Kartak eta historia, bere bi zaletasunak, gurutzatu, eta Kartherria karta sorta sortu du ekimen propioz Ekaitz Zabaltzak (Iruñea, 1992). Bere zaletasunei begira ez, ordea, kanporako soarekin ondu du proiektua. Zabaltzaren hitzetan, «nazio ikuspegiari begira eta gure historiarekiko konpromisoarekin». Betitik karta bildumen zalea izan dela dio Zabaltzak. Ezagunak egiten zaizkio guztietariko gaiak jorratzen dituzten karta sortak, eta horiek izan ditu, hain zuzen, Kartherria sortzeko inspirazio eta eredu. «Helburua, bereziki, gure historia haur eta gazteei gerturatzea da; modu arin batean Nafarroako konkistaren gertakari eta pertsonaia nagusiak ezagutzeko oinarri bat eskaintzea, jolasaren bitartez».
Mus jokoko karta sorta bat da, finean, Zabaltzak oinarri gisa hartu duena. Berrogei karta eta lau palo ditu, beraz. Karta bakoitzak marrazki berezi bat eta bere azalpen laburra daramatza. «Karta jokoaren jatorrizko ordena jarraituz, kronologikoki 1512ko konkista eta hurrengo urteetako deskonkista saiakerak laburbiltzen dituzte kartek. Hasierako idea palo bakoitza bandoka banatzea zen, baina bistan da batzuentzat karta asko izango zirela, eta besteentzat ez nahikorik».
Beste modu batean antolatu du sorta azkenean; palo bakoitzari gertakari historiko bat lotuta: 1512ko konkista da urrea; 1516ko deskonkista saiakera ezpata; 1521-22ko deskonkista saiakera kopa —hor dira, esaterako, Noaingo guda eta Amaiurko guda—; eta konkistaren azkeneko fasea, «errepresio finala», bastoiek jasotzen dute. Horien barruan, karta bakoitzak pasarte esanguratsu bat aurkezten du; adibidez, bateko urreak kontatzen du Albako dukea harresiak zeharkatzen Iruñean sartu zenekoa. Gertakariak jasotzen dituzte karta gehienek, baina baita konkistaren borrokatan esanguratsuak izan ziren lekuak —Amaiurko eta Xabierko gazteluak, kasurako— eta pertsonaiak ere.
Martin Altzueta Martintxo ilustratzaileak egin ditu marrazkiak. Duela bost urte, Nafarroako konkistaren urteurrenean, Amets urratua komikia egin zuen marrazkilariak Joseba Asironekin batera; eta duela bi urte, Txalaparta argitaletxeak kaleratutako 50 fechas clave de la conquista de Navarra (Nafarroako konkistaren 50 data giltzarri) historia liburua ere ilustratu zuen Altzuetak. Lan hori hartu du oinarri gisa Zabaltzak karta jokoaren pasadizoak hautatzeko. «Konkistaren estetika Martintxoren marrazkiekin erlazionatzen dut». Diseinua Igor Zabaltzak egin du.
Benetako erregeak
Gertakariak kartetan kokatzeko lanean, zailena txota, zaldi eta erregeen kartak pertsonaia historikoekin ezkontzea izan dela dio egileak, eta erregeetan errege historikoak jartzen saiatu dela. Esaterako, urrezko hamabikoan Joan III.a Albretekoa ageri da Iruñea askatu nahian, eta, ezpatakoan, Joan bera eta Katalina I.a Biarnon erbesteratuta. «Lotuta daude karta guztiak. Azkeneko karta Henrike II.a Albretekoa da, Joan eta Katalinaren semea, Madrilgo espetxetik ihes egiten duenean».
Museko kartak izanda, «edozein» karta jolasetan aritzeko erabil daitezke kartak. «Funtzio historikoak ez du jolasa oztopatzen». Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak material didaktiko gisa onartu du Kartherria, eta pozik hartu du berria egileak. Bidenabar, aurreratu du Durangoko Azokan karta sorta Txalapartaren mahaian egongo dela.
Kartetan konkistarekin
Nafarroako 1512ko konkistaren eta hurrengo deskonkista saioen berri ematen duen 'Kartherria' karta sorta osatu du Ekaitz Zabaltzak. Martintxo marrazkilariak egin ditu irudiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu