Kazetaritza argazkiak saritzen ditu World Press Photo lehiaketak, eta 2022ko irabazleak iragarri ditu gaur. Lau argazki eta horrekin loturiko istorioak saritu dituzte. Amber Bracken argazkilariak Kanadako Kamloops barnetegian harturiko irudiak irabazi du Urteko Argazkia saria. Kanadako eskola katolikoetan hildako haur indigenak gogora ekartzen ditu argazkiak.
Gurutzeak agertzen dira irudian, eskola horren lurretan topaturiko ehunka hilobiren oroigarri, eta haietatik zintzilik soinekoak. 215 haurren gorpuzkiak topatu zituzten iazko maiatzean han. Urrutiago, ostadar bat ikusten da, erauzi nahi izan zuten indigenen kulturaren agergarri. Sinbolismoz beteriko irudia, beraz. Izan ere, lehiaketaren antolatzaileek nabarmendu dute lehen aldiz sarien 67 urteko historian, irabazletzat jo dutela pertsonarik ageri ez duen argazki bat.
Duela 53 urtera arte barnetegi moduan erabili zuten eraikina, eta Tk’emlups te Sechwepemc herri indigenako buruzagiek susmoa zuten desagerturiko haurren gorpuzkiak zeudela han lurperaturik. 1890ean zabaldu zuten barnetegia, eta gobernuaren eta erakunde katolikoen eskumenekoa izan zen. Batez ere, haur indigenak hartu ohi zituzten bertan, eta komunitate indigenek hainbatetan salatu izan dute haurrak euren bizilekutik atera eta barnetegira joatera behartzen zituztela. Datu ofizialen arabera, 1831 eta 1996 artean 150.000 haur inguru eraman zituzten egoitza horietara, Kanadako gizartearen balioak asimilatzeko, eta euren kultura ordezkatzeko.
Indigenek salatu dutenez, haurrek abusuak jasaten zituzten halako erakundeetan. 2015ean, txosten batek adierazi zuen «genozidio kulturala» izan zela haur indigenen aurka egindakoa. Kalkulatu dutenez, gutxienez, 4.100 ikasle hil ziren eskola horietan, tratu txarren, gaitzen, utzikeriaren eta istripuen ondorioz.
2017an, Kanadako Gobernuak barkamena eskatu zien indigenei, emaniko tratuarengatik. Joan zen astean, Jorge Mario Bergoglio Eliza katolikoko buruak barkamena eskatu zien komunitate indigenei, Eliza katolikoak barnetegi sisteman eduki zuen eginkizunarengatik. Izan ere, eliza horrek kudeatu zituen haur indigenentzako Kanadako barnetegien %70.
Brackenen argazki sariduna aurkeztean, «kolonizazioaren historiaz hausnartzeko une globala» dela esan du Rena Effendik, epaimahaiko buruak.
Argazkilariak adierazi duenez, historia koloniala ez da antzinako historia, «historia biziduna da, eta bizirik iraun zutenek oraindik ari dira horrekin bueltaka. Nahi badugu adiskidetzeaz edo sendatzeaz hitz egin, horretan oraindik dagoen bihotza aintzat hartu beharko dugu»
Suaren aurka, Australian
Beste hiru sari eman ditu World Press Photoko epaimahaiak, eta Effendik azaldu du aurtengo irabazle guztiak lotuta daudela, «gizateriaren aurrerakuntzarako presak, planetan eragiten duen hondamendia» jorratzen dutelako, bakoitza bere ikuspegitik.
Urteko Argazki Istorioaren saria Matthew Abott argazkilariak irabazi du, Basoak suarekin salbatzen bildumarengatik.
Iaz sua izan zen albisteetako gai nagusietako bat, munduko hainbat bazterretako naturagunetan gertaturiko hondamendiengatik.
Argazki erreportajean, haatik, Abbottek suaren beste aurpegia erakutsi du: Australiako iparraldeko Nawarddeken herriak sua nola erabiltzen duen, ingurumena zaintzeko. Milaka urte dituen plangintza bati jarraikiz, indigenek estrategikoki erretzen dituzte euren lurraldeak. Horren bidez, sastraka poliki erretzen dute, hilabete lehorretako sute handi suntsigarriak saihesteko. 1,39 milioi hektarea kudeatzen dute horrela.
'Amazoniako distopia'
Argazki Egitasmo Luzearen saria ematen diote gai bat denbora luzez jorratzen duten argazkilariei. Aurtengoa Lalo de Almeida argazkilari brasildarrak irabazi du, Amazoniako distopia lanarengatik.
De Almeidak 12 urtez jorratu du Amazoniaren suntsipena eta horrek han bizi diren komunitate indigenengan duen eragina. «Ezin dituzu gizarte gaiak ingurumen gaietatik bereizi, bi gauza ezberdin balira bezala», adierazi du argazkilariak. «Ikusten duzu basoen soiltze mailarik handienak dituzten herri gehienek pobrezia mailarik handienak ere badituztela». Egoera are gehiago okertu da eskuin muturreko Jair Bolsonaro Brasilgo presidente bihurtu zenetik, World Press Photoren antolatzaileek azaldu dutenez.
Kulturak galzorian
Indigenen ezagutza eta ingurumena lotzen dituen beste lan bati eman diote Formatu Irekiko saria. Ekuadorko Isadora Romero irudigilearen Odola hazi bat da lana bideo bat da, eta argazkien eta marrazkien bidez kontatzen du sortzailearen aitonak eta birramonak nola iraunarazi zituzten indigenen hainbat patata mota, haien haziak gordeta.
Horren bidez, lanak hausnartzen du bioaniztasunaz, migrazio derrigorturikoaz, arrazakeriaz eta kultura galtzeaz. Epaimahaikideek esan dutenez, nekazaritzako landareen aniztasun genetikoaren %75 galdu da XX. mendean.