ATZEKOZ AURRERA. Maia Iribarne Olhagarai. Musikaria

«Kantu guziak biltzen dira askatasun egarrian»

'Animalia naiz eta' lehen diskoa argitaratu berri du Habia hirukoteak: Elena Hairak, Amaia Hiriartek eta Maia Iribarne Olhagaraik. Herri kantuak soka tresna eta bozen «jostetaz» biluzi dituzte.

Maia Iribarne, erdian, Habia taldeko kideekin. HABIA.
Ainize Madariaga
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Habia hirukoteak Animalia naiz eta lehen diskoa karrikaratu du. Maia Iribarne Olhagaraik —biolina, ahotsa—, Elena Hairak —biola eta ahotsa— eta Amaia Hiriartek —biolontxeloa eta ahotsa—. Kristof Hiriartek egin du zuzendaritza artistikoa. Soken arteko trentza trinkoa orraztu dute, bibrazio barrenkorrek barrua inarrosterainokoa.

Habiaren abiatzea...?

Proiektuak duen berezitasuna da ez dela musika proiektu bat bakarrik bezala sortu. 2019an elkartu ginen Lagunarte konpainiak eta Bastidako [Nafarroa Beherea] Clarenza elkarteak deiturik, Animalia ikusgarri koreografikoa egiteko. Dantzariak eta abere andana baziren: zaldiak, behiak, usoak, pulinda bat... Eta musikariak. Nahasketa ero bat plantan eman genuen.

Hortik izenburua?

Bai, Gandiagaren hitzak dira. Ontsa laburtzen du diskoaren izpiritua.

Iragankorra behar zuena iraunkortu duzue.

Ikusgarritik landa, Lagunarte konpainiak proposatu zigun diskoa ateratzea. Beraz, diskoko kantu gehienak Animalia proiektukoak dira, berriz birmoldatu ditugunak, eta bizpahiru gehitu ditugu ondotik.

Zein dira zuenak? Eta kanpokoak?

Kristof Hiriartekin landu dugu dena; berak bildu zituen testuak eta sortu birmoldaketak. Erdiak herri kantuak dira, guk moldatuak gure boz eta tresnetara. Eta batzuk euskal poeten testuak dira, guk musikatuak: Gandiaga edo Erdozaintzi Etxart. Guti batzuk arrunt bertze errepertorio batetik ateraiak dira. Adibidez, So: Giovanni Sollima eta Paul Hendemithen bi piezen arteko konposaketa da.

Moldaketekin zer xerkatu duzue?

Entseatu gara gure musika tresner eta gure ahotser egokitzen. Hitz horiek askatasuna ematen digute hitzen sonoritateekin jostatzeko, biziki musikalak baitira. Adibidez, Dilin dulun dan edo Olerkia. Erritmo ezberdinak ere xerkatu ditugu. Harmonia berezia lantzen saiatu gara. Xantza ukan dugu Kristof eta Jeremy bezalako musikariekin lanean aritzea, musika garaikidea jotzeko usaia baitute, eta bultzatu gaituzte manera berrietara.

Zuen estiloa klasikoa dea?

Ez dakit; hasteko, gure tresnak musika klasikoarekin identifikatzen dira. Gero, ez dut uste hainbeste baduenik klasikotik, sonoritatean segur ere. Nahasten den estilo bat da. Harizko instrumentua beti presente izan da euskal musikan.

Kantatzeko manera berezia dea?

Kantatzeko manera ez da sobera pentsatua; entseatu gara sinpletasuna atxikitzen. Soka hauskor horiekin uste dut baduela alde biluzia. Efektu asko sartu gabe. Kantuen estiloan bilatu dugu harmonia gu hiruren bozekin bakarrik, instrumentu asko sartu gabe. Uste dut herrikoitik baduela anitz, sonorizatu gabe kantatzen ahal diren kantuak baitira, biziki soilki gure boz eta instrumentuekin.

Soilki baina sotilki.

Entseatu gara teknika ezberdinekin jotzen, izan arkuarekin, edo pizzicatoekin, erritmiko batzuk sortu arkua manera ezberdinetan erabiliz... Funtsean, intentsitate ezberdinak xerkatu ditugu musika tresnekin. Testuetan aipatu diren gaiak tresnetan ateratzen entseatu gara. Naturako elementuak, haize edo gure instrumentuen zura biziki organikoak dira azken finean... Entseatu gara gure testuek, musikak, kantatzeko manerak eta tresnek elkarren arteko elkarrizketa bat sortzea.

Diskoa harilkatzen duen haria zer koloretakoa da?

Gai nagusia askatasun oihua da; ezinezko askatasuna, askatasun gosea... Kantu anitz gure ingurumenari eta gizatasunari lotuak dira, eta animalia izateari. Emazteek gizarte honetan duten lekua ere agertzen da. Kantu guziak biltzen dira askatasun egarri horretan.

Askatasunik eza, zertan xuxen?

Emazteen fabore Etxepareren hitz bizki indartsuekin hasteari biziki atxikiak ginen, gauza pisu bat pausatzen baitu hastapenetik. Euskaldun gisa ere zapalduak gara. Kantu guziek mila interpretazio ukaiten ahal dute. Kantu guziak dira askatasun aldarri bat: Txoriñoa kaiolan, adibidez, edo Allanderena. Badira hitz arinagoak ere, demagun, Goizean goizik jeikirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.