ATZEKOZ AURRERA. Bruna Ruiz eta Ana Arsuaga. Pintalariak

«Kaosa izan zen gure obrak nahastean!»

Bruna Ruizen erretratuak abstrakzioan xerkatu behar dira batzuetan; Ana Arsuagarenak, berriz, gatibatu egiten dute bisitaria. Bi begiradez bat egin dute, Lekunberriko B eta B gunean, agorril hondarrera arte.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Lekunberri
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Lehen begiradak ezin ditu ikusi potretaren begiradak bere baitan gordeak dituen guziak. Soek topo egiten dute: bisitariarena iragankorra da; bertzea, ordea, koadroan betikotua. Potretak ditu juntatu Bruna Ruiz Planella (Bartzelona, 1996) eta Ana Arsuaga Aranbarri (Tolosa, Gipuzkoa, 1994) margolariak, lehenik Bartzelonan, 2020an, eta, orain, berriz, Lekunberriko (Nafarroa Beherea) arte galerian: B eta B espazioan. Erretratuak: ikerketa eta presentzia erakusketa agorrilaren 27ra arte egonen da ikusgai, ortziraletik igandera. Erakusketa bat eta bera, ezin konta ahala begirada.

Erretratua duzue puntu komuna. Alta, zuk, Bruna, irudimena duzu iturburu; Ana, zuk, berriz, inguruko lagunak.

BRUNA RUIZ: Ezberdintasun hori izan da preseski interesgarria. Kaosa izan zen gure obrak nahastean, Bartzelonan hori egiten saiatu baikinen. Norberak arras ezberdinki enfokatzen zuen. Hola ikasten duzu bestearengandik.

Erretratuarena fase bat izan zen, edo aukera bat.

ANA ARSUAGA: Giza figurak pintatzen ditut oraindik, baina puntu narratiboagoaz eta konposaketa konplexuagoaz. Orain, inguruko lagunez baliatzen naiz, baina beste zerbait pintatzeko, ez duela bi urte bezala, potreten ildoan bainintzen.

RUIZ: Zinema ikasi nuen, eta pinturan intuitiboki hasi nintzen, emozioak adierazteko; autodidakta naiz. Niretzat, erretratua zinez garrantzitsua izan da hasieratik, eta hor da oraindik —marrazketan salbu—. Alta, pandemiagatik, eskala ttipitu nuen, eta hori ikertzen ari naiz orain. Sekula ez dakit zer pintatuko dudan koadroa bukatu arte.

Abstrakzioaren itsasoan bilatu behar da erretratua. Zein da ordena?

RUIZ: Geruzaz geruza lantzen dut: tindua ematen diot, igeltsua... Tai gabe galtzen eta arra-aurkitzen nabil, abstrakzioaren eta figuratiboaren artean beti.

Azkenaldian, hondartzako egurrak bezalako materialak biltzen ditut; haien patina zait interesgarri: objektualagoak dira, laket dut haiekin jolastea eta haiek ukitzea. Entseatzen naiz fluidotasun asko sartzen. Gainazalak eman diezadala nolakotasuna: joko bat da. Txikiak badira ere, pazientzia handiko lana da, likidoak denbora behar baitu lehortzeko. Batekin baino gehiagorekin ari naiz lanean batera; ona da hori, kokatua ez egoteko bakarrean, zeren eta frustragarria izanen zatekeen, ez baitakit zeren bila ari naizen.

Frustragarria?

RUIZ: Frustrazio eta ziurgabetasun polita da. Eta istripuak ere maite ditut, zure intuizioari jarraitzen baitiozu: horrek berrestea dakar.

Nola jarraitzen zaio intuizioari?

RUIZ: Pentsatu gabe. Oso sanoa da, ez baitzara nehon. Testuren eboluzioaren araberako aitzinamendua ere bada, oso prozesu polita da, zure baitan baitzaude asko.

ARSUAGA: Beste moduko hausnarketa da: konbentzionala ez, egiazkoa bai. Hori da baliosa eta berezia. Ideiak ailegatzen zaizkizu era zuzen, egiazko eta estetikoan.

Estiloaren bila joan zarete, ala hura zaizue jin?

ARSUAGA: Gauza oso fisikoa eta pertsonala da: zure mugitzeko era, izaera, iraupen gaitasuna, sentsibilizazioa... Ez da erabaki dudan zerbait: hor dago.

RUIZ: Kontzientzia beteko zerbait izan da. Bada denena den lengoaia bat. 2017az geroztik marrazten dut. Ez nekike zein den nire estiloa. Oso polita da ikustea zein diren antzekotasunak eta ezberdintasunak.

Zure koadroetan emozio bilaketa dago. Hasieratik argi duzu hori?

RUIZ: Arras emozionala eta pertsonala zait, ama galdu bainuen haurra nintzela. Uste dut hor dagoena gabezia dela. Oro har, koadro guziek egitura bera dute: espresio bat da, emozio batekin konektatu nahi dut. Batzuetan frustratua naiz, ez baitut hori nahi, baina beti aurpegi bera ateratzen zait. Ez dakit nora eramanen nauen, baina segitzen dut nire baitan enkistatuak diren traumak exorzizatzen.

Ana, argazkietatik abiatutakoak dira pintatzen dituzunak.

ARSUAGA: Niretzat, modu bat da pertsona horretan kontzentratzeko, harengandik atera nahi dudan indarra bilatu eta ateratzen saiatzeko. Zeozer egiazkoa da. Indarra, diot, kontzeptu gisa; xarmaren zentzuan, potentzia, fribolitate horrekin. Horrek erakartzen nau.

Gero, eszenak pintatzean badago distantzia ezberdin bat, ez baitira hain hurbileko pertsona maitatuak. Kasurako, aurretik pentsatutako kontzeptu batekin lotua da. Gaua, maitasuna edo erotismo zera battransmititu nahi nuen hemen, adibidez, ez hainbeste pertsonaren indarra. Pertsona horiek azkenean baliabideak dira beste zeozer esateko.

Surrealismotik ere badu...

ARSUAGA: Artearen historian badira interesatzen zaizkidan keinu batzuk. San Sebastian erdi biluzik eta erotiko egin nahi izan dut hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.