«Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi», zioen abesti herrikoi ezagunak. Kantuari egindako aitortza bat da, balio baitu ospatzeko, agurtzeko, elkartzeko, transmisiorako eta aldarrikatzeko. Hain justu, kantua hartu dute ardatz aurtengo Iparra-Hegoa egitasmoan, Seguran (Gipuzkoa): Kantoietatik Kantaurira kantua ari du da aurtengo leloa; astelehenean hasi zen aste kulturala, eta igandean amaituko da.
Musikak eta kantuak beti izan dute «sekulako presentzia» Iparra-Hegoan, Euri Albizu antolatzailearen arabera. Sorrera ere kantuaren eskutik etorri zela kontatu du. Baztandarren Biltzar batean Kuxkuxtu Lapurdiko txaranga ari zen jotzen, eta segurar batzuk kantura batu zitzaizkien. «Kantuan hasi ziren; gero, nongoak ziren galdetu, eta hortik sortu zen Iparra-Hegoa, ikusi zutelako ez genuela Euskal Herria erabat ezagutzen, eta inposatutako muga hori puskatzen ere asmatu behar genuelako», kontatu du.
Baina, Iparra-Hegoan ez ezik, Euskal Herrian ere garrantzi handia izan du kantuak, eta hortik dator aurtengo kultur astea hari eskaintzeko asmoa: «Aldi berean, ikusten dugu Euskal Herrian ere kantuak sekulako garrantzia eduki duela, bai historia transmititzen, bai euskara transmititzen... Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun daukan garrantzi hori aitortzea eta lantzea».
Kantuak duen ohiko presentzia mantentzeaz gain, hitzaldiak egin dituzte asteon, gaiari lotuta. Lehena astelehenean izan zen, Jon Maia, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Eneko Labeguerie eta Marina Landarekin. Kantuak herri kohesiorako eta herri erresistentziarako duen balioaz mintzatu ziren bertan. Asteartean, berriz, hitzaldia eman zuten Olaia Inziarte, Karine Etxeberri, Lide Hernando eta Joseba Tapiak, Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko lelotzat hartuta.
Trukea
Urtero bezala, astearen hasieran, Urruñako (Lapurdi) 12-13 urteko haurrak izan dira Seguran, eta hainbat ekintza egin dituzte elkarrekin: eskola bisitatu, tailerrak, dantza gidatuak... «Elkar ezagutzeko aukera ezin hobea da. Ikasleek ikusten dute zer zailtasun dauden Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko edo aisialdian euskaraz bizitzeko».
Etxepare lizeoko ikasleek hartu zuten gero lekukoa, Ipar eta Hego Euskal Herriko loturak sendotzeko asmoz. Haurrentzako jolasak, ikuskizun bat eta kale animazioa antolatu zituzten, besteak beste: «Haien ikuspuntua zen hasiera-hasieratik zerbait ematera etorri behar zutela. Ez zela izango antolatuta zegoen festa batean parte hartzea, baizik eta beraiek ere zerbait egitea».
Aurten, gainera, Martxoaren 8a egitarauaren barruan sartu dute, Emakumeen Nazioarteko Eguna aste kulturalaren barruan tokatzen zelako: herriko eragileekin batera antolatu dute manifestazioa, eta ikasleek egingo duten emanaldia ere Martxoaren 8arekin lotutakoa izango da. Bestalde, Korrika ere ate joka dagoenez, Korrika txikia ere egingo dute gaur arratsaldean.
Gaurtik aurrera festa giroa areagotuko da herrian. Arratsaldean, adibidez, bertso eta kantu poteoa egingo dute, Kuxkuxtu txarangarekin kantatuko baitute Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariek. Bihar, Martxoaren 8ko manifestazioaren ondoren, Ixtakiak kale animazioa eta Frigo eta DJ Bullen kontzertuak izango dira. Larunbatean, berriz, herri bazkaria egingo dute, eta, Balantza eta Kontrabanda taldeen ostean, Expuela eta Etxepareko DJek girotuko dute gaua.
Gereziondoko ekitaldiarekin emango diote amaiera aste kulturalari, igandean. «Inposatutako» mugarik gabeko Euskal Herri bat irudikatzen du festak, eta gonbidapena egin du antolatzaileak: «Oso giro berezia egoten da Iparra-Hegoan. Euskal Herria osorik arnasten dela iruditzen zaigu. Jende guztia animatzen dugu etortzera, eta Euskal Herri hori bizitzera, oso-osorik».