Kantxako ikuspegia zaleentzat

Ostegunean Baskoniak eta Bartzelonak jokatutako norgehiagokan Google Glass betaurrekoen proba egin zuten. Datorren astean argitaratuko den bideo batean, partidaren atarikoa nola bizi den ikusi ahal izango da.

Gasteiz
2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
NBAn egin zuten proba aurretik, eta orain Europara iritsi da. Ostegunean, Baskoniak eta Bartzelonak Euroligako saskibaloi norgehiagoka jokatu zuten Palau Blaugranan (Bartzelona). Hurrengo fasera begira, bi taldeen etorkizuna erabakita zegoen. Ondorioz, Euroligak Google Glass betaurrekoen proba egiteko aprobetxatu zuen partida.

Baskoniako Andres Nocionik eta Bartzelonako Marcelinho Huertasek erabili zituzten. Partida jokatzen den bitartean jokalariek betaurrekoak erabiltzea debekatua dutenez, hasi aurreko berotze ariketetan eta aldageletan erabili zituzten. Partida jokatzen zen bitartean, epaileak eta talde bakoitzeko talde teknikoko kide banak ere eraman zituzten.

Betaurreko horiek jantzita daramatzanak ikusten duena grabatzen dute. Ostegunean grabatu ziren irudiak oraindik ikusi ezin izan badira ere, datorren astean bideo muntatze bat zabalduko du Euroligak Internet bidez.

Proiektua Bartzelonako La Salle Unibertsitatearen eta Euroligaren arteko elkarlanaren fruitu da. 2012. urtetik ari dira bi erakundeak proiektuak elkarrekin aurrera eramaten. Unibertsitateak, kirol profesionalerako teknologia berriez gain, enpresa kudeaketa eta beste hainbat arlotako ideiak garatzen ditu.

Teknologia berrien alorrean Google Glassen proiektua lantzen ari zirela, saskibaloirako interesgarria izan zitekeela pentsatu zuten. Hala, Euroligako arduradunei aurkeztu zieten proiektua, eta haiek ez zuten zalantzarik izan: «Gu, ahal dugun neurrian, teknologia berriak kirolarekin uztartzen saiatzen gara», dio Diego Fernandez Euroligako komunikazio arduradunak. Gainera, betaurrekoek saskibaloia oraindik ikusgarriago egiteko balioko dutela uste du, eta hori zaleen gustukoa izango dela dio: «Kirol hau barrutik erakutsiko dugu, bere intentsitate osoarekin, eta hori oso erakargarria da».

Betaurrekoek kalitate handiko bideoak eta bost megapixeleko irudiak eskuratzeko aukera ematen dute. Bluetooth eta wifi teknologiekin uztar daitezke, eta ahotsaren bitartez kontrolatu. Kirol arloko erabileraz gain, medikuntzan, ikus-entzuneko ikuskizunetan eta beste hainbat alorretan ere egin izan dira probak. Jende askoren ametsa partida bere osotasunean eta zuzenean kantxa barrutik bizi den bezala ikustea baldin bada ere, hori lortzea zaila ikusten du Fernandezek. Horretarako, telebista guztiekin koordinatu behar dela dio, eta oraindik ez du uste horretarako prest daudenik.

Hala ere, Isidro Navarro La Salle unibertsitateko irakasleak bideragarri ikusten du epe ertain batean, saskibaloi kantxan bertan, atzerapen gutxiko tarte batean Google Glassetik jasotako irudiak emititzea. Horretarako kantxan dauden sakelako telefono eta antzeko teknologia berriek sor ditzaketen interferentziak gainditzeko ikerketa garatzen joan beharko dutela dio. Helburu hori 2015. urterako lortzea posible ikusten du.

Bestalde, aitortu du oraingoz ezinezkoa izango dela jokalariek norgehiagokan betaurrekoak erabiltzea: «Saskibaloia kontaktu fisiko handiko kirola da, eta jokalariei enbarazu egingo diete betaurrekoek». Entrenamenduetan erabili ahal izango direla uste du, ordea.

Entrenamenduetan erabili dituen jokalarietako bat Andres Nocioni da. Argentinarrak adierazitakoaren arabera, pixka bat arraro sentitu da betaurrekoak jantzita, baina ez diote enbarazu handirik egin. Interesgarria iruditu zaio esperientzia: «Saskibaloia bultzatzeko balio baldin badute, ongi etorriak izan daitezela betaurrekoak». Hori bai, argi du lehentasuna kirolak izan behar duela; horregatik, partidetan erabiltzea ez du bideragarri ikusten gaur egun. Agian beste modu bateko teknologia bat garatu beharko litzatekeela uste du. Jakitun da normalean zaleek ikusten ez duten ikuspegi bat erakutsiko dela, eta uste du horrek ikusgarritasunean irabazteko balioko duela. Orain, hura ere ikusmin handiarekin ari da itxaroten datorren astean Internet bidez Euroligakoek zabalduko duten bideoa.

Ikuskizunetik harago

Saskibaloi zaleen ikusmira osteguneko probako irudietatik irtengo den bideoan baldin badago ere, Navarrok uste du ikuskizunetik harago erabilera handia izan dezaketela: «Entrenamenduetan erabili ahal izango dira, eta hainbat datu jasotzeko balioko dute. Horretarako, beste programa batzuekin koordinatu beharko ditugu». Kirol munduan nahiko ohikoak diren besokoek jasotzen dituzte mugimendu, esfortzu eta egoera fisikoaren datuak baliatzea da unibertsitatearen asmoa. Navarrok uste duenez, betaurrekoen irudiak eta datu horiek uztartuta entrenamendu fisikoa definitzeko orduan ezagutza interesgarria jasoko da.

Ikuspegi tekniko eta taktiko batetik ere abantailak ekarriko ditutela uste dute betaurrekoen sustatzaileek. Navarrok dioenez, entrenatzaile zein jokalariek beren mugimendu eta taktikak hobeto ezagutzeko erabili ahal izango dira, ondorengo partidetarako akatsak identifikatu eta zuzenduz. «Oso ohikoa da bideoak erabiltzea beste taldeen aurrean zein estrategia erabili erabakitzeko; bada, betaurreko hauek beste bitarteko bat izango dira horretan laguntzeko».

Aurrera begira

Behin hasierako proba eginda, partaide guztiak gustura gelditu dira. Datorren astean zaleek emaitzarekin gozatzea baino ez da gelditzen. Unibertsitateak ikertzen eta hobetzen jarraituko duela adierazi du Navarrok. Euroliga, berriz, Milanen jokatuko den azken fasean erabiltzeko planteamendua diseinatzen ari da. Fernandezek adierazi duenez, sare sozialak erabiltzeko asmoa dute.

Emaitzak ahalik eta azkarren ikusleen esku uzteko aukera emango luke horrek, eta antolatzaileen asmoa bide horretan sakontzea dela dio Navarrok. Kantxak eman ditzakeen aukerak ere aztertuko dituzte, pantailen bitartez norgehiagokan bertan irudi batzuk emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.