Asteburuko proposamenak

Kasualitaterik ezari bertsotan

Feminismoa oinarri hartuta sortu ziren 'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatuak; egun, geroz eta ohikoagoak dira halako formatuak. Bihar eginen dute urteko azkena, Altsasun.

'Ez da Kasualitatea' bertso saioa, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA / FOKU
'Ez da Kasualitatea' bertso saioa, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iratxe Muxika
2024ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Urte bukaeraren atarian ohikoa izaten da kaleak, plazak eta etxeak ohi baino goxoago jartzeko ahaleginak egitea. Epeltasun horren saiakeran, bertsolaritzak ere janzten ditu saioak argiz eta musikaz. Saio horiek, baina, badute ezaugarri bat akaso bertze espresio linguistikoek betetzen ez dutena: fisikoki apaintzeaz gain, barrenetik goxatzen direla bereziki. Kasualitatez edo ez, azken urteetan Gabonek bertso musikatuak ekarri dituzte, eta halaxe egin dute aurten ere. 

Asteburu honetan ere egonen da halakorik ikusteko aukerarik: bihar, Sustrai Colinak eta Imanol Uriak bertso jira musikatua eginen dute Erandion (Bizkaia); larunbatean, Lizartzan (Gipuzkoa), Maialen Akizu, Oihana Iguaran eta Alaia Martin arituko dira bertsotan, Ixak Arrutik eta Gari Otamendik musika eta Aimar Karrikak gaiak jarrita; eta Soraluzen ere (Gipuzkoa) etzi eginen dute saio musikatua, kantuan Josune Aramendi, Beñat Gaztelumendi, Miren Artetxe eta Ane Labaka, eta, musikan, Araitz Bizkai eta Oihana Landa izanen direla. Gaiak jartzen, berriz, Ainhoa Urien arituko da. 

Mota anitzetakoak izan daitezke saio musikatu horiek, baina eredu berari jarraitzen diote denek: Ez da kasualitatea bertso saio musikatuarenari. Duela hamabortz bat urte inguru sortu zen, eta izena ere ez zuten kasualitatez aukeratu. Halaxe kontatu du Amaia Agirre bertsolariak: «Martxoaren 8 bateko bertso saioa antolatzen ari ziren, eta generoaren gaiaz ari zirela 'ohiko saioetan ezer ez da kasualitatea', esan zuen gai jartzaile arituko zenak; hortik datorkio izena». Maiz aritzen da Agirre saio horietan gaiak jartzen. 

«Aukera ederra izaten da ahalduntze bertso eskolan hausnartu eta elkarbanatu izan ditugun gaiak, beldurrak eta galderak oholtzaratzeko»

AMAIA AGIRRE Bertsolaria

«Zerbait berezia» egin nahi zuten, eta halaxe gehitu zioten musika bertsoari; saioa, azkenerako, berezia atera zitzaien. «Gerora ohartu gara ohiko saioetara joaten ez zirenak eta bertsolaritzatik urrun zeuden entzule berriak ere hasi zirela joaten; besteak beste, kantuan emakumeak soilik ari zirelako eta lantzen ziren gaiak ere interesekoak zituztelako», azaldu du Agirrek. Ordura arte hain ohikoak izan ez ziren gaiei heltzen hasi ziren, eta entzuleek eskertu egin zuten haien ausardia. Urteek eta saioek aitzinera egin ahala, Ez da kasualitatea formatuaren izaera propioa garatu zuten, eta, gaur egun, oholtzan izateko modu bat bihurtu da: jarrera bat. 

Feminismoa ardatz hartuta sortutako saioak dira, eta, gainerako oholtzekin alderatuz gero, bistakoa da «ohiko saioetan» bertsolariak «zeharkatzen ez zituzten gaiak» arakatzen dituztela. Ustezko gai unibertsalak «irauli» egiten dituzte, eta lekua ematen diote hor egon nahi duenari. Oholtzan bertsolariak seguru eta gustura egon daitezen saiatzen dira Ez da kasualitatea-n; halaxe deskribatu du Agirrek ere: «Leku segurua dira; saretzen eta ahizpatze baten ahalduntze ariketarako oholtzak».

Entzuleekin harreman «berezia» sortzen da halako saioetan, hartzaileak ere konplize bihurtzen baitira. «Horrek asko errazten du gure lana», Agirrek dioenez. Musikatua izateak ere eragina du horretan: «Batzuetan klima berezi-berezi bat sortzen da».

Gorputz eta buru barrenean dirauten gaiak oholtza gainera ateratzen dituzte, bertzeak bertze, elkarrekin partekatzeko. «Aukera ederra izaten da ahalduntze bertso eskolan hausnartu eta elkarbanatu izan ditugun gaiak, beldurrak eta galderak oholtzaratzeko, baita gorputz disidente eta harreman hegemonikoez gain periferia erdigunera ekartzeko abagunea ere». 

Ortziralean, Altsasun 

Bihar izanen da urteko azken Ez da kasualitatea bertsosaio musikatua, Altsasun (Nafarroa), eta Agirrek berak jarriko dizkie gaiak Miren Artetxeri, Alaia Martini eta Sarai Roblesi. Ohi duten eran, Ixak Arruti eta Gari Otamendi arituko dira bertsolariak musikarekin laguntzen. Gaiek testuingurura, egoerara eta oholtzara egokituak izan behar dute, eta doinuak saio bakoitzerako espresuki aukeratzen dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.