Kantuaren inguruan jiraka

Piratek antolatutako kantujiran 200 lagun inguru bildu dira; musikarien laguntzaz, Donostiako Parte Zaharrean eta inguruetan euskal kantagintzako abestiak entzun dira.

200 lagun inguru batu ziren kantujiran. Irudian, hasieran, La Flamenkan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharrean euskal kantugintza izan zen protagonista berriro ere atzo, Kantujiran. 12:00etan hasita, trikiti eta pandero doinuek Xelebreak kofradiako kideak batu zituzten, ibilbidearen abiapuntu eta helmuga izan zenean, La Flamenkan. Eguraldi ederra lagun, eztarriak berotzen hasi ziren 200 lagun inguru, La Flamenkan lau abestirekin hasiz: Jeiki jeiki , Aitorren hizkuntz zaharraBaratze bat eta Agure zaharra. Ondoren, kantujiraren ibilbideari ekin zioten.

Trikitilaria eta pandero jotzailea tropelaren buru jarriz eta Ikusi mendizaleak joz, musikak Donostiako Parte Zaharreko txokoak bete zituen. Ibilbidea hasi eta berehala, makurtzera eta salto egiteko erronka egin zieten musikariek, eta kantura gerturatu zirenek gogoz erantzun zieten: «Giroa hasieratik izan da bikaina», azaldu zuen Iñaki Larrañaga pandero jotzaileak. Joxe Alzurik, adibidez, makurtzeko eskatzen zutenean «Eutsi erreumari!» oihukatzen zuen, umorez.

Pako Sexmilo Kresala kulturelkarteko lehendakariaren gidaritzapean heldu ziren lehen geralekura, Toribio Altzagaren etxe azpira. Han, beste lau abesti kantatu zituzten: Triste bizi naiz eta, Prima eijerra, Martxa baten lehen notak eta Eperra. Alzuriri, adibidez, kanta guztiek transmititzen diote sentimenduren bat, baina bat aukeratzekotan, badu bere kuttuna: Eperra.

Hirugarren geralekuan hartu zuen dantzak protagonismoa. Sarriegi plazan urte osoan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zuten askok. Kantuan ere aritu ziren; eta bertsoa izan zen protagonista: Pello Joxepe eta Habanera kantatu zituzten.

Dantzan ederki pasatu zuenetako bat Maixol Larrañaga izan zen. Larrañagak euskal kultura sustatzen duten ekintzen garrantzia nabarmendu zuen: «Garrantzitsua iruditzen zait, eta gehiago ere egin beharko litzatekeela uste dut. Inoiz ez da aski».

Azken-aurreko geralekua udaletxea izan zen, eta hor ere udaletxeari eta itsasoari begira hautatu zituzten kantuak: Itsasoari begira, Begiak parrez parre eta Mendian gora haritza. Sexmilok hor izan zuen Kantujirako pena bakarra: «Udaleko norbait kantura jaistea gustatuko litzaidake».

Hasierako tokira itzuli ziren berriz. Han, Xelebreak kofradiak sortutako Kantauri. Koplajurik gabe! abesti berria kantatu zuten. Beñat Gaztelumendik abesti horren historia azaldu zuen: «Xelebreak kofradia sortu genuenetik, gauzak elkarrekin egiteko filosofiatik abiatuz, festak pozik bizitzeko helburua jarri genuen. Horretarako kanta bat sortzea aukera ezin hobea zela otu zitzaigun. Hasieran, guretzako sortu genuen. Txanda hasieran eta bukaeran kantatzen genuen. Kantujiran zebiltzanen belarrietara heldu eta gustatu egin zitzaien.

Kantari eta musikarien eta ikusleen txalo zaparrada batekin amaitu zen kantujira. Larrañaga pandero jotzaileak argi zuen horrelako ekintzak zein garrantzitsuak diren: «Gure kultura gure aisialdiarekin eta dibertsioarekin lotzen ez badugu gainkarga bihurtuko da. Lotsak albo batera utzi eta Aste Nagusian ere euskarak presentzia izan behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.