Atzerritar askok lepoa luzatzen zuten atzo eguerdian, San Domingo aldapatik igarotzean. Udaletxearen atzealdeko Donejakue plazan gertatzen ari zena ikusi nahi zuten: ehunka pertsona, aho batez, euskaraz kantatzen. «What's happening?», galdetu zion emakume australiar batek, harrituta, egitaraua eskuan zeraman senarrari. Programa ofizialean, baina, ez zen ezertxo ere ageri, herritar talde batek antolatutako ekitaldia baitzen atzo eguerdikoa. Jai eredu prefabrikatuetatik aldendutako kale-kantaldia.
Bederatzi urte daramatza Orreaga fundazioak Sanferminetan Kantari izeneko ekitaldi musikatua prestatzen, eta urtero-urtero jendetza biltzen den arren, aurreikuspen guztiak gainditu zituen atzokoak.
Hala, ehunka pertsona ibili ziren Alde Zaharreko karriketan gora eta behera, musikarien laguntzarekin, giroa berotzen. Donejakue plazan hasi, eta San Saturnino, Kale Nagusia, Eslava, San Frantzisko plaza eta Zapateria zeharkatu ostean, udaletxeko plazan amaitu zuten ibilbidea. Handik, katedralaren ingurumarietara abiatu ziren parte hartzaile guztiak, 650 bat lagunendako bazkariari hasiera emateko.
Euskal Herri osoko kantuzaleak bildu zituen ekitaldiak, gainera. «Bazter guztietako jendea ikusi dugu: Miarritze, Gernika, Bilbo, Tolosa, Sakana... Euskal Herri osoa dago gaur Iruñean, kantari», azaldu zuen Laurent Etxegarai baionarrak.
Agur jaunak kantarekin hasi ziren Orreagako kideak eztarriak berotzen. Horren ostean, Txoria txori-ren bertsio indartsu batek burrunba egin zuen Donejakue plazan, eta ibilbideari ekin zioten kantuzaleek. Lehen geldialdia San Domingo aldapan egin zuten, eta han, beste kantu mitiko bat abestu zuten: Isil isilik. Han zeuden turistek gogoz egin zuten txalo, kantua bukatutakoan. Baita udaletxeko balkoietako batean zegoen Joseba Asiron alkateak ere. Haren presentziaz jabetuta, Asiron, Asiron abesten hasi ziren kantuzaleak, txalo eta irri artean.
Kantuek ez zuten etenik izan hurrengo orduetan: Nafarroa jota herrikoia, Ikusi mendizaleak, eta Benito Lertxundiren Erribera eta Baldorba izan ziren ozenen entzun zirenak, parte hartzaileak San Jose plazara heldu ziren arte.
Kantatzen duen herri bat
Orreaga fundazioak deituta, ehunka pertsonak bat egin dute Sanferminetan Kantari egitasmoarekin; giroa berotzeaz gainera, euskarak jaietan duen tokia aldarrikatu dute kantuzaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu