Abuztuaren 28an zen izatekoa epaiketa Burgosen. Gerra kontseilua, esaten zuten. Garmendiaren eta Anjelen kontra. Fiskal militarrak heriotza zigorra eskatzen zuen bientzat ere.
Nik ez nuen epaiketara joan nahi izan, edo ez nuen Anjelen epaiketara joateko balorea izan. Epaiketa eguna arte, astero Burgosera joanez ibili ginen ahizpa eta biok, Anjel ikustera joanda. Epaiketa egunean, berriz, ahizpari bisita kendu zioten, ez ziotela sartzen utziko esan ziguten, etxekorik ez zutela ametituko, ez lehengusu ez koinatu, neu beste inor ez. Ahizpari ere horixe esan zioten lehenago, ametsik ez egiteko, ni gaixotuta ere ez ziotela Anjel ikustera joaten utziko. Oso gaixorik egon beharko nuela, hiltzeko zorian, nire partez bera Anjel bisitatzera kartzelara sartzeko. Nire ahizpari esaten zioten alferrik ibiliko zituela medikuaren errezetak, nik anginak nituela, edo sukarrak jota nengoela. Ezetz... Oso gogor hartu zuten nire ahizpa. Ni baino gogorrago ere bai, behar baldin bada.
EPAIKETA
Ez nuen epaiketara joateko balorerik izan. Ahizpak kontatuta dakit. Ez zen gau goxoa izan. Hiru egun eman zituzten Burgosen, bezpera aurreko egunean joan behar izan zuten eta. Esaten zuten, bestela ez zutela tokirik izango. Ahizpa joan zen, eta nire koinatua, eta ilobak, eta Anjelen lagunak. Kuadrilla joan zen hemendik, baina inork ez zuen Anjel ikusi. Garmendiaren anai-arrebak ere hantxe izan ziren, baina inori ez zioten epaiketara sartzen utzi.
Hantxe zen Frantziako kazetari bat ere, emakumezkoa, eta hark esan omen zien gureei: «Zer esaten ari zarete, ordea? Ez dizuetela sartzen uzten? Zeuek zarete sartzen lehenak izan beharko zenuketenak!». Alferrik. 24 lagunentzako tokia omen zegoen. Eta kalekoz jantzitako poliziek bete omen zuten dena. Ez zuten urte batzuk lehenago Burgosen bertan gertatutakoa berriz gertatzerik nahi.
Eta Frantziako kazetari hark militar batekin hitz egin omen zuen eta hark furgoneta batean sartu eta epaiketa tokira eraman omen zituen. Hara ailegatu eta komandante bat etorri omen zitzaien. Kazetari harekin hitz egin zuen, eta zain egoteko esan zien, bazitekeela tokia egotea. Ea ezer jan nahi zuten galdetu omen zien, ogitartekoren bat, alegia. Nire ahizpak, ezetz. «Zuen ogitartekorik ez dut nahi nik. Barruan egon besterik ez dut nahi nik, Anjelen ondoan». Horrela ibili omen ziren. Komandantea joan zen, eta, gero, berriz etorri zen. Epaiketa bukatzeko zorian zegoela, alferrik sartuko zirela orduan. Eta hantxe gureak eta Garmendiaren senideak, banku batzuetan jarrita. Handik gutxira, kalekoz jantzitako polizia bat etorri, eta bukatu zela esan zien. «Eta ezin al dugu gureekin hitz egin?», eta «Ezta pentsatu ere, ezta pentsatu ere!», esan zieten. Eta alde egin behar izan zuten denek. Gureak Nuarbera, eta Garmendiarenak Abaltzisketara.
HERIOTZA
Fusilatu behar zuten egunaren bezperan Burgosera joan ginen. Iluntzeko hamaikak aldera, lau autotan sartu eta joan ginen. Goizeko ordu biak aldera ailegatu ginen kartzelara. Edo kartzelatik kilometro batera. Kontrola, guardia zibilena. Orduan ere ez ziguten sartzen utzi. Niri beste inori ez zioten utzi. Ez nuen ezertarako adorerik, negar eta negar egin nuen. Gure Anjelek hartu zituen lanak, ni lasaitzeko! Baina alferrik zen, ni ez nintzen gauza. Kartzelara negarrez sartu nintzena, negarrez irten nintzen kartzelatik. Goizeko hiru eta erdiak ziren handik irten nintzenean. Senideek eta lagunek hartu ninduten eta Nuarbera eraman ninduten. Ez nintzen gauza.
Ahizpa-eta hantxe gelditu ziren. Kamioizaleak gelditzen ziren taberna bat ikusi eta haraxe joan omen ziren, atzetik poliziak segika zituztela. Kartzelara bueltaka ibili ziren, pare bat aldiz hara joan, baina ezetz, ez zietela sartzen utziko. Goizeko zortzietan joateko, badaezpada ere. Autoan sartu eta haruntz eta honuntz ibili ziren gau osoan, irratia aditzen ere bai, ezer esaten ote zuen.
Goizeko zortzietan joan, eta ezer ez. Handik ordu erdira-edo joateko berriz.
Goizeko zortzi eta erdietan joan, eta sartzeko barrura. Harritzekoa, ordu arte sekula ez zieten-eta sartzen utzi. Eta ahizpak: «Zer, akabatu al duzue?», eta «Bai». «Baina noiz izan da, bada?», «Oraintxe dela minutu batzuk. Ez dago zer eginik». «Eta nola akabatu duzue?», «Fusilatuta». Eta kartzelara eraman zuten nire ahizpa, Anjelen arropa jasotzera. Gorputza ikusi nahi zuela esan zien ahizpak guardiei, baina haiek ezetz. «Zertarako ikusi nahi duzu ezer?», esan zioten, eta ez zioten Anjel ikusten utzi. Gero, forentseak esanda, nire semeari sei tiro eman zizkiotela jakin zuen. Arropa hartu eta irten zen handik ahizpa, baina ez telefonoz hots egiteko, gero! Eta gorputza herrira ailegatzen zenean, zaratarik ez ateratzeko!
BURGOS
Anjelen gorputza Nuarbera ekarri behar zen, ordea, eta hilkutxa behar horretarako. Burgosera joan, miserikordiako ehorztetxera, eta hantxe inguratu zuten hilkutxa. Baina han ere zain egon behar izan zuten. Artean eguerdian ez zuten kutxarik. «Etorri hemendik ordubetera. Ordurako egina izango da».
Telefonoa ez dantzatzeko agindu zieten, baina nola ez ziguten, bada, hots egingo! Azpeitian eta Nuarben zain-zain zegoen jendea. Denak zain-zain. Eta eguerdian, ordu biak aldera-edo, gure senide bat eta Garmendiaren anaia, autoa hartu eta Nuarbera etorri ziren, gauzak atzeratzen ari zirela esateko.
Bitartean, ahizpa-eta Burgosen, hilkutxaren zain. Behin eta berriz joan eta ezer ez. Ehorztetxekoak poliziarekin bat hartuta zeudela ere pentsatu zuten gureek. Joaten ziren aldiro, paper diferente bat eskatzen zieten. Arratsaldeko lauretan joan ziren azkena, eta hilkutxa eta heriotza-agiriak kartzelara eraman zituztela esan zieten. Jira eta buelta.
Kartzelara joan eta hildakoaren furgoiaren atzetik irten ziren, karabanan. Baina poliziek beste auto batzuk sartu zizkieten gureei tartean, eta Burgoseko irteeran, haietako batzuk semaforoan gelditu, eta furgoiak aurrera egin zuen. Gureak segi eta segi furgoia harrapatzeko, baina hura ez zen azaltzen. Ez zekiten nora joan zen. Kontua da Nuarbera ailegatu zirenean, artean Anjelen gorputza zekarren furgoia ez zela etorri. Nonbait, Burgosetik Nuarbera zuzenean etorri beharrean, poliziak Logroñotik joan ziren, handik Iruñera gero. Ilunduta eta berandu ailegatzeko intentzio garbia zeukaten haiek. Ahizpa-eta zazpiak laurden gutxitan etorri ziren, eta, artean hamarretan, furgoia ez zen ageri.
NUARBE
Ez zuten guk zarata ateratzerik nahi, jendea biltzerik nahi, baina alfer-alferrik ibili ziren. Jendeak jakin egin zuen, nik ez dakit nola, eta Nuarbe eta inguruko mendi eta kaminoak jendez bete ziren. Herriko jendea bai, eta baita poliziak eta guardia zibilak ere. Bizian ez nuen hainbeste polizia eta guardia zibil ikusi. Hango jeepak eta hango autobusa!
Iloba batek aurpegia eman zien jeep bateko guardiei, ea non zegoen Anjel, non zegoen furgoia. ETAkoen kontrako salaketa jasotzen zutenean mantsoagatik mugitzen zirela, hots egin zutela batera eta bestera, eta ea zergatik ez zuten Burgosera hots egiten, Anjelen gorputza non zen jakiteko.
Zeharo ilunduta zegoen Anjel ekarri zutenean. Eta hartu linternak eta hartu kandelak eta kanposantura igo ginen. Artean ez zen kanposanturainoko kaminorik. Gerora egin zuten, Anjelen hobia ikustera jende asko zetorrelako. Urte hartan, hala ere, guardia zibilek gogor egin zuten, senideei besterik ez zieten utzi kanposantura sartzen.
Baina alferrik zen, berandu zebiltzan. Hurrengo urtean sartu ziren 1975eko egun hartan gure kanposantuko nuarbera sartu ez zirenak. Eta inork egundaino pentsatuko zuena baino askoz jende gehiago. Askozaz.
Egiaz eta begiaz
Kanposantuko aldapa
Maria Otaegi Etxeberria izan zen, Anjelen ama. 1975eko irailaren 27an, goizeko 08:00etan fusilatu zioten semea Burgosen. Haatik, ez hiriburuan, handik dozena kilometrora nahiko bazter eta ezkutuan baizik. Amaren ahotsa da, haizearen xuxurla hostoetan iduri. Dakienetik bezainbat ari da ahizpak esandakotik, berak, negar eta negar, ez baitzuen berbertan izateko «balorea izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu