Irabazle irmo bat eduki du Bilboko Aste Nagusiko aurtengo kartel lehiaketak: Azul agosto (Abuztu-urdina) gailendu da, botoen %64rekin. Ebazpenak «zoriontsu» egin du egilea, Mario Larrinaga Mochales (Bilbo, 1999). 2019an ere haren kartel batek irabazi zuen: Gure mundua.
Esan daiteke aurten kolorea dela protagonista nagusia: izenburuan ageri da, eta zeru urdinak kartel erdia hartzen du. Zergatik?
Nire estiloaren ezaugarrietako bat da elementu mordo bat ipintzen ditudala. Kartelari gauza gehiago ipintzen banizkion, banekien gainezka egingo zuela, eta jada jende asko eta mugimendu handia zegoen ilustrazioaren behealdean. Irudiari arnasgune bat eman nahi izan nion, eta zerua iruditu zitzaidan modurik aproposena, abuzturako espero dugun zeru urdin hori. Ironikoki, kartelaren zatirik handiena hartu du azkenean, eta konposizioaren hiru herenen araua bete du.
2019ko irudian ere, Bilbo osoa irudikatu nahi izan zenuen. Zer ekarpen egiten du detaileak?
Ezer falta ez dadila. Hau da, dena ipini ahal badut, edo ia dena, ipintzen dut. Lehen kartelean, Bilboren gehiena ateratzen saiatu nintzen —nahiz eta eraikin batzuk kanpoan utzi—, eta aurtengoan askotariko pertsonak irudikatzen ahalegindu naiz; jatorri, kolore eta estilo askotakoak. Eta Bilboren bereizgarriak diren detaile asko gehitu ditut, Arriagaz aparte. Izan ere, uste dut kartel on bat ezin dela beste inon errepikatu; asko jota, imitatu egin daiteke, edo inspirazio moduan erabili —adibidez, ni 2019ko sanferminetako kartel irabazlean inspiratu naiz—.
Aurten Arriaga plaza aukeratu duzu, eta txupinazoaren unea. Gehiago mugatu duzu?
Bai. Nigatik, Bilbo osoa gehituko nukeen: erraldoiak, musika taldeak, festazale eta jarduera guztiak... Ilustratzen hasten naiz, eta, hain dut gustuko, ezen gauza pilo bat ipintzen dudan, eta azkenean ez da ezer ulertzen. Urdinak lagundu dit irudia mugatzen.
Bilboko jaietako kartel guztietan Marijaia agertzen da; are, batzuetan protagonista nagusia izaten da, edo bakarra. Zurean, ageri da, baina ez nabarmenduta. Gainontzeko elementuen maila berean ipini nahi izan duzu?
Marijaia irudiaren erdian ageri da oraindik, baina ez nuen protagonista egin nahi. Aste Nagusia ordezkatzen duten gauza asko daude, eta nire asmoa zen jaien parte den jendea ateratzea, jaiak urtero ospatu daitezela posible egiten duen jende hori. Marijaiaz apur bat aspertuta nago, eta zerbait ezberdina erakutsi nahi izan dut.
Argazkilaria ere bazara. Nola laguntzen dizu argazkilaritzak ilustrazioen konposizioan?
Kasu honetan, irudiak argazki moduan balio dezake, edo argazki batentzako inspirazio moduan. Esker-eskuin pertsonaia batzuk desenfokatu ditut, eta ematen du konfetia abiadura baxua duen kamera batekin aterata dagoela.
Epaimahaiak nabarmendu duenez, irudia egokia da hainbat euskarritarako: hormetan ipintzeko, pantailan... Sortzeko orduan, irizpideetako bat izan da?
Izan da, bai. Lehen ez nuen kontuan izaten irudia hainbat formatutara moldatzeko gaitasuna: irudi oso kargatuak egiten nituen, eta elementu batzuk ezin ziren laburbildu sakelakorako formatu batean edo formatu horizontal batean. Kasu honetan, erraza da: Aste Nagusiaren izena eta data ken daitezke zerutik, eta ederto irakur daiteke hala bertikalean nola horizontalean.
Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?
Arriaga antzokian atera nituen hainbat iruditan oinarritu nintzen —sarean ez nuen topatzen interesatzen zitzaidan argazkirik, ez zutelako angelu kontrapikatu hori, beheko jendearen ikuspuntua—. Argazki horietatik abiatuta, Procreate aplikazioarekin egin dut ilustrazioa, arkatz digital bat erabilita.
2019tik, zure marrazteko erak eboluzio bat izan du?
Bai, dudarik gabe. Hasteko, 2019ko kartela sakelakoarekin eta atzamarrarekin egin nuen, unibertsitatera bidean; aurtengoa gehiago prestatu dut. Lau urtez ibili naiz Bilboko proiektu batean lan egiten beste bazkide batzuekin —Street Scape, aire zabaleko ihes gelen aplikazio bat—, esklusiboki ilustrazioa eta animazioa lantzen. Lau urte horietan asko ikasi dut maila teknikoan.
lotsabako
Marrazkilari erreferente bat?
Studio Ghibliko Hayao Miyazaki.Marrazteko festa batzuk?
Iruñeko sanferminak.Kartel batean erabiliko ez zenukeen kolore bat?
Laranja. Ez diot loturarik ikusten ezein hirirekin.