Irakurri hemen serieko artikulu guztiak
«Damak, jaunak eta maritxu jarraitzaileak […]». Hala hasi ohi zituen Paco España transformistak bere ikuskizunak, mantal isatsduna eta apain-orrazia soinean, Lola Flores abeslaria imitatuz. Hainbestekoa izan zen haren arrakasta, ezen Flores berbera izan baitzuen ikusle behin. Preseski, Espainiako trantsizioko transformista ospetsuenetarikoa izan zen kanariarra, beste askoren bidea urratuz. Vicente Ragak Rafael Conde El Titi-rendako egin zuen Libérate abesti ospetsua, eta haren bertsioa ere egin zuen Españak, garai hartako beste hainbat artistak egin bezala. Kasurako, Jose Antonio Nielfa La Otxoa-k ere egin zuen berea: «Gerra ondoren egin zen bigarren Aste Nagusian izan zen, 1979an», zehaztu du. La Otxoaren bideo bat jarri zuten lehenik txosnetan, eta, izan zuen arrakasta ikusirik, zuzenean kantatzeko eskatu zioten. Esan eta egin. «Ikaragarria izan zen; Bilboko Areatza jendez lepo zegoen, musikak lagundurik homosexualen eskubideak aldarrikatuz», esan du. Libérate por fin [Askatu zaitez behingoz] irakur zitekeen pegatinak zabaldu zituztela ere aipatu du Nielfak. Egintza hura mugarri bilakatu zen euskal memoria kolektiboan, ereserki bihurtzeraino.
Giro nahasia izan zen garai hartan Hego Euskal Herrian. 1975ean hil zen Franco, eta askatasun desira nonahi hozitu zen, iraultza kultural, sexual eta sozialari bide emanez. Sexu disidenteen kontrako erasoak, ordea, ez ziren eten, eta sexu askatasuna defendatu, eta gay eta lesbianei ahotsa emateko lehen elkarteak agertu ziren. 1977an, besteak beste, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimendua sortu zen, homosexualen eta lesbianen eskubidearen defentsan aritu zen Euskal Herriko lehen elkartea. «Desadostasunak izan arren, garrantzi handiko elkartea zen eta da gaur egun ere», esan du La Otxoak. 1978an harreman homosexualak despenalizatu zituen Adolfo Suarezen gobernuak, nahiz eta Arrisku eta Errehabilitazio Sozialari Buruzko Legea ez zuten 1995era arte indargabetu.
«[Bilbo Zaharreko Bataclan aretoa] harribitxi bat zen, bertan zeuden beste lokal askoren antzera».
LA OTXOATransformista
Hamarkada horretan, halaber, gaur egungo drag-aren oinarri den ball room kultura sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan. Disidentzia sexualek lehiaketak egiten zituzten aretoetan, vogue-a dantzatuz eta desfilatuz, egungo drag show-en oso antzera. Txapelketa horiek drag etxeen artean egiten zituzten; bazterkeriak bultzaturik, etxerik edota familiarik gabe gelditu ziren pertsona disidente horiek osaturikoak ziren, eta familia ere bilakatu ziren. Garai horretakoa da Harris Glenn Milstead Divine artista estatubatuarra; besteak beste, Pink Flamingos (1972) filmagatik egin zen ezaguna, eta utzitako ondareak transformisten eta drag queen-en belaunaldi berriak elikatu ditu, baita diziplina ulertzeko modua eman ere.
Transformismoaren Meka
Trantsizio betean, Bilboko San Frantzisko auzoa izan zen trabestismoaren erdigunea. Kabaret eta trabestien lokalek auzo guztia hartu zuten, eta bertako giroak Paris edota Bartzelonakoaren itxura hartu zuen. Horietako bat izan zen Gorte kaleko Bataclan aretoa. Gaur egun desagerturik badago ere, garrantzi handikoa izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetan. «Harribitxi bat zen, bertan zeuden beste lokal askoren antzera», gogoratu du La Otxoak, nahiz eta inoiz ez zuen bertan antzezlanik egin. Gerra aurretik ere egon zen martxan, baina transformismoak bihurtu zuen trantsizioan bere giroko lokal. Argiak, ordea, arin bihurtu ziren ilun; drogek aise hartu zuten auzoa, eta lokal guztiak desagertuz joan ziren apurka, jendeari beldurra ematen baitzion hara gerturatzea. «Delikuentzia orokortu zen, eta bertan jarduten zuten artistek alde egin zuten baldintza hobeagoen bila», esan du Nielfak.
80ko hamarkadak arazo berriak ekarri zituen: drogek eta GIB-hiesaren izurriteak eragindako sarraskia, esaterako. Izurrite horrek gogor jo zuen bereziki homosexualen kolektiboa, eta, gobernuen konplizitatearekin, bortizki estigmatizatuak izan ziren kolektibo horretako kideak. «Gaixotasuna homosexualei egotzi ziguten, nahiz eta kasu gehienak drogak eragindakoak izan», adierazi du transformistak. Hedabideek ere estigma hori elikatu zuten urte askoan, eta La Otxoa izan zen biktima horietako bat: «Egunkari batek nire argazki batzuk argitaratu zituen, eta, ohi baino meheago agertu nintzenez, hiesa nuela aditzera eman zuten». Halaber, euskal homosexualen komunitateak oinarriak sendotu zituen, eta kalera irten zen, inoiz ez bezala.
Donatella Mani, orainaldian antzina
«Drag-a jaiotzetikoa da, berezkoa», dio Miguel Biurrunek (Muru Artederreta, Nafarroa, 1999), pintzel bat baliatuz makillajearen oinarria aurpegian zabaltzen duela. Ondoren, ispiluan begiratu, ahoa zabaldu eta keinu dotore bat egin du, haragi koloreko margoa hartuz ezpainak leun-leun ferekatzen dituela. «Hasieran, debekaturiko zerbait ere bada».
Txiki-txikitatik sentitu da trabesti, eta herri ñimiño batean hazteak landa eremuaren eta bertako LGTBI komunitatearen ikusgaitasuna aldarrikatzera eraman du. Maiteminagatik hasi zen drag munduan Biurrun. «Amodiozko haustura batetik irteten lagundu zidan, eta, geroztik, nire drag errealitatea sortzeari ekin nion». Izan ere, azaldu du sormenarekin eta performance-arekin amets egiteko beharra sentitu zuela. Hala, Madrilera [Espainia] joan zen ileorde eta soineko bat erostera «dendarik zabarrenean». Hala jaio zen Donatella Mani.
«Donatella nire beste ni-a da; pertsona desberdinak dira; ileordea kentzean badakit nor naizen».
DONATELLA MANI Drag queen-a
«Donatella nire beste ni-a da; pertsona desberdinak dira; ileordea kentzean badakit nor naizen», esan du bekain berriak zehazten dituen bitartean. Nahiz eta bere aburuz, biak ala biak konektaturik dauden; maleta batean eramatea bezala da harentzat. Egun, ederki asko makillatzen du bere aurpegi gaztea, mihise bat balitz bezala, baina aitortu du ez dela beti hala izan. Ur berde koloreko betzuloek bat egiten dute berak jositako soineko vintage dotorearekin, gazteak ez baitu haririk gabe josten. Pixkanaka, ari da itxura hartzen. «Betiko emakumea da nire inspirazio iturri; oiloei jaten eman, mezara joan eta lau trapu jantzita doan landa emakumea», jarraitu du.
Ileordearen txanda da orain. Dotorea da, urre kolorekoa eta sorbalda estaltzen dio. 60ko hamarkadako orrazkera darama, Karina, Briggitte Bardot, Carmen Sevilla eta halako artistak irudikatzen dituena: trinkoa, bolumen handikoa eta kardatua. Haren presentziak ahalmena iradokitzen du, berezi egiten duen karisma alde guztietara zabalduz. «Inoiz ez duzue ikusiko Donatella trapero bat». Orain bai, azken betileordea itsastearekin batera, Miguel Biurrun ezkutatu eta Donatella Mani agertu da ispiluaren aurrean. Showa hastear da.
Mykel Mcfit, euskal dandya
Drag hitza entzun orduko emakume itxurako trabesti txundigarria datorkio edonori burura. Inoiz ez maskulinitatea performatzen duen artista bat. Gizarteak ikusten ez baditu ere, hor daude, tinko, haiena den espazioa aldarrikatuz. Mykel Mcfit (Donostia, 1992) —nahiago du bataio izena ez esan— drag erregea da, eta bi aldiz pentsatu gabe bota du arazoaren erroa: matxismoa. Izan ere, drag erregeak emakumeak dira nagusiki —nahiz eta beste edozein generotakoak ere izan daitezkeen—; beraz, egunerokoan pairatzen duten zapalkuntza diziplina horretan ere gertatzen da. «Historikoki gizonei egokitu zaie espazio publikoa okupatzea; beraz, emakumez jantzitako gizonek ere espazio gehiago izan dituzte gizonez jantzitako emakumeek baino».
Familia kontserbadore batean jaio zen, eta beti mespretxuz hitz egin izan diote drag-ari buruz; hori dela eta, diziplinarekiko ikuskera negatiboa barneratuz joan zen artista gaztetan. Bere burua ere ez zuen begi onez ikusten, sozialki gizonezkoei emaniko estetika izan baitu beti. Konplexu asko eragin zizkion horrek guztiak, baina lagungarria izan zitzaion bere identitatea ezagutzeko: «Ez-binarioa ote naiz? Gizon transa agian?». Autoezagutza prozesu hartan zebilela, Sassy Science drag artista ezagutu zuen, eta mundu oso bat ireki zitzaion parez pare. «Asko ikasi nuen». Ondoren, Londresera [Ingalaterra] joan zen, eta bertan jaio zen Mykel Mcfit.
«Nire drag jantzia superheroi baten kapa bezalakoa da; gizartearen aurrean daramadan maskara kentzen dut, eta naizen bezalakoa naiz».
MYKEL MCFIT 'Drag' erregea
Gizon oldarkorra dirudi lehen begi kolpean. Aurpegiko makillajeak gizon ezaugarriak nabarmentzen dizkio; ile zuria du, eta masailean itsatsirik duen bizar-ordeak are maskulinoagoa egiten du. Gizontasuna dario poroetatik. Gainera, boxeolarien bata beltz bat darama, gerriko eta eskularru gorri eta guzti, round bat irabazi berri duen boxeo izar arrakastatsu bat irudikatuz: «Andrezale bat naiz».
Haren iritziz, generoa alde batera utzirik, norberaren fantasia propioa sortzeko artea da drag-a, inolako itzulingurutan ibili gabe. «Nire drag jantzia superheroi baten kapa bezalakoa da; gizartearen aurrean daramadan maskara kentzen dut, eta naizen bezalakoa naiz». Halaber, kirola hedatzeko eta bertan sorturiko estereotipoak zalantzan jartzeko tresna gisa darabil diziplina, kiroldegi batean lan egiten baitu. «Lanean ari naizenean, Mykel naiz ni neu baino gehiago». Euskal Herriko drag king bakanetarikoa da Mcfit.