Kazetaria

Mari Jose Lasa: «Kanpoan bizi izandako urte horiek eratu egin naute, nolabait»

Genevan, New Yorken, Bagdaden, Ammanen, Beiruten eta Erroman bizi izan da Lasa; begiak zabalik, pentsamendu ireki bezain kritikoarekin. Urtetan, Euskadi Irratian eman du Ekialde Hurbileko berri. Salatu du oraingoan «muga guztiak gainditu» dituztela Gazan.

MARI JOSE LASA
Mari Jose Lasa, Garingo (Beasain, Gipuzkoa) bere etxearen kanpoaldean. GOTZON ARANBURU / FOKU
ane insausti barandiaran
Garin
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Enarak ez omen du behin egindako habiarik inoiz aldatzen; hala dio esaerak, behintzat. Ez da Mari Jose Lasaren kasua (Garin, Beasain, Gipuzkoa, 1957), munduko sei bat lekutan bizi izan baita, senarra zenaren lana zela eta —Nazio Batuen Erakundeko itzultzailea zen—. Halere, Garingoa du lehenengo habia, eta bertan bizi da azkenaldian, eraikitako harreman sareko lagunen eta senideen habiak bisitatzeari utzi ez badio ere. Kazetaritzan diplomatua da, eta Euskadi Irratiko berriemaile izan zen hainbat urtez, Ekialde Hurbilean. Oraindik ere kolaboratzen du, Baipasa saioan. Kazetaritza ez du bere bizitzaren erdigunea, baina koadernoa eta boligrafoa eskuan izan ditu elkarrizketa egin bitartean. Eta mahai gainean, atzerriko lagun batek emandako Siriako galletak.

Prest daukazu maleta. Nora zoaz oraingoan?

Bisitak egiten ditut, eta oraingoan ere hala noa. Galiziara askotan joaten naiz; Portugalera ere bai, lagun minak baititut han. Baina Tunisiara, Erromara eta Parisera joaten naiz gehienbat, nire loturei jarraituz: alabak ditut Parisen eta Erroman, eta Tunisian senarra zenaren familia osoa ia. Eta, aldian behin, bestela ateratzen diren bidaietara joaten naiz.

Zenbat denbora ematen duzu Garinen, eta zenbat kanpoan?

Hamar edo hamabost egunerako joaten naiz, ez hilabeterako, lehen bezala. Joan-etorrian ibiltzen naiz.

Zer ematen dizu tarteka etxean eta tarteka kanpoan egoteak?

Urte batzuetan hemen egon naiz, eta pandemia zela eta, mugitzea konplikatua zelako, oso gutxi mugitu naiz. Baina kanpoan bizi izandako urte horiek eratu ere egin naute nolabait, eta asko sumatzen nuen horren hutsunea: falta zitzaidan bertakoa ez zen jendearekin egotea, beste hizkuntza batzuk hitz egitea, kanpoko loturei jarraitzea...

Nora eman zenuen kanporanzko lehen pausoa?

Aurrena, Beasainera, institutura. Hamalau ikasle ginen Garinen, eskola txikia zen. Beasaingo institutua ireki zuten, eta hara joan ginen; nik 11 urte nituen. Adin desberdinetako hamalau umerekin egotetik, 42-44 pertsonako klase batera joan ginen, denak geure adinekoak. Hori nahiko gogorra izan zen. Beasainen esaten ziguten baserri kutsua geneukala, usain txarra.

Baina ez zinen kikildu, eta Donostiara joan zinen ikastera.

Institutukoa baino askoz ere txikiagoa izan zen hirira joateko saltoa. Gainera, izugarrizko gogoa nuen, 16-17 urte nituen, eta bizitzaren pauso inportante horietako bat da etxetik irtetea.

«[Kazetaritza] egin beharreko lana da; horren froga da zenbat kazetari hiltzen dituzten, molestatzen dutelako».

Historia ikasten hasi zinen, ezta?

Donostian hiru urtez egon nintzen; Historia ikasten hasi nintzen, baina utzi egin nuen. Franco hil zen urtea zen, eta urte arraro samarra izan zen. Gau eskoletan aritzen nintzen, euskara irakasten. Gero, Mariaren Lagundian aritu nintzen euskara irakasten, eta hori ere oso traumatikoa izan zen: bostehun bat ikasle neuzkan, eta gehienek ez zuten inongo motibaziorik. Hor erabaki nuen ez nintzela inoiz irakasle izango.

Eta Bilbora kazetaritza ikastera joan zinen.

Iristen nintzen leku batera, eta orduantxe irekitzen zuten; geurea izan zen, 1982an diploma eskuratu genuona, bost urteak bertan egin zituen lehen belaunaldia.

Han zeundela, Genevara egin zenuten bidaia. Dirua lortzeko?

Bai, azken bi urteak hanka bat hemen eta bestea Genevan nuela egin nituen. Txanponak biltzera joan nintzen, baina, apurka-apurka, kanpokoaz interesatzen jarraitu nuen; uste dut kanpoan ondo sentitzen nintzela. Beti izan dut besteak nola bizi diren jakiteko kuriositate bat, besteenganako jakin-min ikaragarria.

Jakin-min hori izan zen, agian, kazetaritza aukeratzeko arrazoia?

Izatekotan, hori zen, bai. Ez da inoiz izan nire bizitzaren erdigunea; ezin nintzen horretatik bakarrik bizi. Senarrak nahikoa irabazten zuen. Baina kazetaritza gustatu izan zait. Ikasi dut denborarekin informazioaren bideek zer inozentzia gutxi duten, baina egin beharreko lana da; horren froga da zenbat kazetari hiltzen dituzten. Zenbat molestatzen duten kazetariek, eta prentsaren kontrola zer garrantzitsua den leku guztietan.

Senarraren lana zela-eta bizi izan zara atzerriko hainbat lekutan, ezta?

Bai. 1985ean ezkondu ginen. Nazio Batuen Erakundeko itzultzailea zen Rachid [Somai], eta, Genevatik New Yorkera joan behar zuela esan zioten; izan ere, itzultzaileek eta interpreteek bi urte pasatu behar dituzte han, nahi eta nahi ez, erakundeko hizkuntza menderatzeko. Urte amaieran joan zen, eta ni hurrengo ekainean joan nintzen harengana, ikasten ari nintzelako.

«Nazioarteko funtzionario baten emazte bezala oso ondo bizi zaitezke. Asko bizi izan dira hala. Hori klausuran bizitzea bezalakoa da; ni ez naiz horretara joan inoiz».

Zer ikasten?

Linguistika orokorra eta semiologia. Hori ere pasio handia izan da niretzat. Eta hizkuntza bera, haren funtzioa. Han ikasi nuen arabiera lehen aldiz, senarra ezagutu baino lehenago; eta Islamologia ere bai, ikasketa konparatuak baitziren. Historiaz eta erlijioaz asko ikasi nuen, eta konturatu nintzen mundu arabiarra eta islamiarra ulertzeko oso inportantea dela. Familia barruko liskarrak direla konturatzen zara, baina kontua da mundua gerran jartzen dutela.

Zenbat denbora eman zenuten New Yorken?

Ustez bi urterako joan ginen, baina lau izan ziren. New Yorketik alde egiteko arrazoietako bat izan zen bikote egiptoar bat ezagutzea eta ikustea koskortuta zituzten haurrek amerikarrez hitz egiten zutela. Konturatu nintzen berehala: kultura inperialistak erakargarriak dira umeentzat; badute sen bat intuitzen duena zerk daukan indarra eta prestigioa, eta zerk ez.

Eta, handik, Bagdadera joateko eskatu zenuten. Zergatik Bagdad?

Asko pentsatu genuen. Bi urte eta erdiko neska txikiarekin joan ginen, han jaio baitzen Lamia, alaba zaharrena. Urduri joan nintzen, baina ikusmin handiarekin.

Kezkatuta joan zinen?

Kezkatuta joaten zara, baina horrekin ez dut inoiz desengainurik izan: zoazen lekuan jendea beti zu bezalakoa da. Gauza onetan eta txarretan mekanismo berdinak dauzkagu. Arrazakeriara iritsi gabe, jendeak egiten dituen balorazio asko kolonialak direla konturatzen zara. Iruditzen zaizu ez duzula topatuko ohituta zaudenaren mailako mediku bat, adibidez, baina hori ere oso pentsamendu koloniala da. Dena den, gurasoa zarenean atera egiten dira beldur horiek: gainera, beti daukazu buruan zuk erabaki duzula hara joatea bizitzera, haur mistoak izatea...

Eta zer esan zizueten familiakoek?

Zortea izan dut, etxean ez didatelako inoiz ezer aurpegiratu. Beti ondo hartu ninduten, bai hemen, eta bai senarraren etxean.

«Pertsona bati interesa agertzen badiozu bere hizkuntzarekiko, berehala konturatuko da berarekiko interesa izaten ari zarela. Bi edo lau hitzek milaka ate irekitzen dizkizute: psikologikoak, jendearen sinpatia, enpatia...».

Bagdadeko egonaldia laburra izan zen, ordea.

Oporretan geundela, lehenengo ebakuazioa izan zen, Sadam Husseinek Kuwait inbaditu zuelako; ez ginen Bagdadera itzuli. Urte eta erdi pasatu genuen, gutxi gorabehera, zintzilik. Ez genekien non kokatuko zuten Nazio Batuen Mendebaldeko Garapen Ekonomikoarentzako Agentziaren egoitza. Ammanen izan zen, Jordanian.

Orduan hasi zinen Euskadi Irratiko kronikak egiten?

Uste dut Ammanera joan eta laster izan zela, baina, egia esan, ez naiz gogoratzen nola sortu zitzaidan aukera. Ziur aski, haientzat beti izan delako interesgarria han norbait edukitzea. Tartean hirugarren umea jaio zen... On eta off ibili nintzen.

Nolakoa zen orduko kazetaritza?

Lehenengo egiten nituen lanak ingelesetik egiten nituen. Telebista ingelesez zegoen Ammanen, eta artean ez zeuden satelitezko kate horiek. Orduan, El País astean bi aldiz iristen zen, Madrildik hegazkina zegoen egunetan... asko aldatu dira gauzak.

Nola eman behar da hain gune gatazkatsu baten berri?

Bizi zara adrenalina batekin: gaur zer gertatuko da? Are gehiago, informatu egin behar baldin baduzu. Baina askotan onartu dut: pribilegiatu batzuk ginen. Gu bizi ginen NBEko irla ikusezin horretan, babesa geneukan, eta gauzak gaizki jarri izan balira, ebakuatu egingo gintuzketen. Gauza zailak bizi izan ditugu: gaueko bonbardaketak, hotsak... baina segurtasun pertsonala ez dut inoiz sentitu arriskuan.

Beirutera joan zineten, gero.

Bai, hogei urte egin nituen Amman eta Libano artean. Libanotik, urte pare batean edo, irratiko hiru programatan ateratzen nintzen: ostiraletan jarraitzen nuen kronika politikoa egiten, eta gero, astearte goizetan tertulia batean sartzen nintzen.

Nola hartzen zenion, aldiro, leku berri bati pultsua?

Ariketa horretan hori da gehien gustatzen zaidana; pultsua hartzen zaio hitz egin baino gehiago entzunda. Ahalik eta azkarrena hizkuntza ikasten hasita; saiatu, behintzat. Berehala jarri behar da horretan, askotan bigarren hizkuntza batean defendatzen badira ere. Nazioarteko funtzionario baten emazte gisa oso ondo bizi zaitezke. Asko bizi izan dira hala. Hori klausuran bizitzea bezala da; ni ez naiz horretara joan inoiz.

«Gazako egoera ez da gaurkoa, 2014tik dator. Oraingoan benetan muga guztiak gainditu dituzte. Eta horrek asko kezkatzen nau».

Hizkuntzaren bidez haiengana gerturatzea izan da gakoa, orduan.

Saiakera hori da aurkezpen txartelik onena. Bi edo lau hitzek milaka ate irekitzen dizkizute: psikologikoak, jendearen sinpatia, enpatia... Pertsona bati interesa agertzen badiozu bere hizkuntzarekiko, berehala konturatuko da berarekiko interesa izaten ari zarela. Eta horrek mirariak egiten ditu.

Zergatik utzi zenuen kazetari lana?

Erromara mugitu ginenean oso erreta nengoen, eta nik erabaki nuen uztea. Hogei urte beti berri txarrak ematen... Esaten nien, Betipenetan jarriko didate ezizena. Baina, zoritxarrez, beti okerragora joaten da.

Nola bizi duzu egungo egoera?

Gazako egoera ez da gaurkoa, 2014tik dator. Baina saiatu gara bizitzen egunero horri begira egon gabe. Lehentxeago edo geroxeago, ordea, aurpegian lehertzen zaizu berriro, eta ulertzen duzu ezin zarela bizi begiratu gabe. Oraingoan benetan muga guztiak gainditu dituzte. Eta horrek asko kezkatzen nau.

Frustragarria izango da Mendebaldearen jarrera ikustea...

Ez da frustrazioa, oso kezkatuta nago. Orain, ia ez da Teleberri bat irekitzen Gazarekin, baina berdin jarraitzen dute. Eta ez hori bakarrik, orain mehatxua dago denak pilan jarri dituzten lekua ere bonbardatuko dutela. Esana genuen bezala, helburua da Sinaira eramatea, jada hasi dira prestatzen; eta Egipto kritikatzen, ez dituztelako hartu nahi. Kontua ez da hori, kontua da ez daukatela zertan joan, euren lurra delako. Eta inork ez luke esan behar hori. UNRWA [Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia] dudan jartzen ari dira. Sinestea ere kosta egiten da hartu duen tamaina. Oso mugimendu gutxi ikusten dut; ezin diot kontatzeari utzi, gertatzen ari delako, baina sutan jartzen nau.

Etsipenez begiratzen diozu munduari, bereziki Mendebaldeari eta Ekialde Hurbilari. Halere, inoiz utziko diozu maleta egiteari?

Ahal dudan bitartean, ez. Horregatik heldu diot berriro. Badakit etorriko dela momentu bat ezingo dudana. Niretzat, nire bizitza jarraitzeko modu bat da. Nire bizitza ez da izan leku batean geldirik egotea. Baina, era berean, hemen izugarri ondo egoten naiz, zoragarri!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.