Telesailak

Kanadako haur indigenen merkatu beltza

Kanadako haur indigenen merkatu beltza du ardatz 'Little Bird' telesail laburrak; gazte indigena askoren haurtxoak familia zuriei ematen zizkieten: 'adopzio' behartuak izaten ziren. Ekoizpenak Bezhig Little Bird izeneko neskatxaren istorioa jorratuko du.

'Little Bird' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'Little Bird' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2025eko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Euskaldun orok, zoritxarrez, nahiko agerikoak diren loturak egingo ditu telesailarekin: frankismoan lapurtutako haurren eskandalua burura etorriko zaio ikusleari. Telesailak benetako gertaerak ditu ardatz, Kanadako haur indigenen merkatu beltza edota Sixties Scoop deiturikoa.

Bezhig Little Bird izeneko neskatxaren istorioa jorratuko du: Saskatchewaneko Long Pine erreserbako (Kanada) bere etxetik lapurtu, eta Montrealgo familia judu batek adoptatu zuen 5 urte zituela; bere izen berria Esther Rosenblum (Darla Contois) izango da. Orain, 20 urterekin, galdu zuen familiaren falta sumatuko du, eta guztia sakrifikatzeko prest agertuko da hura aurkitzeko. Bere ezkontzaren bezperan, sustraietan sakontzea eta benetan nor den argitzea erabakiko du. Rosenblum izango da istorio nagusiaren gidaria; haren begietatik, narrazio indartsu eta poetiko baten lekuko izango da ikuslea.

Publikoa hunkitzeko ahalmena du, baina xantaia emozionalik egin gabe. Identitatea, trauma eta galera aztertuko dira, baina telesaila ez da manikeismoan erortzen. Egitura kolonialen barruan bizi diren arren nortasuna berreraikitzeko borrokan jarraitzen duten pertsonaiak aurkeztuko ditu. Ez da mina eta sufrimendua erakustera mugatuko, erresistentzia eta erresilientzia nabarmenduko dira bereziki.

Alor teknikoa aletzen hasita, ezaugarri deigarriak ageri dira: zuzendaritza lanetan eta aktore zerrendan, indigenen presentzia nabarmena eta esanguratsua dago; Zoe Leigh Hopkins, Elle-Maija Tailfeathers, Ellyn Jade, Darla Contois eta abar. Gidoiari egiazkotasuna eransteko eta gertaeren kontaketa zehatza egiteko, sortzaileak benetako istorioez baliatu dira narrazioa eraikitzeko: Sixties Scoop politika jasan zutenen laguntza izan dute, eta haien esperientziak oso baliagarriak izan dira idazketa prozesurako. Little Bird ez da dokumental bat, jakina, baina esperientzia horiek bizi izan zituztenen testigantzetan oinarrituta dago.

Hopkinsen eta Tailfeathersen zuzendaritza nabarmena da; sentiberatasun handiz, familiaren segurtasuna mehatxu instituzional bihurtzen den unearen hauskortasuna harrapatuko du kamerak. Bisualki modu eraginkorrean transmitituko dute istorioaren tonu malenkoniatsu eta itxaropentsua. Paisaia naturalen erabilerak sinbolismo handia izango du, eta kolorearen eta musikaren erabilera sotila baina indartsua izango da.

Telesaila ez da soilik Kanadako testuingururako garrantzitsua: baliagarria da kolonizazioak mundu osoan eragindako zauriei buruzko hausnarketa egiteko ere.

Gehigarri moduan, gomendagarria da Filmin plataforman bertan estreinatu duten Coming Home (Wanna Icipus Kupi) dokumentala ikustea; telesaileko sortzaileek bizitako subiranotasun narratiboaren bitartez, indigenen erresistentzia aztertuko dute.

‘Sixties Scoop’ politika arrazista

Sixties Scoop izenez ezagutzen den politika arrazista 1950eko hamarkadatik 80ko hamarkadaren hasierara arte Kanadan ezarritako praktika sistematiko bat izan zen; 60ko hamarkadan jo zuen goia. Haur indigenak bahitu eta klase ertaineko familia zuriekin bizitzera behartzen zituzten. Adopzio horiek 20.000 haur indigena baino gehiagori eragin zieten.

FITXA

  • Sortzaileak. Zoe Leigh Hopkins, Elle-Maija Tailfeathers eta Jennifer Podemski. 
  • Herrialdea. Kanada.
  • Aktoreak. Janet Kidder, Alanna Bale, Ellyn Jade, Darla Contois, Keris Hope Hill, Osawa Muskwa eta Darren Ross.
  • Urtea. 2023.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.