Ziurrenik ez ziren abeslaririk iaioenak, baina Iruñeko Alde Zaharra kantuz alaitzea erdietsi zuten, Orreaga fundazioak antolatutako kantu jiran. Beñat Otxoa fundazioko kideak jakinarazi zuenez, 500 lagun inguru aritu ziren kantuan atzokoan. Ibilbidea, urtero legez, Merkatu plazan abiatu zuten, Iruñeko udaletxearen atzeko aldean. Urtetik urtera, gero eta gehiagok parte hartzen dute kantu jiran, ekitaldi hori gero eta ezagunagoa delako Euskal Herriko txoko guztietan.
Atzo larunbata zenez, hamaika ekitaldi zeuden goizaldean. Asteburuan, gainera, jende oldea espero zen, eta aurreikuspenak bete ziren. Alde Zaharreko kalerik ezagunenetan, oinez ibiltzeko pazientzia apur bat behar zen eguerdi partean. Kantu jiran ari zirenak abesten ibili ziren, besteak beste, Merkatu plazatik Santo Domingoko aldapan gora, Kale Nagusian. Horren ostean, Eslaba kalean, San Frantzisko plazan eta Kontseiluko plazan ere abestu zuten. Ikusi mendizaleak kantua abesten ari zirela, txaranga bat igaro zen Kontseiluko plazatik. Hasiera batean, isilduko zela zirudien arren, ez zen hala gertatu. Horrek hainbat abeslariren haserrea eragin zuen. Izan ere, «errespetu falta» iruditu zitzaien jokaera hori hainbati.
Sarritan esaten da Iruñera sanferminetan etortzen denak berriz ere itzuli nahi izaten duela. Izaskun Garikano eta Gregorio Ugartemendia Tolosako (Gipuzkoa) senar-emazteek bigarren urtez parte hartu zuten Iruñeko kantu jiran. «Beste toki batzuetara abestera joan izan gara, Zarautzera, Bilbora, Donostiara...», esan zuen Garikanok. Azaldu zuenez, sanferminetan giro berezia izaten da. «Iruñean jaiak beste tokietan baino gehiago bizitzen dira; giroa oso goxoa da, eta horrek erakartzen gaitu gehien», adierazi zuen Garikanok.
Iruñeko karriketan kantuan aritzen diren asko eta asko gero San Jose plazan bildu ziren. Kantuzaleen plaza bilakatu zen atzo ere. Goizeko eguraldi ilunaren eraginez, zalantza izan zuten bazkaria San Jose plazan egin edo Zizur Nagusiko ikastetxeko jolastokian. «Azkenean, San Jose plazan egitea erabaki dugu; uste dut erabaki zuzena hartu dugula», esan zuen Otxoak.
Antza, duela bost edo sei urte, eguraldi txarra zela eta, Uharteko eskola bateko jolastokian egin zuten bazkaria. «Iruñeko Alde Zaharretik hara joatean hautsi egiten da dinamika». Horregatik agertu zen pozik hartutako erabakiarekin.
Ziurrenik, kantu jiraren bereizgarri garrantzitsuenetako bat giroa da. Azken batean, Euskal Herriko hamaika txokotako abeslariek parte hartzen dute, eta, horri esker, kantuzaleen saretzea erdiesten dute. «Harreman berriak egiten dira kantura etortzen direnen artean, eta hori izugarri polita da», esan zuen Otxoak. Hori da, hain zuzen ere, Orreaga fundazioaren helburuetako bat.
Abeslariak ez ezik, Iruñeko kantu jiran musikariak ere izaten dira. Hori da, hain justu, Itsasuko (Lapurdi) Mixel Laztiriren kasua. Trikitia jotzen du. Urte andana da Iruñeko kantu jiran parte hatzen duela. «Egia erran, ez naiz oroitzen zenbat urte diren hona etortzen garena», adierazi zuen. Musikari gehienak lapurtarrak ziren. Baionako kantu jiran, hilabeteroparte hartzen du Laztirik. Hileko azken larunbatean elkartzen dira. Esan zuenez, Baionako jaietan ere kantu jira antolatzen dute urtero-urtero.
Gazteak kantuan nahi
Euskal Herrian abesteko tradizioa oso errotua dagoen arren, kantu jiran parte hartzen dutenen artean, atzo behintzat, gazte gutxi zegoen. Gazteak non ziren galdetuta, «lotan», erantzun zuen Otxoak, irri artean. Hala ere, bide horretan hausnarketa sakona egiteko beharra dagoela ohartarazi zuen Orreaga fundazioko kideak.«Normalean, euskal tradizioko abestiak abesten ditugu; akaso horiek ez dira erakargarriak gazteentzat», azaldu zuen. Hala ere, urtetik urtera, gero eta gehiago animatzen dira abestera.
Kantu jiran parte hartu zutenak hasiak dira heldu den urteko sanferminetarako atzera kontaketa egiten. Gero eta gutxiago falta da.
Kantuzaleen urteroko saioa
Beste urte batez, Orreaga fundazioak antolatutako kantu jiran dozenaka lagunek parte hartu dute Iruñeko Alde Zaharrean.Euskal Herriko txoko guztietako abeslariak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu