Helizikultura du izena karakolen hazkuntzak. Ez da jardun ohikoa eta hedatua, baina badira haztegiak Euskal Herrian. Jende batek amorratuta jaten ditu karakolak, nahiz eta ez diren asko gutizia likatsu horiek famatzen dituztenak. Urte osoan jaten dira, baina sanprudentzioak —datorren astean dira— eta Gabonak izaten dira mugarriak. Joana Larak Landak markarekin saltzen ditu bereak, ontziratuta.
Larak ere ez zekien karakolei buruz ezer asko duela urte batzuk arte. Arte Ederrak ikasitakoa da izatez, eta hirukien ama. «Hirukiek bi urte zituztela, langabezian gelditu nintzen. Pentsatu nuen lanbide bat behar nuela, baina seme-alabak nik zaindu nahi nituela. Egun batean, txakurrarekin pasieran nenbilela, irail batean, karakol mordoa hasi nintzen ikusten etxetik gertu, Zamudion [Bizkaia]». Bizkaitarra izaki, bazuten etxean karakolak jateko ohitura. Izeko bati deitu zion: «Nahi duzu karakol batzuk batzea? Zeren hemen pila bat daude!». Eta galdera bat sortu zitzaion: «Ikusten nuenez horrenbeste zeudela, erabaki nuen Bilboko Erriberako merkatuan galdetzea ea han karakolak saltzen zituzten». Azaldu zioten kanpoan bildutako karakolak ezin direla saldu, izan behar dutela haztegi batekoak eta trazabilitatea errespetatuz ekoitzitakoak. «Harrituta gelditu nintzen. Hasi nintzen begira, eta kontuan izanda langabezian nengoela eta nire amak Erandio Goikoan [Bizkaia] lursail batzuk zituela, proiektu bat lantzen hasi nintzen».
Eta aurrera egitea erabaki zuen: haztegia eta ortua jarri zituen, eta Derioko (Bizkaia) nekazaritza eskolara joan zen ikastera. Jarri zen harremanetan Arabako eta Gipuzkoako bi barraskilo ekoizlerekin ere, eta bazkidetzan aritu ziren Gorbea markarekin. Bere kabuz ari da orain Lara. Helix aspersa muller espeziekoak dira bere barraskiloak. Kumeak erosi egiten ditu, eta modu ekologikoan hazi. «Hezetasuna behar dute. Landareekin batera jartzen ditut, eta pentsu egokia eman, oskola gogortzeko. Karakolen kasuan hori baita garrantzitsua: oskola gogor egotea».
«Azoketan ibiltzen naizenean, ia gehienei ez zaizkie gustatzen, eta aurpegi txarra jartzen dute. Amorratua denak, ordea, oso gustuko ditu. Eta betiko bezeroek bezero berriak egiten dizkidate».
JOANA LARALandak enpresaren sortzailea
Banan-banan batzen ditu prest daudenean, eta kontserbategi batera eramaten ditu Errioxara. Ongi-ongi garbitu, eta potoetan sartzen dituzte han. «Nire haztegia oso txikia baita, eta ez daukat bertan lantegirik». Bi formatutan aurkezten ditu: ur gatzatuarekin egosita edo jaki puskekin prestatuta (txorizoa, urdaiazpikoa, hirugiharra eta tomate saltsa naturala). Bizkaiko azoketan saltzen ditu: Gernika-Lumon, Bilbon, Galdakaon, Zamudion... eta BBK Azoka webgunean ere bai, online. Harategiek ere asko erosten dizkiote, eta goi mailako jatetxeak ere baditu bezeroen artean —ez du horien izenik eman nahi izan—. «Azoketan ibiltzen naizenean, ia gehienei ez zaizkie gustatzen, eta aurpegi txarra jartzen dute. Amorratua denak, ordea, oso gustuko ditu. Eta betiko bezeroek bezero berriak egiten dizkidate».