Merli katalanezko telesaila du erosia. TV3 kateko telesail hori iazko azaroan erosi zuen Interneteko plataformak, Latinoamerikan eta Ameriketako Estatu Batuetan emititzeko —AEBetan 50 milioi harpidedun baino gehiago ditu operadoreak—. Eduard Cortesek zuzentzen du telesaila, eta Francesc Orella aktoreak jokatzen du rol protagonista. Aurten grabatu dute hirugarren eta azkeneko denboraldia. Euskarara bikoiztuta ere ikusi ahalko da telesaila urtarriletik aurrera, ETBn. Aurretik, Espainiako La Sexta kateak eta Frantziako Canal+ek erosi zuten Merli.

Badira katalanezko beste telesail batzuk TV3ek nazioartean saldu dituenak: Pau Freixasen Polseres vermelles Frantzian, Errusian, Alemanian, Mexikon, Kanadan eta AEBetan egokitu dute, besteak beste; Nit i dia Erresuma Batuko Channel4 kateak eta AEBetako SVOD plataformak erosi dute; Cites Frantziako Legardere taldeak erosi du; eta Kubala, Moreno i Manchón telesailaren hiru denboraldiak AEBetako VME kateak erosi ditu.

Kataluniako telebista publikoaren arabera, telesail katalanak bere unerik onenean daude: batetik, TV3eko emanaldietan eta nahieran zerbitzuan ikusle asko dituztelako, eta, bestetik, nazioartean harrera ona dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.