Uzkian azkura edo mina sentitzea izaten da lehen abisua,kaktus baten gainean esertzearen antzekoa. Nutrizionistarengana edo medikuarengana jo ondoren, diagnostikoa: «Hemorroideak dituzu». Adituen arabera, ia biztanleen erdiek izango dituzte noiz edo noiz. Ohikoak izateak, ordea, ez du esan nahi jendeak erraz hitz egiten duenik horiei buruz. Lotsa iturri dira sarri, eta, sarri askotan, ezkutuan edukitzen da gaixotasuna.
Tabua izan arren, ahoan bilorik gabe heldu dio gaiari Tiktok sare sozialean Nerea Garmendia aktore eta umoristak: «Ez nuen zuei hau kontatzeko asmorik; ez da erakargarria: hemorroideen ebakuntza egin dut». Umorez, ebakuntza osteko botiken eta izandako esperientzien berri eman zuen bideoan.
Istripu baten ondorioz hasi zen hemorroideekin arazoak izaten: «Duela urte batzuk, istripu bat eduki nuen, eta odol dezente galdu nuen. Transfusioa egin behar izan zidaten. Anemia eduki nuen, burdina eman zidaten, eta hor hasi ziren nire arazoak gai honekin». Medikuak ebakuntza egitea gomendatu zionez, hari kasu egitea erabaki zuen. Eta ondoren, horri buruzko gorabeherak kontatzea.
Garmendia sinetsita dago, esperientzia onak sareetan partekatzen dituen bezala, hain onak ez direnak kontatzea ere onuragarria dela. «Ni naizen bezalakoa naiz, eta sareetan jartzen dut beti dena. Orduan, gauza zoragarriak gertatzen zaizkidanean, jarraitzaileekin konpartitzen ditut, eta gauza txarrak gertatzen zaizkidanean ere bai», esan du. Aktoreak uste du sareek errealitatea erakutsi behar dutela, eta gauza onak soilik erakustea ez zaio zintzoa iruditzen: «Bestela, ematen du dauzkagun bizitzak idilikoak direla».
Gaia tabua dela erakusten duebakuntza egin zuela kontatzean lagunek esandakoak: «Nere, hau ez ezazu kontatu». Berak, aldiz, kontrakoa egitea erabaki zuen: «Esatea erabaki nuen, badaudelako gaixotasun batzuk tabuak direnak, eta inor ez dena ausartzen horiei buruz hitz egitera. Gehienbat, jende asko eta askok izaten dituelako, eta, inork ez duenez horri buruz hitz egiten, bitxiak garela dirudielako». Gaia normalizatzearen alde egin du, bereziki pertsonaia publikoa den heinean, ikusgarritasuna ematearren.
Komunikabideekiko ere kritiko azaldu da, ez baita gai bat azaleratu eta hedabideetan ateratzen den lehen aldia. Duela urtebete, audifonoa jarri zuela kontatu zuen sare sozialetan. 25 edo 30 hedabidetan atera zen argitalpen hori egindakoan. «Esaten zuten: 'Nereak hau kontatzeko ausardia izan du'. Nik nire baitan pentsatu nuen: baina zergatik ausardia? Azkenean, gizarteak egiten du horrelako gaixotasunak tabu izatea».
Bideoa zabaldu zuenetik, erantzun ugari jaso ditu, baina den-denak positiboak. Egunean hamar edo hamabost bat mezu jasotzen zituen, eskerrak emateko, edo zalantzak galdetzeko. Hori da gauzarik politena, Garmendiaren hitzetan: «Niretzat, eduki dudan pozik handiena izan da jendeari lagundu ahal izatea».
Umorea sendagarri da aktorearentzat, eta ikuspuntu horretatik lantzen ditu gaiak, edozein izanik ere. Duela gutxi, film labur bat egin du, kontatzen duena hemendik hogei urtera ez dela nahikoa janaririk egongo herritar guztientzat. «Horrelako gaiekin oso garrantzitsua da umorea erabiltzea. Niretzako erremintarik garrantzitsuena da bizitzan. Zure arazo pertsonalekin ere bai».
Pozik dago ebakuntzaren emaitzarekin, medikuaren gomendioak «zorrotz» jarraituta, oso ondo joan delako. Osasun sistemari eta langileei eskerrak emanez amaitu du elkarrizketa. «Ebakuntza egin eta 24 ordura, txakurra paseatzen ari nintzen. Niretzat, esperientzia oso ona izan da, eta daukagun medikuntza eta osasun sistemari esker. Zaindu beharra daukagu, haiek beti daudelako gu zaintzen».
Medikuarengana, berandu
Bai hitza lau bider errepikatu du Amaia Palomar lehen arretako medikuak, hemorroideak tabua ote diren galdetzean. «Oso ohikoak» izan arren, jende asko ez da ohartzen dituenik ere, eta beste askok ez dute esan nahi dituztenik: «Normalean, pazienteak etortzen dira oso mingarriak direnean, eta prebentziorako metodoak azaldu beharrean, tratatzen hasi behar izaten dugu. Baina, aurrez, ez du inork ere kontsultatzen».
Zer dira, ordea, zehazki, hemorroideak? «Barize zaintsu eta arteriola batzuk dira, ondesteko baskularizazioan agertzen direnak, uzkian eta ondestean. Funtsean, odol pilaketa bat da; hanketako barizeen modukoak», azaldu du.
Asintomatikoak izan litezke, eta bi arrazoi nagusi egon litezke sortzeko, medikuaren arabera: «Batetik, odolaren itzuleraren buxadura organikoa egotea, hots, arazo organiko bat egotea —haurdun zaudenean, porta zainean arazo bat duzunean, tronbosi bat duzunean...—. Bestetik, buxadura bat egotea berez —genetikoa delako, idorreria daukazulako edo faktore anatomiko-fisiologiko jakin batzuk dituzulako...—».
Kanpoko zein barneko hemorroideak daude, eta, normalean, kanpokoak dira min ematen dutenak, eta, barrukoak, aldiz, azkura eragiten dutenak. Dena den, lau mailatan bereizten dira. Lehenengo mailan, hemorroidea ez da guztiz ateratzen, kanpokoa da, baina ez dago guztiz kanpoan. Bigarren mailakoa bada, esfortzua egindakoan kanporatzen dira, eta horiek garbitzearekin nahikoa da. Hirugarrenean, esfortzua egitearen ondorioz ateratzen dira, baina, gero, beharrezkoa da hatzez sartzea, tamaina murrizteko. Laugarren mailakoa izaten da guztiz kanpoan dagoenean, eta ezinezkoa denean barrura sartzea.
Palomarrek uste du hemorroideak ez izateko modurik onena prebentzioa dela: onuragarria da ariketa fisikoa egitea, edo zuntz askoko elikagaiak jatea, esaterako. Behin atera direnean, berriz, ura eta xaboiarekin garbitzea gomendatu du, komuneko paperarekin garbitu beharrean. Edo eserikako bainuak hartzea, ur epeletan jarrita, txikiagotu daitezen. Minarentzat kremak ere badaude, kortikoide edo nitroglizerinadunak, adibidez.
Ebakuntza gomendatzen dute, batez ere, hemorroideak sarri izatean, edo min izugarria izatean. «Baina egia da posible dela berriro ere sortzea, hanketako barizeak bezala», onartu du.
Trantsituaren garrantzia
Eli Gallego dietista eta nutrizionista ere ohituta dago hemorroideak tratatzera. Elikadurak ere, zeharka, harremana daukala azaldu du: «Azken finean, elikatze ereduan aldaketa bortitzak egiten ditugunean, oso normala izaten da nahasmendu funtzional bat izatea. Eta nahasmendu funtzional bat daukagunean, ohikoa da horrelakoak izatea».
Elikagaiak hesteetatik pasatzen diren abiadurarekin dute zerikusi handiagoa, Gallegoren hitzetan. Izan ere, jandakoaren arabera, azkarrago edo motelago iragango da. «Bola fekala, hau da, kaka, oso metala baldin bada, idortu egiten da, eta, oso idorra dagoenean, indar handiagoa egin behar denez, uzkiko zainak edo hemorroideak ateratzen dira». Lehorra denean, antzera: azidoak izaten dira, eta «erretze» sentsazioa sortzen dute; horren ondorioz, zainak kanpora ateratzen dira.
Askotan, jendeak uste du idorreriarekin harremana dutela, baina, Gallegoren hitzetan, beherakoarekin ere zerikusi handia izaten dute: «Gehienetan, pertsona bat etortzen baldin bada, egunean bi eta sei aldi bitartean kaka egiten duena, eta, gainera, arin, hemorroideak izaten ditu».
Orduan, zer egin liteke horiek ekiditeko? Jende askok, idorreriarekin zerikusia dutela irakurtzen duenez, zuntza duten elikagaiak jatera jotzen duela dio nutrizionistak: «Zuntz mota asko eta asko daude, eta, egia da, zuntz disolbagarria oso ona izan daitekeela; baina, zuntza disolbaezina bada, —zenbait zereal integraletan-eta dagoena—, baliteke ez hain ona izatea». Beraz, hemorroideak zerk sortu dituen aztertu beharko litzateke lehenik, horrelako elikagaiak jaten hasi ordez.
Idorreria izan ala ez, ura edatea oso garrantzitsua dela dio Gallegok, hidratatuta egotea ezinbestekoa delako. Azaldu du horrekin batera beti laguntzen duela gantza ez jatea: «Gantza, berez, urdailetik beranduago ateratzen da, eta hesteetako mugimenduak askoz ere motelagoak izaten dira gantz asko hartzen dugunean». Horrez gain, bat-batean elikatze ereduak aldatzeak, gorputzari egokitzeko tarterik utzi gabe, edo alkohola erregularki kontsumitzeak ere sor ditzakete.
Kafeina ere txarra dela esan ohi da, heste-igarotzea asko azkartzen duelako. Dena den, nutrizionistaren aburuz, kafeinak berez ez du ezer txarrik: «Baina horrelako egoera batean baldin bazaude eta ohartzen bazara kafeinak eragiten duela zure hesteak pila bat mugitzea, ekidin beharko litzateke». Horrez gain, gomendatu du ere kafe torrefaktua ez hartzea, «oso narritagarria» izaten baita. Eta janari kopuruak ere eragiten du: hobe da janari kantitate txikiagoak gehiagotan jatea, otordu batean asko jan eta pilaketa sortzea baino.
Dena den, adierazi du jendea ez dela hemorroideak dituela esanez kontsultara joaten. Sarri, hemorroideak arazo handiago baten albo kalte bat izan ohi direla aitortu du: idorreria, gastritisa, heste suminkorraren sindromea... «Egunerokoan, nire paziente gehienek izan dezakete hemorroideren bat. Baina, gehienetan, ez da haien arazorik handiena izaten». Eta, arau orokorraren aurka, lotsa etxean uzten dutela esan du, barrez: «Hemen kakari eta puzkerrei buruz hitz egiten dugu!».
Kanpora zainak, kanpora lotsak
Gaixotasun ohikoa izan arren, isilpean eraman ohi ditu jendeak hemorroideak. Odolbilduak dira, azken batean; uzkian ateratzen diren barize moduko batzuk. Horien prebentzioan lan egin beharko litzateke, profesionalen ustez. Besteak beste, elikatze ereduan aldaketa bortitzik ez egitea, kirola egitea eta ura edatea gomendatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu