Egiptologia

Karlos Almorzak hieroglifoetara eraman du euskara

Ehun urte bete dira gaur Howard Carterrek Tutankamonen hilobia aurkitu zuenetik.

Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 26a
12:48
Entzun

Mende bat. Hamaika albiste, gertakari, ezbehar eta aurkikuntza bildu daitezke denbora tarte horretan. Baita jakintza anitz ere. Ehun urte bete dira gaur Howard Carterrek Tutankamonen hilobia aurkitu zuenetik. Ehun urte egiptologiaren zientzia goitik behera aldatu zenetik. Arlo horretan aditua da Karlos Almorza, eta xehe-xehe azaldu dizkio BERRIAri egiptologiari buruzko bitxikeria eta sekretu guztiak.

Zehazki, egiptoerari buruz jardun da Almorza: 5.200 urte dituen hizkuntza bat da, eta lau idazkera mota ditu. Irudiak erabiltzen dira hizkuntza hori idazteko, baina ez da dirudien bezain sinplea. Izan ere, badira idatzi nahiz irakurtzen diren irudiak, baina baita idatzi eta irakurtzen ez direnak ere –laguntzaile fonetikoak eta determinatzaileak dute izena–.

Ikusi gehiago: Egiptoeraren sekretua argitzen

Sistema hori ahal bezainbertze jendek ulertu dezan, joko bat prestatu zuen Almorzak duela hamar urte baino gehiago: Egiptoar hieroglifikoen sekretua? Nik ezagutzen dut hieroglifikoen sekretua. Lan horren bidez, gainera, euskara hieroglifoetara eraman du: jokoak 60 kubo ditu, eta alde bakoitzean marrazki bat dago. Irudi horiekin, euskarazko hitz guztiak osatzen ahal dituzte erabiltzaileek.

Horrez gain, Egiptoera-Euskara Hiztegian eta Naufragoa ipuinaliburuan originaletan idazten diren, baina irakurtzen ez diren hieroglifoak koloretan ikusteko aukera dago. Lehenbiziko aldia da egiptologian gisa horretako zerbait egiten dena. Bi dokumentuak ongi irakurri ahal izateko, GLYPHTRL idazkera mota berezia norbere sisteman sartu behar da.

Ez da lehenbiziko aldia Almorzak euskara eta egiptoera lotzen dituena. 2015ean,Faraoien garaiko egipzieraren eta euskararen lan konparatiboen historia tesia defendatu zuen. Bertan, euskara eta egiptoera lotzen dituzten zenbait teoria aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen ez zegoela harremanik bi hizkuntza horien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.