Kanoikada txuri-urdina

Realeko futboleko eta hockeyeko jokalariak izan dira Donostiako Aste Nagusiko kanoikadako protagonistak. Denek elkarrekin 'Artillero' abestu ondoren, Onintza Mokoroak jaurti du kanoia lehen aldiz, iaz aitaren lekukoa jaso ondoren.

Taldeko argazkia atera zuten Realeko jokalariek kanoikadaren aurretik. G. RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Inoizko kanoikadarik txuri-urdinena izan da Donostiako Aste Nagusikoa: Realeko futboleko eta hockeyeko jokalariak izan dira jaiari hasiera emateko gonbidatuak. Denboraldi honetan lortutako arrakastak—Kopako txapeldun eta Europako txapeldunorde izan dira taldeak, hurrenez hurren—, ospatu dituzte donostiarrekin batera.

Ohi bezala, 19:00etan izan zen kanoikada, eta lehenagotik ere nabari zen festa gosea giroan: pixkana-pixkana, geroz eta jende gehiago hasi zen Alderdi Ederrera gerturatzen, jende multzoak saihestu, eta jaien hasiera bertatik bertara bizitzeko. Bakarka, bikotean zein taldean, nork bere lekua hartu zuen iskanbilaren erdian, eta udaletxearen aurrean kokatu, aurrez aurre.

Zazpiak gerturatu ahala, ordea, kaosaren gainetik isiltasuna nagusitu zen, inork ez baitzuen xehetasunik txikiena ere galdu nahi atzoko egunean.

Eskola Gurutziaga abesbatzako kideak izan ziren lehenak donostiarren aurrera irteten. Haien ondoren, jokalariak atera ziren, eta abeslarien aurrean kokatu, Eneko Goia Donostiako alkatea eta udaleko gainerako ordezkariekin batera.

Donostiarren aurpegietan ilusioa zen nagusi. «Begira, hor daude!», esan zion haur batek bere amari, jokalariei begira zegoela. Publikoki egindako lorpenak aitortzeko gogoaz gain, aste handirako irrika nabaritzen zen haien begietan.

Ahots finez «Artillera dale fuego!» abestuz eten zuen kanoikadaren aurreko isiltasuna abesbatzak. Lehen segundoetan haien ahotsa gailendu bazen ere, berehala nahastu zen donostiarrenarekin, eta elkarrekin errepikatu zituzten «ezkontzen zaigula pastelero» koplaren hitzak.

Bigarren aldiz abesterako, lepotik helduta zeuden jokalari txuri-urdinak, alde batera eta bestera mugituz dantzan. Udal ordezkariekin nahastu, eta bikoteka atera ziren «eta zeinekin /eta norekin / orpo mozkorraren alabakin» elkarrekin dantzatzera.

Artillari aldaketa

Onintza Mokoroak izan zuen atzo, lehen aldiz, artillari nagusiaren kargua, eta hark bota zuen zazpi eguneko festa hasteko kanoikada. Orain arte, haren aita Luis Mokoroak zuen horren ardura, eta lekukoa alabari pasatu zion iazko Aste Nagusian.

Artillero abestia amaitu bezain laster entzun zen kanoiaren eztanda, eta konfeti txuri-urdinez bete zen Alderdi Eder, zazpi eguneko jaiari hasiera emanez. «Hau sustoa!», edo «ia-ia tinpanoa hautsi zait!», garrasiak entzun ziren herritarren artean, Mokoroaren jaurtiketaren ostean.

Eskopetek hartu zuten kanoiaren lekukoa, eta hainbat tiroren ondoren etorri zen arratsaldeko bigarren kanta. Kasu horretan, jokalariek gehien bizi duten abestia jarri zuten bozgorailuetatik: Realaren ereserkia.

Taldekideak pozarren elkartu ziren berriro ere, eta ozen abestu zuten denek batera «txuri-urdin txuri urdin maitea». Une batez, garaipeneko leku eta momentura egin zuten salto, eta lehen aldia balitz bezala ospatu zituzten Kopako garaipena eta Europan lortutako bigarren postua.

Txarangak hartu zuen ondoren Alderdi Eder girotzeko lekukoa, eta pixkana-pixkana jendea sakabanatzen hasi zen, haiei bidea irekiz. Udaletxe parean tokia utzi, eta txarangaren inguruan kokatu ziren donostiarrak, haien atzetik jarraitzeko asmoz.

Bulebarrean Holy Festa minutu gutxi barru hasiko zela esan zuten bozgorailuetatik, eta kamisetak eta hautsen bila joateko deia egin. Bihotz txuri-urdina ahaztu, eta gorputza ortzadar koloretako hautsez betetzera jo zuten orduan batzuek. Beste batzuek, aldiz, handik metro gutxira hastear zen Donostiako Piraten txupinazora jo zuten, Flamenkara, jaien hasiera bigarrenez ospatzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.