Katalan hiztunek katalanezko hedabideak ikus ditzaten

30.147 sinadura aurkeztu dituzte Bruselan, katalanezko ikus-entzunezko kateak hizkuntza hitz egiten den toki guztietan ikusteko eskatuz

Marga Payolak 30.147 sinadura aurkeztu zituen Europako Batzordean, ostegunean. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Plataforma per la Llengua gobernuz kanpoko erakundea urratsak egiten hasi da Europako Batzordean, erakundeek erraztu eta bultza dezaten katalanezko ikus-entzunezko komunikabideak katalanez hitz egiten den eremu geografiko guztietan ikus eta entzun daitezen. Bide horretan, Marga Payola plataformako nazioarteko arduradunak 30.147 sinadura aurkeztu zituen ostegunean Europako Batzordean, Bruselan; lau hilabetean jaso dituzte sinadurak, aipatutako eskaera babestuz.

El català, sense fronteras kanpaina jarri zuen martxan sinadurak jasotzeko. «Oso pozik gaude katalan hiztunek kanpainari eman dioten babesarekin. Katalan hiztunen eskaera dagoela ikusi dugu, auzia konpontzeko», adierazi du Payolak. Era berean, www.estimoelcatala.cat webgunean sinatzeko aukera dago oraindik, eta babesa ematen ari diren herritarren kopurua handiagotzen ari da egunez egun.

Plataformak Espainiako, Italiako, Frantziako eta Andorrako gobernuei zein estatuetako gobernu autonomikoei eskatu die teknologikoki eta legez bideragarri egiteko «elkarrekikotasuna», hau da, katalanez hitz egiten den toki guztietan posible izatea katalanezko ikus-entzunezko hedabideak jasotzea. «Europako araudien arabera, estatuek erraztu egin beharko lukete beste estatu bateko hedabideak jasotzea, hizkuntza eskubideak bermatuz», gaineratu du plataformako bozeramaileak.

Hutsuneak toki askotan

Katalanez hitz egiten den lurraldeak Valentzia, Aragoiko parte bat, Katalunia, Balear uharteak, Alguero (Sardinia), Ipar Katalunia eta Andorra dira. Valentzian ezin dira ikusi katalanezko telebistako kateak —Valentziatik emititzen duten bi irrati baino ez dira entzuten katalanez—, ezta Sardiniako Algueron ere; Aragoiko katalan hiztunen partean partzialki ikus daitezke bost kanal publiko, baina gainontzeko guztiak ez; Andorran TVCko bost kanal ikus daitezke; Balear uharteetan TV3 partzialki ikusten da, TVCko beste hiru kanal ikusten dira, baina gainontzekoak ezin dira jaso; eta Ipar Katalunian TV3 katea baino ez da ikusten, eta ez eremu guztietan ezta etxe denetan ere. Katalanezko irrati batzuk partzialki entzuten dira Ipar Katalunian.

Plataformako ordezkariak nabarmendu du Europako ikus-entzunezko 2010/13/UE zuzentarauakhaien eskaerekin bat egiten duela. «Horregatik Europako Batzordeari eskatu diogu auzia begiratzeko, eta estatuek ez badituzte arauak betetzen, ekimena hartzeko».

Plataformak aldarrikatzen duen eskubidea jasoa dago baita ere Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunean. Espainiak sinatua eta berretsia du gutuna; Frantziak sinatua bai, baina berretsi gabe; eta Italiak Frantziak bezala sinatua bai, baina berretsia, ez. «Gutuna Europako Kontseiluaren menpe dago, eta, horregatik, eskaera Europako Kontseiluko Giza Eskubideen mandatariari ere egingo diogu».

Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak horrela dio: «Gutuna berresten duten estatuek konpromisoa hartzen dute auzoko herrialdeetako irrati eta telebista emisioak jasotzeko askatasuna bermatzeko, hizkuntza bera denean edo hizkuntz gutxitu bat denean, eta ez dituzte galaraziko auzoko herrialdeetako irrati eta telebisten emankizunak».

Estatuen konpromisoez harago, Payolak uste du jasotako sinadurek erakusten dutela katalan hiztunen eskaera «argia» dagoela egoera konpontzeko. «Gu herritar horien bozgorailua izango gara». Plataformako nazioarteko arduradunak oroitarazi du Finlandian suediar hiztunek jasotzen dituztela suedierazko kanalak eta Belgikan ikusten direla nederlanderazko kateak. «Horrenbestez, ez gara ari ohiz kanpoko ezer eskatzen. Europako gainontzeko biztanleen eskubideak nahi ditugu, egoera berean dauden beste hiztunek bezala nahi dugu bizi. Izan ere, Europan badaude hizkuntza gehiago estatuetako mugak gainditzen dituztenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.