Kardua oilasko bularrarekin

Kardua oilasko bularrarekin. IKER MARKINEZ
Iker Markinez.
2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Iker Markinezek kardua oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.

Kardua, 1

Kuia txikia, 1

Azenarioa, 1

Porrua, 1

Baratxuriak, 3 ale

Oilasko bularra, 1

Irina

Oliba olioa

Gatza

Piper hauts beltza
1. urratsa

Kardua dugu aste honetako plateraren osagai nagusia, garai honetakoa dugun osagaia. Otsail ingurura arte izango dugu gure baratzeetan. Kardua prestatzeko, lehenik karduaren hosto zatarrenak kendu. Ondoren, karduaren penkak banan-banan askatu eta dituen iletxo eta hariak kendu. Lapiko zabal handi batera pare bat goilarakada irin bota eta urez bete. Gatz pittin bat gehitu, eta berotzen jarri. Irakiten hastean, kardua bota eta nahastu. 45 bat minutuz egosi, su ertainean, baina beti irakiten mantendu. Adi urarekin! Irina duenez, ura erraz irten daiteke lapikotik. Egosteko prozesua amaitzean, sua itzali eta lapikoan bertan gorde.

2. urratsa

Oilasko bularra gehitu, gatzarekin eta piper hautsarekin. Lapiko batean osorik egosi, urarekin eta gatzarekin, 5 bat minutuz. Ondoren, bertan gorde.

3. urratsa

Gainontzeko barazkiak garbitu eta xaflatan moztu, lodi samar. Zartagin batean, plantxan, 4 bat minutuz erregosi, su bizian, gatz pixka batekin eta oliba-olio tanta batekin. Ondoren, gorde.

4. urratsa

Kardua uretatik atera. Oilasko bularra lapikotik atera, eta xafla finetan moztu.

5. urratsa

Ondoren, oilaskoa egosteko erabilitako uretik kazokada bat hartu, eta baita kardua egosteko erabilitako uretik ere. Ontzi batean nahastu biak.

6. urratsa

Zartagin zabal batean oliba txorrotada bat gehitu, eta berotzen jarri. Ondo berotuta dagoenean, barazki guztiak bertara bota, baita kardua ere, eta berotu azkar bat eman, pare bat minutuz. Atera eta plateraren erdian jarri.

7. urratsa

Bitartean, oilasko bularra ere zartagitik pasatu eta platerean jarri. Zartagina sutan mantendu, eta egosteko erabili dugun salda gehitu. Bertan mantendu ondo loditzen den bitartean. Ondoren, platerean zabaldu, barazkien eta oilasko bularraren gainetik.

On egin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.