Elkarrizketa egitea proposatu, eta zalantzan jarri du ea kontatzeko gauza interesgarririk daukan Mamen Alonsok (Donostia, 1946).Gauza interesgarri asko kontatu ditu, ordea. «Hesi asko puskatzea» egokitu zaion emakume belaunaldi batekoa, ibilbide oparoa egin du hezkuntzan, betiere premia handiena dutenei laguntzen. Erretiroa hartu zuenean, Hazi eta Ikasi sortu zuen beste irakasle ohi batzuekin, Donostian: eskola orduak bukatu eta gero bakarrik geratzen ziren haurrei babesa emateko, eta etxeko lanak egiten eta ikasketetan aurrera egiten laguntzeko, boluntarioen bidez —ez dute irakasleak izan behar—. Alonso kezkatuta dago, berez laguntza gehien behar zuten ikasle horiek etxean bakartuta eta babes gutxiagorekin geratu baitira, COVID-19ari aurre egiteko itxialdiaren eraginez.
Nor da Mamen Alonso? Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Pertsona normala naiz. Aktiboa, hori bai. Betidanik izan ditut nire idealak, eta defendatzen saiatu naiz. Ez dakit jaso nuen heziketagatik den, baina sentibera naiz gehien sufritzen dutenenekiko.
Gurasoen eraginez?
Bai. Horri buruz hitz egiten zen. Heziketa kristaua eta katolikoa jaso nuen, baina eboluzionatu egin dut. Gaztetan borroka dezente egin nuen diktaduraren kontra, Cristianos por el Socialismon... Inoiz ez naiz alderdiren batekoa izan, baina gertatzen ari zenaren kontra borroka egiten nuen, protestetan parte hartzen nuen. Ez naiz etxean eserita geratzekoa.
Bizitza hezkuntzari eman diozu, baina hezkuntzan aritzeko gogoa berandu sortu zitzaizun.
Mojen eskola batean egin nituen oinarrizko ikasketak. Gero administrazioa ikasi nuen, akademia batean. Eraikuntza enpresa batean hasi nintzen lanean, baina ez zitzaidan gustatzen. Utzi egin nuen ezkondu nintzenean. Orduan ia denek uzten zuten, eta enpresak ere hori egitea gomendatzen zizun. 28 urterekin hiru seme-alaba nituen. Konturatu nintzen ezin nintzela etxean egon. Seme-alabak ikastolan hasi zirenean, ikasteari ekin nion, unibertsitatean sartzeko. Irakasle ikasketak egin nituenaurrena, pedagogia terapeutikoa gero.
Bazegoen pedagogia terapeutikoan lan egiteko aukera? Non hasi zinen?
Aurrena, Aspacen, garuneko paralisia dutenekin; gero, Gureak-en eta Atzegin, adimen urritasuna zutenekin; eta, azkenik, Gautenan, Gipuzkoako Autisten Elkartean, 1985 inguruan.
Zer-nolako lana egiten zenuten?
Irakasle bat eta begirale bat egoten ginen bost haurrekin. Komunikazioa, autonomia pertsonala eta gaitasun sozialak lantzen genituen, autonomoak izan zitezen.
Oroitzapen onak dituzu?
Bai. Umeak asko maite nituen. Hala ere, gogorra zen duela 35 urte ume autistekin lan egitea. Kasu asko oso sakonak ziren, urritasun intelektualen bat zuten, eta batzuetan erasokorrak ere baziren.
Gautena aitzindaria izan zen autistekin egindako lanean.
Hemendik kanpo miresten gintuzten, harri eta zur geratzen ziren egiten genuena kontatutakoan.
Orduan autistak zentro berezietan egoten ziren. Noiz egin zenuten jauzi eskoletara?
1990eko hamarkadan, asko hitz egiten hasi zen normalizazioaz, autistak ikastetxe arruntetan egoteko beharraz. Gautena gela iraunkorrak sortzen hasi zen eskoletan. Eskolek leku bat uzten zuten, eta hara joaten ziren begirale bat, irakasle bat eta autismoa zuten bost haur. Helburua zen haurren bizitza normalizatzea eta gainerako haurrek autismoa zutenak ezagutzea. Atsedenaldian elkarrekin jolasten ziren, elkarrekin bazkaltzen zuten eta ikasgairen bat ere batera ematen zuten. Garai korapilatsuak izan ziren, jendeak ez baitzekien zer zen autismoa zuen haur bat.
Nekatu zinen?
Momentu batetik aurrera nekatzen eta erretzen hasi nintzen. Utzi egin nuen.
Nora joan zinen?
Donostiako Asuncion eskolara. Pedagogia terapeutikoko gela bat sortzea proposatu zidaten.
Zer-nolako gela sortu zenuen?
Hezkuntza premia bereziak zituzten nerabeen gela bat zen. Urritasun intelektualen bat zuten. Horietako askok bazterketa sozial arriskua zuten, hautsitako familietakoak ziren, harrera etxeetakoak... Ezin zituzten eskola arruntak hartu, eta programa indibidualak egin behar ziren. Gauza funtzionalak erakusten genizkien, bizitzan laguntzeko.
Asuncion eskolan hartu zenuen erretiroa. Hala ere, hezkuntzan lanean jarraitu zenuen. Zuk zeuk eta bi irakaslek Hazi eta Ikasi sortu zenuten 2009an, eskola orduak bukatutakoan, arratsaldeetan, haurrei laguntzeko.
Donostiako bi auzotan hasi ginen, Amaran eta Bidebietan, zortzi edo bederatzi boluntariorekin. Gure kontura ari ginen, eta lagun batek erregistratzeko gomendatu zigun. 2010ean hasi ginen elkarte gisa, Hazi eta Ikasi.
Eskola orduak bukatu eta zer gertatzen zen?
Eskolatik 17:00etan ateratzen ziren, baina haien gurasoak lanean ari ziren, eta haurrek ez zeukaten inor haietaz arduratzeko, laguntzeko. Garai hartan haur dezente egoten ziren horrela. Lankide batek giltzaren haurrak deitzen zien, etxeko giltzak soinean eramaten baitzituzten. Guk familiaren hutsunea bete nahi genuen. Gehienak egoera sozioekonomiko kaskarra duten familiak dira.
Hasierako asmoa lotuagoa zegoen gizarte laguntzari edo hezkuntzari?
Hasieran, denbora laburrean, gizarte laguntzari. Harrera leku bat sortu nahi genuen, baina harrera zentroekin hasi ginenean, konturatu ginen hezkuntzan sakondu behar genuela, etxeko lanak egiten lagundu behar geniela.
Zer esan zizueten ikastetxeek?
Ondo iruditu zitzaien, jakina. Ikastetxe askorekin aritzen gara elkarlanean. Premia handiena duten ikasleak antzeman eta proposatzen dizkigute. Ikasle bakoitzaren gabezia akademikoak esaten dizkigute, eta familiekin harremanetan jartzen gaituzte.
Hazi eta Ikasik sekulako hazkundea izan du. Zein dira elkartearen zenbakiak?
Donostiako lau auzotan lan egiten dugu: Amaran, Antiguan, Bidebietan eta Egian. 7 eta 14 urte bitarteko 240 haur eta neraberi baino gehiagori laguntzen diegu, eta 150 boluntario ditugu. 30 ikastetxerekin ari gara elkarlanean. Haurrak astean bitan etortzen dira, ia bi ordu egitera. Talde berezi bat ere badaukagu, dislexia eta ikasteko zailtasun bereziak dituztenei laguntzeko.
Edukiak irakastea bezain garrantzitsua al da ikasle horiek motibatzea?
Bai. Horregatik, boluntarioek harreman estua dute haurrekin. Normalean boluntario batek bi haurrekin lan egiten du gehienez.
Errebelde asko al dituzue?
Orain ez, lehen gehiago. Baten bat bidali dugu, taldea aztoratzen zuelako. Saiatzen gara jarrera txarrak izan ez ditzaten.
Eskoletako martxari jarraitzeko dituzten arazoak beste arazo batzuen ondorio dira?
Haur bat emozionalki ondo ez badago, zaila da eskolan kontzentratzea. Etxean arazoak baldin badaude, haurrek guztia nabaritzen dute, eta eskolan ondorioak ditu.
Lan terapeutikoa ere egiten duzue?
Ez ditugu hartzen arazo psikologikoak-eta dituztenak. Ez gaude prestatuta haiei laguntzeko.
Hezkuntzan oinarritzen zarete, baina lotura estuak sortuko dira boluntarioen eta haurren artean.
Harreman afektiboak sortzen dira, batez ere haur txikienen eta boluntarioen artean. Ez gara sartzen haur bakoitzak etxean bizi duen egoeran, ez dugu jakin nahi izaten; baina sarritan nabaritu egiten dugu, eta tutoreekin hitz egin behar izaten dugu horretaz.
Gehienak etorkinen seme-alabak dira?
Bai, %80 inguru. Prozesua errepikatu egiten da: aurrena ama etortzen da, eta seme-alabak amonarekin uzten ditu, jatorrizko herrialdean; gero, seme-alabak ekartzen hasten da; eta haur horiek amarekin bakarrik daude, edo amak hemen duen bikotekide berriarekin. Eta bikotekide horren seme-alabekin. Herrialde berri batean, hezkuntza sistema berri batean, batzuetan ikasturtearen erdi-erdian iritsita, ikaskide berriekin, hizkuntza berri batean edo bitan... pentsa. Oso zaila da halako egoera batera egokitzea.
Ahalegin berezia egin behar izaten duzue ikasle horien euskarazko gaitasuna indartzeko?
Bai. Haur bat txikitan etortzen denean, oso erraz ikasten du euskaraz, baita etxean euskaraz egiten ez badiote ere. 8-9 urtekoak, ordea, ikasturtearen erdian etortzen badira, oso zaila egiten zaie. Euskara menderatzen ez badute, gainerako ikasgaiak ere ez. Euskara da gainerako guztia ulertzeko tresna. Horrek ezintasun handia eragiten die, eta ikasleen porrota ere eragiten du. Ikasle horien murgiltzea asko zaindu behar da.
Gehienak eskola publikoetakoak dira?
Bai, %80tik gora.
Segregazioa badago?
Bai, jakina.
Hazi eta Ikasi egongo ez balitz?
Ez dakit haur horiek hezkuntza sisteman aurrera egingo luketen. Kanpoko laguntzarik gabe, asko erori egingo lirateke. Hezkuntzak sekulako ezberdintasunak sortzen ditu. Saiatzen gara gutxienez DBH bukatu dezaten, bestela ez baitaukate ezer.
Eskolan huts egitea bizitzan beste arazo batzuk izateko abiapuntua izan daiteke?
Hala ikusten dugu. Eragin handia dauka autoestimuan. Asko porrot batetik bestera ibiltzen dira. Ilusio handia egiten digu gure ikasle izandakoak etortzen direnean eta esaten digutenean lanbide bat ikasi dutela.
Ziurrenik, bizitu behar izan duten guztiagatik, haur azkarrak izango dira.
Oso azkarrak dira, baina hainbat baldintzak bat egiten dute eta lehergailu bat sortzen da.
Berez sistemak berak aurre egin beharko liokeen arazo bat konpontzen ari zarete?
Sistemaren zulo bat estaltzen ari gara. Administrazioak egin beharko luke. Esan izan dut Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarena joan behar dudala, egiten duguna azaltzeko.
COVID-19 izurritearen eraginez eskolak itxi zituzten eta ikasleak etxera bidali. Etxean ari dira ikasten. Zein egoeratan daude zuen laguntza jasotzen zuten ikasleak?
Bai. Guraso guztiei deitu diegu, ea laguntza behar duten galdetzeko. Hamabostekin ari gara lanean. Kezkatuta gaude, guztiek ez baitituzte baliabideak Internet bidez ikasteko, ez baitakite interpretatzen eskolatik eskatzen dietena eta ez baitakite euskaraz. Guraso guztiei deitu diegu, ea laguntza behar duten galdetzeko. Hamabostekin ari gara lanean.
Gehiago izan daitezke arazoak dituztenak?
Bai. Batzuek ez dute erantzun.
Eta irailetik edo urritik aurrera, zer? Ikasturte hasiera gogorra izan daiteke.
Ez dakigu guk zer egin ahalko dugun. Horretaz aparte, arrakala handiagoa izango da. Ez dakit nola egingo duten. Guk dauzkagun haurrengan pentsatzen dut, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan irakurtzen eta idazten ez dakitenengan. Hori gaztelaniaz. Euskaraz gutxiago. Pentsa zer-nolako aldea egongo den ikasle batzuen eta besteen artean.
Mamen Alonso. Hazi eta Ikasiren sortzaileetako bat
«Kanpoko laguntza gabe, haur asko hezkuntza sistematik eroriko lirateke»
Ikasteko zailtasunak dituzten haurrei eskaini dizkie irakasle urteak, baita erretiratu eta gero ere. Hazi eta Ikasi elkartea sortu zuen, hezkuntza sistemaren bazterretan dabiltzan Donostiako haur eta nerabeei eskolatik kanpo laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu