Karten doinu isila

'Musikarta, musika kartetan' erakusketa zabaldu dute Gasteizko Fournier Karta Museoan. Hirurogei karta sortaz osatutako bilduma urrira arte bisitatu ahalko da.

Erakusketa aretoa. Urrira arte egongo da ikusgai. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Erakusketa aretoa. Urrira arte egongo da ikusgai. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko Fournier Karta Museoko erakusketa gela batean, isiltasun arin batek eta argi epel batek giro berezia sortzen dute, eta, hala, bisitaria iraganera eraman. Aretoan, kartak ez dira jokoan aritzeko txartel soilak: denboraren haria irudikatzen duten artelan txikiak dira. Musikarta, musika kartetan izeneko erakusketak, karta zahar eta berrien bidez, soinuaren eta irudiaren arteko elkarrizketa bat proposatzen du; musikaren, jokoaren eta historiaren hari finez jositakoa. Erakusketa urriaren amaierara arte egongo da zabalik, eta iragarri dute Aste Santuan eta urrian jarduera bereziak egingo dituztela.

Erakusketan, Europako hainbat herrialdetako hirurogei karta sorta baino gehiago daude ikusgai, musika gaiak ardatz dituztela. Gelara sartu, eta bada jendea harrituta utzi duen erakusmahai bat. «XX. mendean aldaketa handia gertatu zen musikaren arloan, eta musika konposatzeko eta entzuteko modua aldatu egin zen», irakur daiteke ondoko panelean. Musikariei eskainitako kartak? Elvis Presley, The Beatles eta antzeko izen ezagunak dituzten karta sortak badaude, baita musika klasikoaren maisu handien erretratuak dituztenak ere.

Klasikoen artean, Wagner harpa jotzen ageri den karta bat, eta klasiko bihurtu den Fournier etxeko 7 Herrialdetako Familietako karta jokoa, Jose Luis Lopez gasteiztarrak diseinatua.

Elvis Presley musikariaren kartak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Elvis Presley musikariaren kartak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Harribitxi bat du ondoan, erakusketako preziatuena: Londresen 1780 inguruan argitaratutako Complete Pack of New Cotillons. Europako dantza doinuei buruzko 51 karta, bakoitza bere partitura eta koreografia txikiarekin. Karta sorta horrek Europako hainbat eskualdetako doinuak jasotzen ditu, garai hartako oturuntzen ondoren jotzen ziren partiturak baitira, zenbait instrumentutara moldatuta. Horrez gain, kartak dantza bakoitzari dagokion koreografia edo pausoak jasotzen dituen gida txiki batekin lagunduta datoz.

Erakusketa, ordea, ez da ikustekoa bakarrik: entzutekoa ere bada. Panel interaktibo bati esker, karta bakoitzarekin lotutako doinuak entzuteko aukera dago, Boreas Camara taldeak grabatutako 51 piezaren bidez. Josean San Miguelen moldaketetatik abiatuta, Gasteizko Santa Maria elizan grabatu zuten musika hori. «Santa Marian grabatu genuen, orduan koruan zorua besterik ez zegoenean. Gaueko zortziak aldera hasi eta ordu bata edo ordu biak arte aritzen ginen», azaldu zuten taldeko bi kidek, erakusketaren aurkezpenean.

Kartak gizakien kulturaren parte izan dira mendeetan zehar; entretenimendurako eta jolaserako baliabide bat izateaz gain, istorioen eta edukien euskarri ere izan dira. Arabako Museo eta Arkeologia Zerbitzuko arduradun Javier Fernandez Bordegarairen arabera, «musika eguneroko bizitzan nola txertatu den erakusten duen adibide bat da aurkeztutako erakusketa». Musika artelan eta objektu ugaritan agertu da irudikatuta, eta kartetan ere bai. Erakusketa horretan gogora ekarri nahi izan dute karta egileen lana: diseinu zainduak sortzeko, artista profesionalak kontratatzen zituzten marrazki landuak egiteko. Hori dela eta, karta sorta batzuk «artelan txiki» gisa har daitezke. Musika eta karten irudiak batzen diren tokian, karta horiek ez dira soilik lekukotasun historiko bat: esperientzia estetiko eta kultural bizia ere badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.