Kantuaren karriketatik

Donostiako Xelebreak kofradiako kideak kantu kantari aritu dira Parte Zaharreko kaleetan barrena, eguraldiari aurrea hartuta. Egitarauko bertze ekitaldi batzuk, dena dela, bertan beheiti utzi behar izan dituzte.

Xelebreak kofradiaren Kantu-Jira Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Xelebreak kofradiaren kantu jira, Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2024ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun

Bigarren bertsora ailegatzerakoan «bis» egin. Errepika bi alditan kantatu eta bukaerako hitzak indartsu oihukatu. Bigarren ahotsa egin, eta hirugarrena ere bai, ausartuz gero. Ahal dela, intonatu. Gainontzean, musikari —eta jendeari— jarraitu. 

Ez dira gutxi gitarra bat sorbaldatik zintzilik duen musikariak kantariari emandako aholkuak. Kantaria, orain, mezua gainerakoei nola pasatu pentsatzen ari da. Mezurik igorri gabe ere, akaso, asmatuko dute nola kantatu. Horixe ebatzi du, azkenerako. 

Xelebreak jartzen duen txalekoa jantzia duten emakumeetako bat liburuxkak banatzen hasi da, hamabietarako oraindik hamar bat minutu falta zirela. Berehala geratu da esku hutsik, ordea. «Geratzen al da liburuxkarik?», galdegin dio batek baino gehiagok. «Begiratu albokoari!», hark erantzun. Gertatuko zena aurreikusi izan balute bezala, batzuk etxeko lanak eginda etorri dira, kantu zaharren liburua besapean hartuta. «Begiratu nirean, nahi baduzu». 

Kantu-Jira atzo Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Xelebreak kofradiaren kantu jira, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Gitarrak eta txistuak tonuan jartzen ari diren bitartean, gaita eta danbor hotsak aditzen dira Portaletan; inguruan, hamar bat dantzari. Fandangoa bukatuta, arin-arinaren garaia da orain. Lehena bukatu aitzinetik ere ongi zekiten hori. Irrintziek eman diote hasiera bigarren dantzari. 

Xelebreak kofradiak urteak daramatza Piraten bestetan parte hartzen, eta aurten ere jarri dute alea egitarauan: kantu jira, atzoko egunez. «Urtean zehar mutxikoak egiten ditugu, eta entseatzen ere aritzen gara», kontatu du Dani Goñik, Xelebreak kofradiako kide batek. Aste Nagusian ez ezik, bertze besta batzuetan ere hartzen dute parte: «Karmengo jaietan, adibidez». Goñik dio jende andana gerturatzen dela beti kantu ingurura, eta, betikoez gain, jende berria ere gehitzen dela bestara. «Urte batzuetan egun honek Piraten guneko bazkariarekin kointziditu izan du, eta, beraz, guztiok batera bazkaltzen genuen»; aurtengoan, ordea, Arrano Beltzean bazkaldu dute. 

Bandera gris handi batek gidatzen du kantu jiraren ibilaldia; azkenengo ilaran daudenek argi ikusi dute, beraz, Portu kalean ezkerretara hartu dutela, Koruko Andre Mariaren Basilikako atarira. Musikariak eta kantu zuzendariak koskara igo dira, gainerakoak adi-adi daudela. «Ibiliko gera/ alkarri kalte eginaz/ ustez launik haundienak/ aurrez ondo hitz eginaz». 

Xelebreak kofradiako Kantu-Jira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Xelebreak kofradiaren kantu jira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Borobil handi bat egin dezaten erregutu du kofradiako bertze kide batek, dantza egin nahi dutenak kabitzeko adinakoa. «Txori txiki bat/ negarrez ari da/ txio-txioka/ amari deika». Ondoko tabernetan daudenek ere egin dute dantzatzeko ahalegina, edo ikasten saiatzekoa, behintzat. Bi gazte italiar batu dira, urrutixeagotik, txoriaren jauziak egitera. Ikasita ekarriko omen dute hurrengorako. 

Basilikatik aurrera abiatu dira musikariak eta bandera grisa, Abuztuaren 31ko kalean behera abuztuaren hamalaugarren egunez. Bidean aitzinera egin ahala, geroz eta leiho gehiago irekitzen dira Donostiako Parte Zaharrean; batzuek kantatu ere egiten dute bertatik. Txaloak eta irrintziak, bertzeek. Bitartean, behekoek, liburuxkak itxi eta beren bizitzaren berri eman diote elkarri. «Aspaldi ginen elkartzekoak, eta zenbat gauza kontatzeko». Urtero-urtero elkartzen denik ere bada kantuen bueltan. «Noizbait hemen elkar ikusten ez badugu, seinale txarra izango da», diote. Mikel Laboa bizi zen etxera joan dira hurrena, eta, beraz, hurrengo geltokirako utzi dute elkarrizketa. Bisita gidatu bat sartu da kantu jiraren erdian, eta, gidariaren aterkiarengatik ez balitz, une batez zail da jakiten kantura etorriak diren edo ustekabean harrapatuta geratuak diren. Gustura gelditu izanen lirateke, baldin eta kanturik jakin izan balute. 

Bisita gidatuak zein erpinetan ihes egin duen jakin gabe, Laboari hasi zaizkie kantari. «Hegoak ebaki banizkio/ neria izango zen/ ez zuen alde egingo». Bilobak amonari erakutsi nahi izan dio baietz, berak ere ezagutzen duela kantua; eta elkarri eskutik hartuta abestu dute, bertze eskuan duen patata zorroari alde egiten utzi gabe. Kantu bat bukatu bezain laster hurrengoari heldu diote. Zazpigarren orria: Martxa baten lehen notak. Tarteka buru —eta begi— berriak sartzen dira bikote artera, liburuxkarik izan ez, eta argibide eske. Lehendabizi, baina, betaurrekoak—koloredunak, oro har— jantzita. Laboaren etxe azpiko giroa gerora ere bizitu ahal izateko, sakelakoa atera du emakume batek, eta musikarien doinuak eta kantarien ahotsak grabatu. Banan-banan abiatu da, bira osoa osatu arte. Bandera grisak egin du aitzina berriz ere, eta, talogileak ezker izkinan utzita, eskuinetara hartu dute: Sarriegi plazara. «Pottoka mendian/ jauzika ibilki/ buztana airean/ salbaia iduri». Elkarri bizkarretik hartuta kalejira osatu dute batzuek; bertzeek inori heldu gabe dantzatu dute: «Mila kolorez dantzan bihotzetan». 

Goiti begira

Kantuen sintonian eguna alai joaten den arren, beti ez da aurreikusi bezala irteten eguna, are, dena eguraldiaren menpe dagoenean. Igandeko enbatagatik eta atzoko euriagatik, Aste Nagusiak bidezidorrak bilatu behar izan ditu, ahal bezain zuzen iristeko helmugara. 

Donostiako Piraten gunean igandeko kontzertuak bertan beheiti gelditu ziren, arriskutsua zelako oholtza gainean enbatak eragin zezakeena. «Horrelakoetan, kudeaketa zaila izaten da», kontatu du Ane Zurutuzak, Piratetako kideak. «Batzuetan, hurrengo urterako uzten dira kontzertuak». Zuzeneko musikarik ez zegoenez ohi baino jende gutxiago etorri zela nabaritu zuten, euriarekin gertatzen den eran. «Eguraldi txarrarekin, ekitaldiak bertan behera geratzen ez badira ere, askoz ere jende gutxiago ibiltzen da kalean». Piratek, dena dela, beren lanetan jarraitu dute. 

Euriaren eragina Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Euriaren eragina Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Igandeko kontzertuak ez dira bertan beheiti gelditu diren bakarrak, Urumea ibaiak ere sumatu du-eta mugimendu faltarik. Unai Elizasu zen ibaira ateratzekoa, bisita gidatua egitera, piragua barrenean. Ontzi guztiak okupatuta zeuden, baina, eguraldia zela-eta, hutsik geratu ziren. «Nire lana beti dago bi eguraldiren menpe», dio Unai Elizasuk, Arrauning elkarteko kideak. «Goikoa eta behekoa. Zerua eta ibaia». Euria egiten duenean, ibaiak ere jasaten du ondoriorik, eta halaxe gertatu zen atzo ere: «Ibaiari kolorea aldatzen zaio, eta nahi baino adar eta enbor gehiago izaten dira». Arrisku aldetik, seguruagoa zen bertan beheiti uztea. Bisita gidatua, dena dela, bertze egun batera pasatu du Elizasuk: «Udalarekin daukadan hartu-emana dela eta, eta hiru urteotan bisitek Aste Nagusian izan duten harrera ona ikusita, argi neukan beste egun bat zehaztu behar genuela». Atzoko bisita, beraz, bihar eginen dute, 11:00etan abiatuta. Banan-banan abisatu ditu Elizasuk atzoko irteerara agertzekoak zirenak. 

Donostiako Aste Nagusian goiti begira jarraitzen badute ere, normaltasunaren barrenean daudela argitu du Eneko Goia alkateak, atzo egindako besten balantzean. Jon Insausti jaietako zinegotziak zehaztu du eguraldiak zenbait aldaketa eragin dituela: igandeko suak eta magia ikuskizuna bertan beheiti geratu ziren, eta DantzPoint musika saioa ortziralera atzeratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.