Diseinatzaile grafikoa

Naiara Errasti Otaño: «Kartelek jendearen arreta bereganatu behar dute, eta hori koloreen eta konposizioaren bidez lortzen da»

Naiara Errasti Otañoren kartela aukeratu dute Arabako jaiei ongietorria egiteko. Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea da, hogei urtetik gorako esperientzia duena, eta Arabako Mooneki estudioaren sortzaileetako bat izan zen.

Naiara Errasti, joan den astean, Eskoriatzan. BERRIA
Naiara Errasti, joan den astean, Eskoriatzan. BERRIA
unai etxenausia
Eskoriatza
2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Naiara Errasti Otaño (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1975) diseinatzaile grafiko eta ilustratzailea da, tradizioaren eta estetikaren arteko zubia eraikitzen duen sortzailea. Urteetan Gasteizen aritu da lanean, eta lotura estua du bertako kultura eta festa giroarekin. Bigarrenez irabazi du San Prudentzioko kartel lehiaketa: aurten, Araba, jaia has dadila lanagatik aukeratu dute. Haren lanek kolorearen indarra, sinbologia eta ikuspegi garaikidea uztartzen dituzte. Mooneki estudioaren sortzailekide izandakoa da, eta gaur egun bere ibilbide pertsonalean murgilduta dago: diseinu grafikoan, publizitatean eta irakaskuntzan aritzen da.

Zer sentitu zenuen esan zizutenean zure kartela aukeratu zutela? Bigarrenez aukeratu ere...

Ez naiz lehiaketetara aurkeztu zale, baina San Prudentzioko lehiaketa ezberdina da. Diseinatzaile eta artistei deialdia egiten zaie, eta, aukeratutakoak ez ezik, beste guztiek ere ordaina jasotzen dute kartel proposamena aurkezteagatik. Ez da lehiaketa tradizional bat: diseinatzaileen lana baloratu egiten da, eta hori ez da ohikoa.

Aurtengo kartel irabazlea. NAIARA ERRASTI
Aurten aukeratutako kartela. NAIARA ERRASTI
Kartela ikusita, ez da erraza lehen begiratuan elementu guztiak identifikatzea. Zer dago bertan?

Hainbat elementu erdi ezkutuan daude: tronpeta bat, aurpegi bat eta bestelako osagai batzuk. Baina identifika daitezke. Nik batez ere konposizio koloretsu eta zentral bat egin nahi nuen. Kartelek jendearen arreta bereganatu behar dute, eta hori koloreen eta konposizioaren bidez lortzen da. Tronpeta jotzailearen aurpegian, keinu egin diet hainbat gauzari: adibidez, sudurra danborra da. Ondareari eta paisaiei egindako keinuak dira.

Arabako sinboloak goraipatzeko egin duzu lan hori?

Bai, hori da ideia. Sinboloek badute garrantzia, eta ez dira irudi politak bakarrik; nortasuna, oroitzapenak eta tradizioa daramatzate barruan. Horregatik, ahalegina egin dut Arabako paisaia, ondarea eta festaren espiritua modu bisualean islatzen duten elementuak txertatzeko, ikusleak berehala lotura bat senti dezan kartelarekin.

Beraz, ondo ezagutzen duzu Arabako patroiaren eguna.

Oso ondo. Gasteizen egin dut lan urte askoan, eta ondo ezagutzen ditut jaia, tradizioa eta Araba bera. Kartela motibazioa sortzeko egina dago.

Kartela diseinu digitala erabiliz egin duzu, baina zergatik erabaki zenuen paper zimurtuaren testura eranstea?

Hautu estetikoa izan da. Paper zimurtuak zerbait tradizionala irudikatzen du, eta horrek kontraste interesgarria sortzen du diseinu garaikidearekin.

Zure beste lanetan ere uztartzen dituzu tradizioa eta diseinu grafiko garaikidea?

Bai, guztiz. Mooneki estudioan ari ginenean, horretan aritzen ginen, eta horretan jarraitzen dugu: Euskal Herriko dendetan saltzeko ilustrazioak sortzen, euskal paisaia, tradizioa eta kultura modu minimalista batez eta kolore lokalekin lotuta aurkezten.

Errastiren lan bat. NAIARA ERRASTI
Errastiren lan bat. NAIARA ERRASTI
Dena dela, Mooneki proiektua uztea erabaki zenuten. Zergatik?

Bide ezberdinak hartu genituen. Ikuspegi desberdinak genituen, eta hamar urte oso emankorrak izan ziren. Garaia iritsi zen aurrera egiteko eta nork bere ikuspegia garatzeko. Azken finean, hiru arlo ezberdinetakoak ginen, eta bakoitzak bere bideari jarraitu zion.

Zer leku du diseinatzaile grafikoak ilustrazioaren munduan?

Bi arlo desberdin dira. Ilustratzaileak marrazkigintzan oinarritzen dira, baina diseinu grafikoa beste modu askotan jorra daiteke. Adibidez, badaude marrazten ez dakiten diseinatzaile grafikoak, eta ni bezalakoak, artearen mundutik gatozenak. Nik neuk marrazketatik datorren estilo bat aplikatzen dut.

Orduan, nahasketa bat egiten duzu.

Hala da, bien artean nabil. Ilustrazioa eta diseinu grafikoa uztartzen ditut.

Denetariko erreferenteak dituzu, beraz?

Bai, asko. Artearen mundukoak eta diseinu grafikokoak. Etengabe aldatzen ari da mundu hau, eta irudi pila bat jasotzen dugu egunero; horrek ere kutsatzen gaitu.

surfestival
Errastiren ilustrazio bat. NAIARA ERRASTI
Modan dago adimen artifiziala. Zer iritzi duzu?

Zilegi da erabiltzea, eta diseinatzaileok ere baliatzen dugu: ideiak hartzeko, zirriborroak egiteko... Baina legean hutsunea dago, eta mugak jarri behar dira. Artea gal daiteke, eta egile eskubideak babestu egin behar dira. Autore bat dago atzean, eta datu base batean egoteak ez dio horri zilegitasunik ematen.

Konpetentziaren parte bihurtu da, beraz?

Intrusismo handia dago orain. Edozeinek diseinatzaile grafikotzat hartzen du bere burua, baina hori urteetako lana eskatzen duen lanbide bat da: teoria, esperientzia eta eguneroko lana dira hobea izateko bideak. Berehala nabaritzen da diseinu bat profesionala den ala ez.

Publizitatean eta irakaskuntzan ari zara orain. Nondik nora doa zure bidea?

Diseinu grafikoaren munduan beti ibili naiz marken irudiak sortzen, baina gero gainazal eta estanpatuetan espezializatu nintzen. Barne diseinuan ere lan egin dut, modaren alorrean ere bai. Oso irekia da mundua, baina niri gehien gustatzen zaidana marka eta barne diseinua dira.

lotsabako

Joango zara San Prudentzio jaira?
Bai, polita izango da aurtengoa.

Sortzen hasteko, paperean ala pantailan?
Paperean.

Ilustrazio jolastiak ala zurrunak?
Eskatzen didatenaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.