Karmele Aranburu kazetaria (Orio, Gipuzkoa, 1957) hil da gaur, minbiziaren eraginez. Herri Irratiko albistegietako burua izan zen 32 urtez. Euskadi Irratiko albistegietan ardura postu bat izan zuen, 2010etik 2013ra —Alberto Surio zen EITBko zuzendari nagusia—.
Era berean, Aranburuk urte luzez egin du lan EHUren udako ikastaroetan. 1996tik 2022ra udako ikastaroetako komunikazio zuzendaria izan zen, harik eta iaz erretiroa hartu zuen arte.
Kazetaritza ikasketak Iruñean egin zituen, Nafarroako Unibertsitatean. Ondotik, Madrilera joan zen ikus-entzunezko kazetaritza ikasketak egitera.
19 urte zituela hasi zen Herri Irratian lanean, 1977an. Handik gutxira, 13:00etako albistegia aurkezteari ekin zion. Horretan aritu zen urte luzez.
Aranburuk pentsatzen zuena esateko ospea zuen. Hala egiten zuen EHUko udako ikastaroetan ere, eta ikasleei esaten zien karreraz aldatzeko. Hala esan zuen BERRIAn, 2015eko elkarrizketa batean: «Fakultatean ez da ezer ikasten. Bekadunekin 20 urte daramat EHUko Udako Ikastaroetan lanean, eta beti esaten diet: 'Oraindik denbora daukazue, alda itzazue ikasketak, ez da berandu'. Fakultatetik Wikipedian adituak besterik ez dira ateratzen».