ATZEKOZ AURRERA. Jone Landaluze eta Xabier Mina. 'Kantauri' dokumentalaren ekoizle eragilea eta zuzendaria

«Kantauri itsasoa biluzten du dokumentalak»

2024ko martxoan estreinatuko dute dokumentala. Kantauri itsasoko bizidunei eta haien bizitokiari begiratzeko sortu dute.

JON URBE / FOKU.
Igone Urtaza
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Kantauri itsasoa Ozeano Atlantikoaren barruan dago. Guztira, 120 arrain, 800 molusko, 21 zetazeo eta 36 hegazti espezie biltzen ditu. Herritar gehienek itsasertzetik ikusten eta ezagutzen dute Kantauri itsasoa. Ez, ordea, Xabier Mina (Iruñea, 1976) argazkilari eta itsaso zientzietako doktoreak, Kantauri dokumentala zuzendu ahal izateko bete-betean murgildu baita itsasoan. Isaias Cruze itsas azpiko argazkilariarekin batera zuzendu du pieza, eta 2024an izango da estreinaldia. Horretarako, 601 Producciones Audiovisuales eta Dibulitoon Studio ekoiztetxeen laguntza izan dute. Jone Landaluze (Bilbo, 1982) Dibulitoon ekoiztetxeko ekoizle eragilea da. Koprodukzioaz, komunikazioa antolatzeaz eta diru laguntzak lortzeaz arduratu da, besteak beste. Azken egunetan, dokumentalaren aurrerapen gisa, argazki erakusketa bat antolatu dute. Donostiako Aquariumean dago ikusgai, igandera arte.

Nork proposatu zuen dokumentala?

JONE LANDALUZE: Bi zuzendariek proposatu zuten. Nafarroako 601 ekoiztetxeari aurkeztu zioten ideia, eta haiek gurekin jarri ziren harremanetan. Dibulitoonen fikzioa egitera ohituta gaudenez, erronkahandia izan da halako proiektu bat egitea. Oso erakargarria iruditu zitzaigun, eta parte hartu nahi izan genuen. Duela urte eta erdi hasi ginen dokumenatalean lanean.

Zein da Kantauri-ren bereizgarri nagusia?

LANDALUZE: Informazioa modu osatuan eskaintzen dugu. Multimedia produktu bat denez, hainbat euskarrik osatzen dute Kantauri: argazki erakusketek, hitzaldiek, gida didaktikoek eta abarrek. Horrek aukera ematen digu dokumentala hainbat euskarritan zabaltzeko: ikastoletan, museoetan... Zinema aretoetan aurkeztu ostean, EITBn emango dute.

XABIER MINA: Dokumentalak errealitatea aurkezten eta Kantauri itsasoa biluzten du. Gardentasun horrek ere berezi egiten du, urtean zehar grabatu ditugun edukiak igorriko baititugu. Urtaro guztiak hartu ditugu kontuan; izan ere, itsasoa ez dago beti berdin. Aurki daitezkeen espezieak ere desberdinak dira, tenperatura aldaketagatik, adibidez.

Zergatik ikusi beharko genuke dokumentala?

MINA: Itsasoaren osasuna zaintzeak duen garrantziaz hitz egiten duelako. Hori babestea oinarrizkoa da; izan ere, iragazki gisa egiten du lan. Itsasoan bizi diren organismo txikiek, fitoplanktonak esaterako, atmosferako karbono dioxido inorganikoa hartzen eta organiko bilakatzen dute. Mikroorganismoak hildakoan, itsas hondoan geratzen da CO2a.

Zaila da itsasoan grabatzea?

MINA: Oso. Zorte pixkat bat izan behar duzu, maiz ezinezkoa baita bila zabiltzana aurkitzea. Uretan dauden elementuak bereiztea erronka bat da, eta itsas zabalera iristea ere ez da erraza. Bertara iristeko, ahalmen ekonomiko handia izan behar duzu.

LANDALUZE: Aldagai kontrolaezin asko daude. Ekoiztetxe gisa, euren lana ahalik eta hoberen egiteko behar dituzten baliabideak eskaintzen dizkiegu: ur azpiko soinuak biltzeko mikrofonoak, egonkorgailuak, eta abar.

Zein da aurkitu duzuen gauzarik bitxiena?

MINA: Urte asko daramatzat kamera hartu eta uretan sartzen, eta gauza bitxi asko ikusi ditut. Dokumentalerako materiala biltzen genbiltzala, marmoka handi batean bidaiatzen zuen karramarro bat ikusi nuen. Marmokaren azala hain zen gardena, itsas animalia ikus zitekeen. Izugarria zen. Marmokak pixkanaka jan zuen karramarroa. Horrelako gauzak kameraren bitartez harrapatzea zirraragarria da, nahiz eta batzuetan neure burua derrigortu izan dudan argazki kamera etxean uztera. Hala izango ez balitz, itsasoko altxor guztiak kameraren pantailari begira ikusiko nituzke soilik.

Sakontasun handietan egin duzue igeri?

MINA: 40 metro ingurura jaitsi izan gara. Egunaren arabera, argi gehiago edo gutxiago iristen da hara. Atzo, esaterako, 32 metrora jaitsi nintzen, eta 19:00etan dagoeneko ez nuen askorik ikusten. Esku argia eta guzti joan behar izan nuen.

Nork ikusi beharko luke dokumentala?

MINA: Nik itsasoa maite duen edonori gomendatuko nioke. Kantauri itsasoa ondo-ondoan izanda ere, ez dugu ezagutzen, eta bada garaia hori aldatzeko. Nik nire ikasleei jarriko diet, ikasgelan. Ilusio berezia egiten dit, gainera, euskara hutsean egindako produktu bat sortu baitugu. Dokumentala ikusi ostean, gustatuko litzaidake ikasleek eskatzea irteera bat egiteko kostaldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.