Karten «erreminta kutxa» bat

Karta sorta berean hainbat joko batzen ditu Tarokak, hitzei eta errimei lotuta. Modu lehiakorrean, kooperatiboan edota literarioan aritu daiteke, baita tarotean ere.

Txakur Gorriak diseinatu ditu kartak. TAROKA.
ane insausti barandiaran
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Parekoaren etorkizuna iragartzeko, talde lanean istorio bat osatzeko, elkarren aurka lehiatzeko, edo denen artean helburu bat lortzeko. Hori guztia egiteko baliatu daiteke Taroka, errima joko bertsoterikoa jolasa. Kartak ditu oinarrian, baina ez da joko soil bat: hainbat joko daude karta sorta berean.

Bi definizio posible eman dizkio Xabier Landabideak, Tarokaren sortzaileetako batek. «Definizio estua litzateke karta joko bat, hau da, lagunekin, gurasoekin, kotxean... jokatzeko diseinatu dugun karta joko bat, eskuliburu bat dakarrena, joko arauekin». Baina berak definizio zabalago bat ere proposatu du: «Esango nuke dela erreminta kutxa bat, aukera asko eskaintzen dituena: errimatzen ikastea, bertsolari txapelketarako prestatzea, edateko joko bat asmatzea...».

Kutxa magnetiko baten barruan dator jokoa, eta bi elementu nagusi ditu: kartak eta hitzak. Hitzak, normalean, errimari lotuta egongo dira, baina errimarik gabe ere jolastu daiteke. Are gehiago, errima mailak proposatu dituzte, denek erabiltzeko modukoa izan dadin: «Ez genuen nahi inork pentsatzea errimatzaile profesionala izan behar denik edo gaitasun handia izan behar denik errimatzeko orduan».

Landabidearen hitzetan, Atopia rol jokoaren «ondorengo espirituala» da Taroka. 2018an, Durangoko Azokako sormen beka irabazi zuen rol jokoak, eta «oso harrera ona» izan zuen. Atopiarekin lortutako sosak baliatuta erabaki zuten bigarren joko bat sortzea: «Bigarren jokoari begira, pentsatu genuen rol jokoak oraindik gutxiengoa direnez gizartean, errazagoa izan zitekeela karta joko polit bat sortzea, eta hortik hasi ginen lanean».

Orduan jo zuten Txakur Gorriako kideengana, eta proposatu zieten karta joko bat asmatzea, irudiz josita egongo zena. Ordea, Nerea Ibarzabalek berehala proposatu zien karta joko soil izan beharrean, tarot bat egin behar zutela. Begi onez ikusi zuten gainerakoek: «Gutxi gorabehera, bost minutuz egin genuen zalantza, eta erabaki genuen baietz, tarotera jo behar genuela [barrez]».

Lau modalitatetan jolastu ahal izango da Tarokan: modu lehiakorrean, modu kooperatiboan, modu literarioan edo tarotean. Unearen edo taldearen arabera molda daiteke jolasteko modua. Eta, daudenez gain, etorriko direnei ere ateak zabaltzen dizkie eskuliburuak, aldaerak sortuta: «Egokitu daiteke zailtasuna, errimatzeko garaian exijentzia maila igoz edo jaitsiz. Era berean, nahi genuen modalitate bakoitza hackeatu ahal izatea, jendeak beste modu batzuk proba zitzan».

Taroka.eus webgunea ere sortu dute. Orain, karta koloretsu bat soilik agertzen da bertan, konfetiz beteriko orrialdean. Baina Durangoko Azokaren ondoren, jokoa erosteko eta Internet bidez jolasteko aukera eman nahi dute webgunean. Gainera, jendeak sortzen dituen jokoaren aldaeren berri emateko baliatu nahi dute webgunea, horiek kolektibizatzeko eta komunitatearen esku uzteko xedez: «Gustatuko litzaiguke, jokalarien komunitateak sortuko balira, webgunean ere presentzia izatea. Arauak jartzea, denek ikusteko».

Kolektiboki sortzen

Proiektu kolektiboa izan da Taroka, Txakur Gorria, Atopia, Talaios kooperatiba eta Trikimailu jolas dendaren elkarlanaren fruitua baita. Nor bere ikuspegitik abiatzen zenez, prozesua «kaotikoa» izan da, baina baita «gozamena» ere, sortzaileak esan duenez: «Nahastu ditugu zerbait serioa eta kalitatezkoa egiteko nahia, eta, aldi berean, zerbait oso ganberroa. Barre asko egin dugu, gauza ero asko proposatu ditugu, eta saiatu gara horietatik onena hartzen».

Atzetik joko gehiago etorriko diren itxaropenez sortu dute Taroka. Izan ere, oraindik gutxi dira euskarazko jokoak, eta, daudenen artean, gehienak haurrentzako itzulpenak izaten dira: «Denda handi batean sartzen zarenean, Elkarren, edo jostailu denda batean, egia da badaudela lehen baino karta joko gehiago euskaraz, baina oraindik oso gutxi dira; are gutxiago euskaraz sortuak».

Landabideak oraindik ez du jokoa eskuen artean izan, inprentan baitago. Abenduaren 7an, Durangoko Azokan jarriko dituzte salgai, lehenengoz. Ahalik eta kutxa gehien saldu nahi dute azokan, bidalketa gastuak saihesteko. Artekaleko 43. zenbakian izango dituzte, beste hainbat rol jokorekin batera: «Erakusmahaia nahiko frikia izango da azkenean; frikia, zentzurik onenean». Azokaren ondoren, berriz, liburutegi espezializatuetan egongo dira salgai: Donostian, Ebla liburu dendan; Bilbon, Jokerren; eta Iruñean, Katakraken, adibidez. Aurrerago zehaztuko dituzte saltoki gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.