Kamisetak berriemaile

Trixertak egitasmoan, BERRIAk, Oninart-ek eta hiru euskal sortzailek astero albiste bat kontatuko dute kamiseten bidez, maiatzaren 2tik uztailaren 4ra bitarte.

Unai Bergara, Leire Urbeltz eta Iñaki Gonzalez 'Fortun'. GORKA RUBIO / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Albisteak paperean eta Interneten ematen dituzte egunkariek. Baina ez beti, ez horrela bakarrik. Heldu den astetik aurrera, Trixertak egitasmoa martxan jarriko dute BERRIA egunkariak eta Oninart enpresak, hiru euskal sortzailerekin batera. Bosgarren aldia izanen da, eta Leire Urbeltz, Iñaki Gonzalez Fortun eta Unai Bergara arduratuko dira aurten aktualitatea oihalera eramateaz.

Hiru hankako mahaia da Trixertak egitasmoa. BERRIA egunkariko editore taldeak albiste bat aukeratuko du astero, eta sortzaileei bidaliko die. Haiek 48 ordu izanen dute berria kamiseta batetarako irudi bihurtzeko. Hirugarren hanka arduratuko da irudi horiek kamisetetan inprimatzeaz: Oninart enpresa. Azkenik, BERRIAk bidaliko ditu kamiseta horiek eskaria egin dutenen etxera.

Lehenbiziko albistea heldu den astean aukeratuko dute Andoaingo erredakzioan (Gipuzkoa). Fortunek jasoko du berriaren diseinua egiteko agindua, eta maiatzaren 2rako prest izanen da emaitza. Astero sortzaile batek izanen du lan hori egiteko ardura: maiatzeko bigarren astean, Lubaki Grafic Factoryko Bergara, eta hirugarren astean, Urbeltz. Bakoitzak lau albisteren diseinua eginen du. Hiru astean behin diseinu bana egin beharko dute, eta azkenengo asteko albisteak hiru diseinu izanen ditu, hiru sortzaileek albiste bera landu beharko baitute.

Trixertak jantzi nahi dituenak Internet bidez egin beharko du eskaria, Trixertak.eus webgunean. BERRIAlagunek 17,95 euroan eskuratu ditzakete, eta gainerakoek, 19,95 euroan. Diseinu bera bi koloretan eskainiko da, sortzaileak aukeratutakoak biak. Iaz haurrendako kamisetak ere eskaini ziren, eta bide horri eutsiko dio Trixertak egitasmoak. Haurren elastikoek kolore bakarra izanen dute, eta 16,95 euroan eskuratuko dute BERRIAlagunek, eta 18,45 euroan gainerako irakurleek.

Ibilbide bat egina dute Trixertek. Orain arte, 52 diseinu sortu dituzte, eta aurten beste hamabi plazaratuko dira. Orotara, beraz, 64 diseinu. Orain arteko arrakastaren ondorioz izan du segida duela bost urte abiatutako egitasmo horrek. Hasierako helburuari eutsi diote Trixertek: BERRIAk argitaratzen dituen edukiak beste euskarri batera eramatea, eta euskal sortzaileen lana sustatzea. Bosgarren urteurrena dela eta, udazkenean ospakizuna egiteko asmoa du BERRIAk. Besteak beste, joan diren urteetan gehien saldu diren diseinuak berriz ere salgai paratuko dituzte.

Lesakatik estudiora

Hiru sortzaileak dagoeneko gogotsu dira erronka berriari ekiteko. Udaberriko oporren aurretik, Lesakan (Nafarroa) izan ziren denak, Oninart estudioan. Han, bertatik bertara ezagutu zuten kamisetak egiteko prozesua, diseinatzerakoan kontuan hartzeko. Inpresio zuzeneko estanpazioak egiteko makina erabiltzen dute Oninarten. Horren bidez, ez da elastiko asko egin behar errentagarritasuna lortzeko. Joan den eguneko bisitan, kamiseten koloreak aukeratzen ere ibili ziren, eta diseinuekin probak egiten. Dena prest dago, beraz, maiatzaren 2an trixerta berriak aurkezten hasteko.


Unai Bergara, Leire Urbeltz eta Iñaki Gonzalez. Gorka Rubio / Foku.

Unai Bergara

«Jantziak nortasun bat sortzen dio janzten duenari»

Egunerokoari erantzun beharko diote sortzaileek Trixertak egitasmoan. Gehienentzat berria izanen da hori, baina ez hainbeste Unai Bergararentzat (Barakaldo, Bizkaia, 1984). Kartel politikoak diseinatzen aritzen da, eta horrek berehalakotasuna eskatzen dio. «Grafika politikoa egiten dut; beraz, ohituta nago berehalakotasunera, erantzuna ematera», azaldu du.

Erantzuna ematera ohiturik dago, bai, baina ez horrelako kamisetak diseinatzera: «Berehalako erantzun hori kamisetara eramatea, hala ere, oso desberdina da. Jantziak nortasun bat sortzen die janzten dutenei. Ez da kartel bat: soinean daramazun irudi bat da». Egin izan ditu kamisetak Bergarak, baina bestelakoak: «Mezu zuzenagoak» izaten dituzte bereek, edo beste marka batzuentzat aritu izan da. «Kartelekin egin dut, baina inoiz ez naiz egun batetik bestera aritu berri bat edo ideia bat kamiseta batera eramaten», aitortu du. Horrek erakarri du: «Sormen ariketa moduan, sekulako apustua da».

Badu beste abantaila bat diseinatzaile bizkaitarrak: Oninart enpresan lan egindakoa da. Beraz, aski ongi ezagutzen du haien lan egiteko modua, baita inpresio zuzeneko estanpazioak egiteko makina ere. «Kostu ekonomikoak murrizten dira prozesu horrekin, ez duzulako egin behar 500 kamiseta errentagarri ateratzeko. Beste teknika bat da, bere abantailak dituena. Kasu honetan, ezinbestekoa da horrelako egitasmo bat aurrera ateratzeko».

Lan egiteko moduari buruz ere pentsatu du Bergarak. Albistea zein izanen den ez jakiteak markatuko du bere jarduna, azken unera arte ezinen baitu jakin zer gai jorratu beharko duen 48 orduan. Diseinua egiterakoan, argi du nola egituratu beharko duen: «Jendeak soinean eramango du; beraz, burua pertsonetan jarri behar dut, ez eman nahi dudan mezuan soilik».

Leire Urbeltz

«Jolas gisa hartu dut proiektua»

Trixertak egitasmoan parte hartzeko gogotsu da Leire Urbeltz ilustratzailea (Iruñea, 1985). Ez du horrelako proiekturik egin orain arte, eta bere lan egiteko modua moldatu beharko du. Hala ere, erronkak gogobete egin duela esan du. «Jolas gisa hartu dut proiektua. Neure buruari exijitu egin beharko diot, baina presio horrek motibatu egin nau».

Gakoa lehenbiziko ideiari heltzea izanen dela uste du, ez baitute denbora askorik izanen albistea kamisetarako irudi bihurtzeko. «Konfiantza daukat burura etortzen zaizkidan lehendabiziko ideia horietan. Nahiz eta denbora gehiago izan proiektu bat egiteko, askotan, buelta asko eman ondoren, lehenengo ideia horretara bueltatzen naiz berriro, freskoagoa delako, zuzenagoa... Orduan, horri eutsiko diot, edo saiatuko naiz».

Espero du bere lanak berez-berez eginen duela aurrera. Oso sentikorra dela ere ohartarazi du, eta baliteke horregatik albiste batzuekin «blokeatuago» ikustea bere burua. Hala ere, ongi joanen dela uste du, eta gogotsu dago: «Uste dut gure irizpideetan konfiantza izan behar dugula».

Oninart enpresa ezagutzen izan zen gainerako sortzaileekin batera, eta goraipatu egin du horrelako lanetan ari direnek beren jarduna herrietan garatzeko hautua egitea. «Badakit aurreiritzi bat dela, baina normalean hirietara joaten gara. Harritzen nau, eta miresgarria iruditzen zait pertsona hauek beren herrian lanean jarraitzea». Bestalde, erabiltzen duten teknika begi onez ikusi du. Hasieran kezkaturik zegoen, ez baitute serigrafia erabiltzen, eta bere ilustrazioak oso koloretsuak izaten baitira: «Ez nekien nola geratuko zen kamisetan, baina probak egin genituen nire marrazki batekin, eta harritu ninduen, oso-oso ondo geratzen baitzen. Oso fin».

Iñaki Gonzalez, 'Fortun'

«Gu ez gara kazetariak; beraz, aukera berezia da»

Ezohiko lana izanen da Iñaki Gonzalez Fortun diseinatzailearentzat (Irun, Gipuzkoa, 1981), baina erronka gogotsu hartu du. Berak musikaren munduan egiten du lan normalean, eta, beraz, albisteekin kamisetetako irudiak sortzearekin ez du zerikusi handirik haren lanak. CDetan, biniloetan eta posterretan ikus daitezke haren diseinuak, musika taldeekin egiten baitu lan. Kamisetak ere diseinatzen ditu taldeentzat, baina bestelako lana dela aitortu du.

Normalean egiten duenarekin alderatuta ezberdina da, baina erakargarri zaio proiektua, eta «interesgarria» dela ere iruditu zaio. «Bitxia zait albiste bat ilustratzea, edo zure ikuspuntu edo albiste bat kontatzeko modua ilustrazio baten bitartez islatzea. Gu ez gara kazetariak; beraz, aukera berezia iruditu zitzaidan, eta horregatik animatu nintzen». Lan egiteko modua aldatu beharko duela konturatu da Fortun, denbora «dezente» hartzen baitu bere lanak egiteko. Izan ere, ilustrazioak edo collageak egiteko, detaile asko egiten ditu. Normalean, hilabetean bi proiektu egiten ditu: bi CD, CD bat eta poster bat... Orain, bi egunean egin beharko du trixertaren diseinua.

Gainera, albistea ez du jakingo azken unera arte, eta, beraz, ezinen du lana aurreratu. Buruan du nola arituko den: «Berria ematen didatenean, momentu horretan bertan, ordenagailuaren aurrean eseriko naiz, eta denbora tarte txiki batean burura etortzen zaidana diseinatuko dut, ez baitut denbora askorik ideia pentsatu eta diseinua egiteko. Bozetotxo batzuk egingo ditut koadernoan, eta zuzenean lanean jarriko naiz». Oninarten egiten duten inpresio mota ere buruan du, eta horren araberako diseinuak eginen dituela azaldu du Fortunek. Orain, lanari ekitea baizik ez zaio geratzen: «Lan egiteko gogoz nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.