ATZEKOZ AURRERA. Aritz Ganboa. Artzaina

«Kapitalismoak ingurunea eta gizakia bera suntsitzen ditu»

Artzainen ondorengo da, eta artzaintzari lotu zitzaion bera ere. Landa eremu bizia aldarrikatzen du Ganboak beti: berdin Arruazutik Izabara lasterka eginez, berdin ETB1ean agertuz.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Arruazu
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Gazta eskuetan hartuta, Aritz Ganboa artzain arruazuarrak (Iruñea, 1979) lasterka egin zuen Arruazutik Izabarako (Nafarroa) bidea, iaz. Erronka hura Bideak dokumentalak jaso du, eta hilaren 17an estreinatuko dute Iruñean, 18an Izaban, eta 19an Altsasun (Nafarroa).

Erronkariko gazta ona zegoen?

Ez dakit. Trukea egin arren, han gelditu zen. Zozketa egin genuen.

Egun bakar batean egin zenuen ibilbidea. Nola gogoratzen duzu?

Disfrutatu nuen, sufritu ere bai, eta jendea batu zen. Emozio asko izan ziren. Baina, korrika, zure buruak ez du beste ezertan pentsatzen.

Izaban, jende askok egin zizun harrera, heroi baten gisan kasik.

Jende asko zegoen, jende askok parte hartu zuelako erronkan. Irudi horretan ez dago superheroirik; dagoena zera da: elkartuz eta proiektuak partekatuz erronkak aurrera atera ditzakegula, baita ni bezalako memelo batek ere.

Dokumentalarekin, ondareari balioa eman nahi zenion?

Helburu nagusia zen nire arbasoei omenalditxo bat eginez garena eta izan nahi duguna aldarrikatzea: landa eremu bizia. Elikagaiak eskaintzen dizkigu; ezinbestekoa da, baina pentsatzen dut hiritar kulturak bizkar eman diola, eta modu erromantikoan eta folklorikoan bakarrik begiratzen zaiola.

Zergatik egiten da hainbeste lasterka kultur transmisioaren alde?

Ikerketa antropologiko batzuen arabera, korrika egite horrek konpromisoa, lana eta esfortzua islatzen du. Horrek hizkuntzarekin lotura du gurean: Kilometroak, Nafarroa Oinez edo Korrika bera. Zentzu gehiago du ikuspegi horretatik korrika egiteak, kirol eta lehiaketa huts gisa baino.

Kameren aurrean ohituta jada?

Biba Zuek saioan, leiho bat zabaldu nahi zuten landa eremura, eta hasieran beldur pixka bat eman zidan.

Zure artaldea izanen da Euskal Herriko ospetsuena, ezta?

Telebistan agertzeak alde onak eta txarrak ditu, eta ospea ez nuke alde onean jarriko. Balio badu atzean dagoen munduari prestigioa eta balioa emateko, ongi etorria; bakarrik azaleko argazkia erakusten badu, estetika hutsa bada, ez dut nahi.

Ez da ohikoa artzain bat telebistan agertzea. Balioko du aipatu duzun ikuspegi erromantikoa hausteko?

Uste dut kontraesan bat dagoela saioan agertzean: arriskua dugu exotismoan gelditzeko, ez delako ohikoa. Nahiko nuke hori gainditu. Kontraesan horretan, arratsaldero saiakera zintzo, umil eta konprometitua egiten dugu sektoreari eta herriei euren tokia emateko.

Bertako produktuak eta salmenta sustatu ohi dituzu. Aukera hori indartzen ari da pandemiarekin?

Ez nuke horrekin lotuko; egiturazko arazoa da. Merkatu arau askean oinarritutako sistema kapitalistak porrota dakar bata bestearen atzetik. Horrek ingurunea suntsitzen du, baita gizakia bera ere. Horren aurrean, erantzun sozial bat dago, eta eskaintza bat egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.