Azken bira eta azken emanaldiak. Abuztua amaitzearekin batera esan die agur oholtzako fokuei Jose Antonio Nielfak (Bilbo, 1947). La Otxoa deitzen diote, eta askatasunaren oda bat da haren bizitza. Bilbotar petoa, athleticzale amorratua, eta, batez ere, borrokalaria. Herria egiten duen jendea, auzoz auzo, tabernaz taberna. Belaunaldi berriei kontatu nahi die zer bizi izan duen, aske izatea ez delako inoiz debalde izan, batzuen gorputzetan.
Haurtzaroa omen da bizitzaren isla. Nola gogoratzen du zuk zeurea?
Oso pozik, San Frantzisko Bilboko auzorik garrantzitsuenetako bat baitzen orduan. Zabalgunean baino etxe politagoak zeuden, eta giza berotasun handia zegoen. Merkataritzan, kalerik garrantzitsuenetakoa zen. Zazpikaleak eta Kale Nagusia bezala, jatetxez betea zegoen. Gorteak goian zeudenez, ez zuten pasatzen uzten, eta giroa bitxia zen. Egunean 40 edo 50 lokal zeuden musikariekin eta artistekin, orkestrekin; oso auzo dibertigarria zen.
Gogorra egin zitzaizun familiako tabernan lan egin behar izatea?
Familiari lagundu egin behar zitzaion. Ez zegoen besterik; denok jaten genuen hortik. Umetatik egon naiz bertan. Ikastetxetik atera, eta barraren atzean jartzen nintzen. Igandeetan ere bai.
Otxoa izenak taberna bati egiten dio erreferentzia, baina ez zuenari.
Gure familiak taberna bat zeukan, Lekunberri izenekoa. Gero, ordezko piezen denda bat jarri zuten han, eta nik ez nuen neure burua ikusten auto baten azpian bujia bat aldatzen. Orduan, Otxoako tabernariekin adiskidetasun handia genuenez, jabeak esan zidan haiekin joateko, eta hegan egin nuen, pozez.
Izenez nola nahiago duzu deitzea? Karga bat da zuretzat?
Berdin dit. Saltzen duena Otxoa da, eta Jose Antonio asko dago. Kopla batek hala dio: «Deitzen nauten eran konformatu beharko dut». Pertsonaia pertsonarengana pasatu denez, berdin dio.
Koplak aipatu dituzu, baina egia da umea zinenean futbola nahiago zenuela?
Ez nuen uste futbolari edo abeslari izatera iritsiko nintzenik, inoiz. Biak gustatzen zitzaizkidan. Futbola, akaso, gehiago umeagotan. Jendeak esaten zidan oso ondo abesten nuela, baina nik ez nuen sinesten. Dena den, nire familiak ere ez zeukan oso argi, eta oinak lurrean jartzen zizkidaten beti.Futbolaren mundua azkar baztertu nuen. Jokatzen hasi eta aldageletako giroa ikusi nuenean, matxistegia iruditu zitzaidan. Ikaratu egin nintzen.
Artista denen zero kilometroa da Madril?
Trenean joan nintzen Madrilera, etxetik ihes eginda, eta handik bi egunera itzuli nintzen, nire bila ari zirelako. Geroago, ondo hausnartuta bueltatu nintzen Madrilera. Gizon batek eskaini zidan Los Chunguitosekin eta Karinarekin debuta egitea. Oso itxura ona zeukan, baina haren etxera joan nintzenean, beste gauza bat nahi zuen. Torremolinosera [Andaluzia, Espainia] joan nintzen. Bi urte eman nituen han, eta handik joan nintzen gero Bartzelonara.
Bartzelonan askoz denbora gehiago egon zinen.
Hamar urte eman nituen han, eta han hasi nintzen akademia batean kantatzen. Han ikasi nuen dena, 1960ko hamarkadako abangoardiako garaian ikusi nuen guztia ikusita. Atxilotu ere egin ninduten, pentsa.
Alfer eta Gaizkileen Legearen eraginez hartu zintuzten preso?
Eta gizartearentzat arriskutsu izateagatik ere bai. Pentsa: lanean 11 urtetik nituenetik, eta arriskutsua. Umetan ez nintzen iristen barrara, eta aulkitxo bat jartzen zidaten igo nendin. Txikitoaren basoak nik baino gehiago okupatzen zuen. Baina bizitzea tokatzen zitzaidan garaia izan zen.
Nora eraman zintuen Poliziak Via Laietanako kuarteletik?
Modelo kartzelara; zortziko ziega batean egon ginen. Homosexualen lehen gidaritza gurea izan zen. Burgosko kartzelara bidean zenbait gau eman behar izan genituen Zaragozako, Iruñeko, Carabanchel eta Palentziako espetxeetan. Burgosera iritsi ginenean, konturatu ginen Errepublikako politikariak eta nazionalistak baino ez zeudela. Haiek galdetu ziguten ea zer egiten genuen guk han. Gurekin egiten ari zirena injustizia bat zela onartu ziguten lehen aldia izan zen.
Familiatik ihesi joan zinen, baina familia zaintzera bueltatu behar izan zenuen Bilbora?
Amari obarioetan minbizia diagnostikatu zioten, eta gero hemen geratu nintzen. Bartzelona ondo zegoen, baina artistaren munduan geldituta nengoen. Gurutzetako zahar egoitzetako kafetegien arduraduna izan nintzen.
Zergatik deitu zizuten Zazpikaleetako Julio Iglesias?
Bi lokal jarri nituen Bilboko alde zaharrean, eta nik kopak zerbitzatu eta abestu egiten nuen. Behin, El Correo egunkariko kazetari batek, Paco Crespok, elkarrizketa bat egin zidan, eta ezizen hori jarri zidan.
Transformazioetarako zerk inspiratu zintuen?
Bartzelonan bizi izan nintzen garaian, kabaret mugimendu ikusgarria zegoen. 1960ko hamarkada zen. Oso polita zen, Parisen ere bazegoelako, baina ordainpekoa zen Frantzian. Bartzelonan, aldiz, kabaretak kalean zeudenez, 24 orduz ikus zenezakeen jendea paseoan: langileak, intelektualak... nahasketa izugarria zen. Bartzelonako kabaretek, gainera, zentsura burlatzen zuten: ileordea jarri beharrean, ile luzea uzten zuten, eta buzoak jartzen zituzten bolanteekin. Horiek denak izan ziren nire inspirazioa.
Zuen belaunaldiak askatasuna gorpuztu zuen, eta ez zen batere erraza izango garai ilunei kolorea jartzea....
Torremolinos ez zen askatasuna, beste mundu bat zen, zuzenean.Era berean, sarekada handiak egon ziren. Gure kolektiboa desagerrarazteko nahia zeukan Fragak, eta, hala uste bazuen ere, ez zekien noren aurka ari zen.
Egungo belaunaldiek sexilioa aipatzen dute beharrizana azaltzeko. Zuri txiki gelditu zitzaizun Bilbo?
Ez zitzaidan txiki geratzen, nik neuk apaintzen nuen Bilbo. Jende askok esaten zuen itsusia zela, eta ni ez nengoen ados. Niri izugarri gustatzen zitzaidan fabriketako kea; nostalgikoa naiz, denok elkar ezagutzen genuen, eta giza berotasun handia zegoen.
Zergatik alde egin zenuen?
Inork gurasoak markatzeko beldur nintzen, eta, gure artean sareak zeudenez, eta leku seguruak zein izan zitezkeen komentatzen genuenez, Torremolinosera joan nintzen bi lagunekin.
Trantsizio garaiak ez ziren askoz errazagoak izango.
Trantsizioa oso zaila izan zen; itzal frankista handia zegoen, ni ez ninduen inork ezagutzen. Beti esaten dut: lehenengo goazenok, ausartak garenok, ostikada asko jasotzen ditugu, eta bidegabekeria asko jasaten ditugu.
Ez zizun inork eskaini Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izatea hastapenetan?
Nola izango nintzen ni pregoilaria! Alkateak ez zuen onartzen homosexualitatea aldarrikatu zedin. Eskuineko alkateak ziren; EAJ eskuineko alderdia zelako hemen, eta ezkerrak ez ninduen ukitu ere egin nahi. Kostua handia izan da. Lortu genituen lege guztiak asko kostatu zitzaizkigun; gazteak zaretenok jakin beharko zenukete ez zela hain erraz lortu orain bizi duzuen askatasuna.
Nola bizi izan zenuen zuk homosexualitatea nerabe zinela, erreferentziarik gabe eta kasik ezagutzarik gabe?
Uste nuen hori niri bakarrik gertatzen zitzaidala. 12 edo 13 urte izango nituen amari esan nionean. Eguerdia zen, zuri-beltzeko telebista orduan hasi zen, eta mutilak gustatzen zitzaizkidala esan nion. Ez zen izutu, baina erantzun zidan ea zelan gustatuko zitzaizkidan mutilak, etengabe baldin banenbilen futbolean haiek joka.
Armairurik ere ez zen egongo garai haietan, gainera.
Erreferentziarik ez nuen izan, baina armairua oso modernoa da, ez zegoen horrelakorik. Nahiz eta ni beti kanpoan egon naizen, 16 urte izango nituen, Bilboko Areatzan paseoan ari nintzela, konturatu nintzenean ez nengoela bakarrik, eta ondo inguraturik nengoela.
Genealogien beharra dago?
Gero eta gutxiago gustatzen zait politika, baina gazte homosexualek historia jakin behar dute; hori ziur. Eta zer hoberik, historia hori lehen pertsonan kontatzea baino. Bestela, historia aldatu eta manipulatu egiten dute. Nola da posible adibidez gay batek eskumari bozkatzea? Jende horren gurasoak atzetik genituen, eta etxetik botatzen gintuzten. Beldur handia ematen dit horrek.
Hipokrisia bainoago, ezjakintasuna izango da, agian?
Ongi etorri klubera, baina gure amamak beti esaten zuen gerra kameleoien erruz galdu genuela. Gorrotoa diet kameleoiei.
«Askatasuna edozelan erabiltzen da gaur egun, baina jende batek gorputza jarri behar izan du askatasuna izateko». Zer ekartzen dizu horrek gogora?
Ni ez nintzen pertsonaia erraza, eta, nirekin sartzen baziren, etsai txar bat aurkitzen zuten. Nik arrazoia defendatu dut, izaera handiz, eta, baten bat saiatu bada, galdarraztatu egin dut.
Trantsizioa gogorra izan zela diozu, baina 1979an Libérate singlearekin goia jo zenuen.
Lehenago ere abestuta neukan, 1976an, Zazpikaleetako Julio Iglesias nintzenean. Iraultza zen hura. Aste Nagusian, dena den, Federiko Ezkerra konpartsakoek, Euskadiko Ezkerrakoak zirenek, Libérate por fin pegatinak atera zituzten, eta Bilbon jende guztiak eramaten zituen.
Nekeagatik utziko dituzu eszenatokiak?
Ez dut nekearengatik bakarrik uzten, betidanik izan da nekagarria nire ikuskizuna. Takoiak hiru panti pare eta ileordea; batzuetan, broma gisa aipatu izan dut, ikuskizuna amaitzean, labe garaietan hamabi ordu lan egitea baino nekagarriagoa zela.
Bilboko gauak asko galdu du?
Ez zait gustatzen zer bihurtu den Bilboko gaua. Azkuna alkateak astindu zuen gaua; txikitu egin zuen. Hiriak bizitzak aldatu egiten ditu, eta, egun, ez dago ia lokalik zuzenean kantatzeko edo zuzeneko ikuskizunak ikusteko.
Zure zale nagusienak adineko emakumeak dira. Askatasunaren aldeko borroka elkarrekin egin izana zantzu bat da?
Azkenean, oso adimentsuak dira. Jende ausarta gustatzen zaie, haiek ere hala direlako; gehienek, gainera, antzeko kasuak dituzte. Borrokaren eta askatasunaren defentsaren alde egongo dira beti. Amak dira, eta horrek asko markatzen du, nire iritziz.
Zure bizitzaren gidoirik handiena da ez zaizula gustatzen batere emakumez transformatzea.
Egia da. Kamerinoan jaio, eta kamerinoan hilko da La Otxoa. Gorroto dut emakumez transformatzea.
Zer egingo duzu erretiratuta?
Gozatu.
Jose Antonio Nielfa, 'La Otxoa'. Artista
«Kamerinoan jaio zen La Otxoa, eta kamerinoan hilko da»
Tabernako barraren atzean hasi zen Jose Antonio Nielfa, eta oholtzan argiztatu zen La Otxoa. Errepresioaren eta kartzelaren garaia bizi izanak ez zuen isildu. 'Agur, Otxoa feroz' emanaldiarekin hartu du erretiroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu