Idazlea, gidoigilea eta zenbait komunikabidetako kolaboratzailea da Juan Ibarrondo (Gasteiz, 1962), baina ekintzaile politikoa ere bada zenbait herri mugimendutan. Hain zuzen ere, «aktibistentzako gida» bat kaleratu berri du Txertoa argitaletxearekin: Anticuerpos contra el neoliberalismo (Antigorputzak neoliberalismoaren kontra).
Kapitalismoaren birusa aspaldi ari da kutsatzen, ezta?
Metafora bat da; argi dago kapitalismoa ez dela birus bat eta herri mugimenduak ez direla haren kontrako antigorputzak. Bi menderen ondoren, badirudi kapitalismoaren azken fase honek gizartearen eta bioaniztasunaren kontrako kalte handiak dakartzala. Horregatik uste nuen zilegi zela metafora.
Birus hilgarria da?
Ezetz espero dut. Neoliberalismoa harreman sozial bat da; beraz, ez da atzeraezina: gure esku dago aldatzea. Prozesu historiko hau bukatuko da, eta ikusiko dugu harekin batera gizartea ere bukatzen ote den.
Birusak bezala, mutatzeko gaitasuna du kapitalismoak? Zer bihurtzen ari da?
Kapitalismoa beti egokitzen da. Uste dut benetako arriskua dagoela menderakuntza autoritario batean mutatzeko, pandemia honetatik baina baita aurretik ere datozen krisien ondorioz, eta beldurra erabiltzea gizartea menperatzeko eta kontrolatzeko. Ekofaxismoa, neofaxismoa, segurokraten erregimena... gobernatzeko manera horiek ugaltzen ari dira munduan.
Beldurra aipatu duzu, baina zeri?
Desastreari, segurtasunik ezari, balio argien faltari, pandemiei, gerrei eta gosetearen aukerari. Eliteek erabil dezakete beldur hori irudikatzeko haiek baizik ezin dituztela arazoak konpondu.
Kapitalismoaren kontrako antigorputzak garatu ditu gizarteak?
Baditugula uste dut, eta gehiago izan ditzakegu. Pandemiaren aurretik bi helburu nagusi zituzten iraultzak genituen: demokraziaren aldeko borroka eta desberdinkeriaren kontrakoa. Bi gauza orokor dira, baina nahiko ongi biltzen zituzten Beirutetik Santiagora edo Frantziatik Euskal Herrira egiten ziren protestek. Formula alternatiboak bilatzeko atsekabea antolatzen saiatzen ari ziren. Horiek dira antigorputzak: feminismoa, ekologismoa, sindikalismoa, indigenen eta nekazarien mugimenduak...
Pandemia horren kontrako txertorik bada, edo asmatzeko dago?
Ez dago txerto unibertsal bat. Hori XX. mendean probatu zen arazo guziei erantzuna eman nahi zieten ideologiekin, eta ez zuen ongi funtzionatu. Mundua ulertzeko eta aldatzen saiatzeko planteamendu global bat behar da, baina praktikan jartzean mugimendu asko behar dira, txerto txikiak, etsaiari aurre egiteko sareak sortu beharko dituzten borroka ezberdinak.
Nolakoa da etsai hori?
Batzuetan hanka sartzen dugu pentsatuta kapitalismoa izaki gaizto bat dela. Ez da hori: gizarte harreman bat da, eta gu barruan gaude; beraz, harreman hori nola aldatu pentsatu behar dugu. Noski, aurrean elite batzuk ditugu botere ekonomiko, politiko eta militar handiarekin, baina ez dira monolitikoak, eta ez dira gai hari guztiak mugitzeko. Gu gabe ez dira deus. Hori argi izan behar dugu; bestela, adorea eta ekiteko gogoa bazter utziko ditugu.
Zer antzekotasun ikusten duzu Lehenbiziko Internazionalaren eta egungo egoeraren artean?
Rosa Luxemburgek sozialismoa edo basakeria zioen, eta oraindik hala da. Proletarioen internazionalismoa inperioen arteko gerra gelditzen saiatu zen, batez ere. Alde horretatik, orain antzeko egoeran gaude. Oraingoa ez da orduko sozialismo bera; tresna eta ikasbide berriak gehitu zaizkio, baina langileak elkartzeko ideia hori oso beharrezko ikusten dut.
Beldurrak aipatu dituzu lehen. Esperantzarako tarterik badago?
Ez dugu makila magikorik; sorkuntza intelektual eta aktibista kolektibo bat izan beharko du. Gobernantza eta borroka kolektiboetara jo behar dugu, behetik gorakoa. Adostasuna lortu eta elkarrekin aurrera egitea korapilatsua eta motela dela irudi dezake, baina lorpenak sendoagoak dira horrela.
ATZEKOZ AURRERA. Juan Ibarrondo. Idazlea
«Kapitalaren kontra ez dago txerto unibertsal bat»
Krisi handien ondorioz, kapitalismoak, birusek bezala, mutatu egiten duela dio Ibarrondok, eta, orain, autoritarismo bihur daitekeela. Horren kontra, herri mugimenduen babesa aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu