Telesailak

Kaosa, bortizkeria eta odola

1857an girotua dago ‘American Primeval’ telesaila, Utah lurraldean (AEB), eta Mendebalde Urruneko ikuspegi gordin eta iluna eskaintzen du; kolonoen, mormoien, amerikar natiboen eta estatubatuar armadaren arteko tentsioak arakatzen ditu.

'American Primeval' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
'American Primeval' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
gaizka izagirre
2025eko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Lehen minutuetako sekuentzia odoltsuek, naturaren presentzia basatiak eta muturreko egoera batean bizi diren pertsonaiek Alejandro Gonzalez Iñarrituren The Revenant (2015) gogoraraziko diete ikusleei. Ez da kasualitatea: Mark L. Smithek idatzi du telesaila, Iñarrituren film laudatu horren gidoilariak berak. Paisaia elurtuak eta baso gupidagabeak funtsezkoak izango dira naturaren etsaitasuna transmititzeko eta gatazka nagusia aberasteko.

Mendebalde Urrunean girotuta dago telesaila, baina asmoa ez da iragana erromantizatzea edota bizirik irauteko borroka edertzea, justu kontrakoa baizik; dena da izugarri basatia, zikina, gordina eta bortitza. 1857ko testuinguru horren erretratu gupidagabea erakutsiko du: giza bizitzak ez du ia ezer balio. Kaosa, bortizkeria, heriotza eta odola izango dira nagusi western-en, road movie-en, beldurrezko filmen eta biziraupeneko thrillerren elementuak uztartzen dituen lan honetan. Baina biolentzia ez da debaldekoa izango, narratibaren berezko baliabide bat da, istorioak eskatuko duen neurrikoa. Kolonoen, mormoien, amerikar natiboen eta estatubatuar armadaren arteko tentsioak arakatuko ditu.

Zinemaren historian arakatuz gero, oso erraz ohartuko da ikuslea western generoan maskulinitaterik toxikoenak eta kaltegarrienak topatu daitezkeela: Mendebalde Urruneko film gehienetan gizonezkoek soilik izan dute ahotsa eta presentzia. Bada, telesail honetan, ez. Tira, edo ez hainbeste behintzat. Telesail korala da, pertsonaia eta azpi-trama ugari aurkeztuko baitituzte, baina triskantzaren erdian hiru emakume nabarmenduko dira nagusiki: ihesean dabilen bat, Sara (Betty Gilpin); semearekin batera lurralde arriskutsu horietan barrena bidaiatu beharko duen emakume bat, Abish (Saura Lightfoot-Leon) —Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Elizako kide dena—; eta senide bortxatzaile batengandik ihes egingo duen eta gor-mutua den indigena bat (Shawnee Pourier). Pertsonaia nagusi horien inguruan askoz gehiago azalduko dira, baina tramaren xehetasunik garrantzitsuenak emakumeek garatuko dituzte.

Pertsonaien ideologia kontrajarriek dramaren zati handi bat bultzatuko dute, dotrina erlijiosoaren eta sinesmen indibidualaren arteko borroka ardatzean kokatzen baita. Gizakiaren gizatasunik ezari eta kontrako iritzien harira ageri den krudelkeriari buruzko telesail labur bat da, eta ageriko kritika egiten zaio erlijio instituzionalizatuari ere.

Proposamen ezin hobea da istorio gordinak, entretenigarriak eta bortitzak maite dituztenentzat. Baina, egiari zor, gidoia ez da bereziki berritzailea, eta azken txanpako atalak ez dira hasierakoak bezain indartsuak. Telesail aparta da, baina askoz hobea izan zitekeen.

Zenbait pertsonaiaren irudikapena

Ageri diren pertsonaien artean, arreta berezia jarri zaio Ameriketako Estatu Batuetako indigenenirudikapenari, western generoak sarri klixe edo estereotipo bortitzetara murriztu baititu. Horretarako, ekoizleek Julie O’Keefe kontratatu dute, kultur aholkulari indigena gisa. O’Keefek, era berean, tribu garrantzitsuen esperientzia eta ohitura espezifikoei buruz hitz egin zezaketen beste pertsona batzuk ere kontratatu zituen. Esfortzua nabaria da, baina western generoan ikusitako beste izenburuekin alderatuta irudikapena zorrotzagoa eta errealistagoa bada ere, halako pertsonaiak ez dira sakontasunez tratatzen oraindik ere.

fitxa

  • Sortzailea. Peter Berg. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Aktoreak. Taylor Kitsch, Betty Gilpin, Dane DeHaan, Saura Lightfoot Leon eta Joe Tippett.
  • Urtea. 2025.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
  • Generoa. Westerna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.