Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hauteskunde eguna dute gaur; Akitania eskualdeko kontseilariak hautatuko dituzte. Telebista eta irrati publikoek kanpainan alderdi politikoei eman beharreko denborak eta antolatutako eztabaiden mugak CSA Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluak ezartzen ditu. Urriaren 26an, arau berriak finkatu zituen. Zuzentasuna bilakatu da oinarrizko printzipioa, eta ez berdintasuna. Allande Boutin France3ko kazetariak azaldu duenez, berdintasunaren printzipioa presidentetzarako bozketan baizik ez da inposatuko.
Zerrenden pisu politikoa balioetsi behar dute kate publikoek kanpainan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. «Horretarako inkestak, kanpainan taldeen inplikazioa eta presentzia eta aurreko hauteskundeen emaitzak hartzen dira kontuan», dio Boutinek. Eztabaidak eta mahai inguruak antolatzeko orduan, telebista eta irrati publikoak ez daude behartuak hautagai eta zerrendaburu guztiak gonbidatzera. «Baina gonbidatuak ez diren indar politikoei mintzatzeko denbora eskaini behar zaie, elkarrizketa berezi bat eginez, esaterako». Boutinen iritziz, lehen zurruntasun «itogarriagoa» zuten kazetariek, berdintasun araua aplikatzen zenean. «Oraingo sistema leunagoa da».
Hegoaldeko zurruntasuna
Egoera bestelakoa da Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hauteskunde batzordeak erabakitzen ditu denborak eta eztabaidak irrati eta telebista publikoetan. Aritz Agirre Euskadi Irratiko albistegietako buruaren iritziz, blokeen sistema «zurrunegia» da kanpainaren mezua modu «erakargarrian» eta kazetaritza ikuspegi «interesgarriago» batekin herritarrarengana iritsi ahal izateko. Bloke neurtuekin jarraituta ere, Agirrek uste du denen onerako litzatekeela malgutasun apur bat.
Jon Asla ETBko erredakzio kontseiluko kidearen arabera, kazetariak interes informatiboa nagusitzearen alde daude. Formula misto baten alde azaldu da: «Informazioa lehenengo, baina alderdien gutxieneko presentzia bermatuz, hauteskundeetan duten babesaren arabera».
Kataluniako TV3ko kazetariek hamabi urte daramatzate blokeen aurka protestan. «Sistema absurdoa da», salatu du TV3ko langile batzordeko Ramon Espunyk. «Beti handiei denbora gehiago ematea hedabide publikoei exijitzen zaien pluraltasunaren, inpartzialtasunaren eta neutraltasunaren aurkakoa da». 2011n proportzionaltasun printzipioa sartu zuten, eta horrek ez du malgutasunerako aukerarik ematen, TV3ko kazetarien ustez.
Kataluniako irrati-telebista korporazioaren kontseiluak jarraipen malguago bat onartu zuen aurten, baina PPren helegite batek atzera bota zuen. Protestan ari dira kanpainan TV3ko berriemaileak, lanak sinatu gabe.
Euskadi Irratiko albistegi buruak aldaketa batzuk proposatu ditu, kazetaritza irizpidearen eta malgutasunaren alde: «Hauteskunde blokean alderdien ordena aldatu ahal izatea, jasotako edukiaren arabera; kanpaina osokoa izatea alderdi bakoitzari ematen zaion denbora, albistegietan iraupen ezberdina emateko aukera edukita; eta alderdi bakoitzari dagokion denbora aintzat hartu bai, baina neurketa milimetrikoetan sartu gabe».
Boutineri iruditzen zaio arauak «bortitzak» direla, baina hauteskunde kanpainak modu «egoki» batean segitzea erredakzioei tokatzen zaiela. Agirrek autokritika egin du: «Kazetariok kontraesanak, ñabardurak, datu berriak, programatan ezkutuago eta lausoago dauden aspektuak jaso beharko genituzke». Kanpainako ekitaldietatik «arima gutxiko» titulu bildumak iristen direla nabarmen ikusten baitu Agirrek.
EITBn ezin dituzte egin aurrez aurreko eztabaidak, hauteskunde batzordearen muga dela eta. Aslak dio hauteskunde autonomikoetan egingo lukeela Iñigo Urkulluren eta Arnaldo Otegiren arteko aurrez aurreko bat, inkestetan «oso parekatuta» agertuko balira: «Zentzu osoa izango luke. Hori da interes informatiboa».
Bihar gauean eztabaida bat emango du Atresmediak, Espainiako lau hautagairekin —Mariano Rajoyren ordez Soraya Saenz de Santamaria joango da—. Hedabide pribatuek muga gutxiago dituzte, baina gehienetan eduki «estandarretara» jotzen dutela uste du Agirrek.
Kanpainetako mugak agerian
Allande Boutinek dio «leundu» egin dela Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluak kate publikoei kanpainan ezarri sistema. EITBko eta TV3ko kazetariek oso zurruntzat dute haiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu