ATZEKOZ AURRERA. Gari Uriarte. Dupla musika taldeko kidea

«Kanta bakoitza ezberdin sortzen da»

Uriarte Dupla taldeko abeslaria, gitarra jolea eta teklatu jolea da; Oribe, berriz, bateria jolea da. Hainbat musika estilo jotzen dituzte, eta gaur gauean kontzertua emango dute Donostian, Piraten gunean.

Dupla taldeako kideak: Beñat Oribe eta Gari Uriarte. DUPLA.
Joseba Arratibel Ladron.
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Gari Uriartek (Agurain, Araba, 1994) eta Beñat Oribek Dupla musika taldea osatzen dute. Egun, Nahieran birarekin ari dira, eta, gaur, Donostiako piraten Flamenka gunean kontzertua emango dute.

Gaur Donostian egongo zarete: zer espero duzue kontzertuaz?

Giro polita sortu nahi dugu, baina, batez ere, jendeari disfrutarazi nahi diogu. Azkenean, gure kontzertuak jendearentzat egindakoak dira; hortaz, haiek disfrutatu behar dute. Gau polita izango da, larunbata, eta leku ederra. Ondoren, gainera, bi DJ oso on [DJ Alvva eta DJ Brava] egongo dira.

Beste urteren batean jo izan duzue Donostiako Aste Nagusian?

Bai. Gure lehendabiziko kontzertuetako bat Donostiako Aste Nagusian izan zen, Zurriolan jartzen duten oholtza batean. Bestalde, joan den urtean ere Donostiako Aste Nagusian jo genuen. Kasu horretan, Piratetan [gaur bezala], baina COVID-19aren eraginez ikusleek eserita egon behar izan zuten. Aurten, ordea, aurreko urteko kontzertuaren bertsio ona edo originala eskainiko dugu.

Nola bizitzen duzue Donostiako Aste Nagusia?

Gu arabarrak gara. Donostiara Aste Nagusira joan izan gara, baina ez asko; ez dugu Aste Nagusia asko ezagutzen. Badakigu Piratetan sortzen den jai giroa ederra dela, eta gu oso pozik eta eskertuta gaude bertan jotzeagatik.

Zuen musika ibilbideari dagokionez, nola definituko zenukete zuen musika estiloa?

Gu Euskal Herrian jaiotzen ari den olatu berrian sartzen gara, orain gazte asko sortzen ari diren taldeak bezala. Musika aldetik estilo ezberdin asko jorratzen ditugu, baina egiteko modua nahiko antzekoa da kasu gehienetan. Gu, orokorrean, elektronika munduan sartzen gara, baita hip-hop munduan ere; ez dakit, egia esan zaila da definitzea. Gauza bat argi dugu: Euskal Herrian jaiotzen ari diren talde berrien olatu berri horren parte sentitzen garela guztiz.

Nolakoa izaten da zuen abestiak sortzeko prozesua?

Ez daukagu modus operandi jakin bat; kanta bakoitza ezberdin sortzen da. Guk gauza asko ordenagailuekin konposatzen ditugu, baina baita pianoarekin eta gitarrarekin ere. Horregatik esaten dut ez dugula modu finko eta itxi bat gure sorkuntza prozesuan. Helburu ezberdinak zehazten ditugu, eta horietara iristeko gauza ezberdinak probatu behar izaten ditugu.

Musikaz gain, itxura, jendearekin harremana, abestien zabalkundea QR bidez... asko zaintzen dituzue. Nola otu zitzaizuen hori?

Bai, bueno, azkenean musika talde bat ez da musika egitean bakarrik oinarritzen. Gauza asko egin behar dira, eta gure baitan ere badago gauzak probatzeko nahi hori, eta askotan natural ateratzen zaizkigu. Ez dugu egingo denek egiten dutena, gure izaera ez delako horrelakoa.

Orain Nahieran birarekin ari zarete; zer berritasun sartu dituzue aurreko birarekin alderatuz?

Gauza handitu da, publiko gehiago dago, baita olatu berri honetan ere. Jendea hasi da ulertzen eta barneratzen gizartean sartu diren musika estilo berriak, eta jada ez dugu ezer azaldu behar. Gazte belaunaldia, batez ere, oso era naturalean ulertzera heldu da gure proposamena, eta orain, nolabait, badakite zer entzutera eta ikustera etortzen diren. Esan dezakegu Euskal Herria gure izaera eta horrek guztiak biltzen duena nolakoa den jakitera heldu dela. Azken finean, hedapen bat egon da, eta jendea ohartu da horretaz: sortzeko modu ezberdinak daudela eta gu horren parte garela.

Diskoak ez kaleratzearen aldekoak zineten, baina orain, ordea, ateratzea erabaki duzue. Nola erabaki duzue hori? Jendearen eskakizuna izan da?

Horren inguruan abesti bat atera genuen: Kontraesanak. Gauza natural bat da azkenean, batzuetan gauza bat pentsatzen duzu, eta gero kontrakoa. Hala ere, diskoen inguruan gauza bera pentsatzen jarraitzen dugu. Diskoak ez dira saltzen, diskoak hilda daude. Azkenean heldu da puntu bat non ez dakidan seriotasun puntu bat izan den edo soilik bira egiteko aitzakia bat, zerbait fisikoa atera nahi genuela. Orduan, momentu horretan, ez genuen ezer berritzailerik sortu nahi, eta diskoa ateratzea erabaki genuen. Hala ere, aitortu behar dugu diskoak harrera ona izan duela, eta gu oso eskertuta gaude horrekin.

Bira urrian amaitzen duzue, etxean, Agurainen. Amaitu ostean, zer asmo dituzue musikan?

Urriko kontzertuaren ostean, atseden txiki bat egingo dugu. Nahiz eta guk ezer gutxi deskantsatzen dugun. Datorren urtera begira hasi gara zer egingo dugun planteatzen, kanta eta kontzertu gehiago ziur, baina bueno, beste era batera. Noski, Nahieran-ekin ere jarraituko dugu, baina zerbait berria ere aterako dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.