Mp3 gailuen merkatua irauli zuenetik, Steve Jobs Midas erregearen antzera dabil. Izan ere, i aurrizkiarekin izendatutako edozein produktu urre bihurtzeko ahalmena duela erakutsi du. Telefono adimendunak ez zituen Applek asmatu, baina, hala ere, teknologiazale gehienen ametsetako telefonoa da iPhone ospetsua. Dagoeneko, bertsio askotako 70 milioi sakelako inguru saldu ditu, eta pasatzen ez den moda sortu du; azkena, zinemagintza bera erakartzea. Park Chan-Wook zuzendariak film bat grabatu du iPhone 4 baten kamera baliatuta: Paranmanjang.
Berez, 30 minutuko iraupeneko beldurrezko film laburra da sortzaile korearrak eginikoa. Hego Koreako zinema aretoetan datorren ostegunean estreinatuko dute. Zuzendari profesional batek Appleren telefonoarekin grabatutako lehen filma da hau. Chan-Wook Cannes hiriko zinema jaialdiko filmik onenaren bigarren saria irabazi zuen 2004an Old Boy istorio odoltsuarekin. Duela bi urteko sariketan, berriz, hirugarren izan zen Thirst lanarekin.
Filmaketaren alderdi guztiak iPhonearekin grabatu dituela azaldu du sortzaileak: lekuak, aktoreak eta making off dokumentala. Izan ere, telefono batzuk erabiltzeko aukera izan zuen, eta, horri esker, askotariko angeluak lortu ditu. Teknologiaren aldetik telefonoaren mugak izan baditu ere, 100.000 euroko aurrekontua eta Par Chan-Kyong anaiaren laguntza izan du korearrak. Diru gehiena, espero zitekeenez, Appleren sakelakoa Hego Korean saltzen duen konpainiak ordaindu du.
Filmaren aurkezpenean zuzendariak azaldu duenez, teknologia berriek «emaitza harrigarriak» ematen dituzte zinemagintzan. Ikusleak, alabaina, halako telefonoekin eginiko bideoak ikustera ohitu direla gogorarazi du.
Finlandian ere bai
AEBetako konpainiaren telefonoarekin ez ezik, Europan ere XXI. mendeko telefonoak deitzeko baino askoz gehiago egiteko balio dutela erakusteko asmoa dute. Izan ere, Nokia finlandiarrak antzera egin zuen iaz. Azaroan salgai jarritako N8 telefonoaren sustapena egiteko zinema baliatu zuen ere.
Azkenaldian kaleratutako sakelako adimendunen artean, Nokiarenak du kamerarik onena. Besteak beste, 12 megapixeleko argazkiak egiteko gai da, eta, horrez gain, 720p bereizmen handiko bideoak grabatzeko gai da. HDMI ataka ere badauka, irudiak pantaila handietan gozatu ahal izateko.
Gailu berriaren dohaintzak munduari erakusteko asmoz, The Commuter film laburra grabatu zuten, zazpi minutu eta erdiko akziozko filma. Irudi ikusgarriak dauzka —Interneten doan bistaratzeko aukera dago—, eta izen handiko aktoreak pantailaratu ditu. Dev Patel da protagonista, The Slumdog Millionaire film arrakastatsuagatik ezaguna. Harekin batera ageri dira Ed Westrick (Gossip Girl telesailekoa) Pamela Anderson (Baywatch) eta Charles Dance (Alien 3).
N8arekin grabatutako film laburren txapelketa ere antolatu du Nokiak; Internet eta ehunka bideo jaso ditu dagoeneko. Konpainiaren webgunearen bitartez antolatu dute, eta bisitariek epaile lanetan aritzeko aukera dute.
Appleren telefonoa dela eta, zaletasun edo arte joera bitxiak sortu dira sagartxoaren konpainiaren inguruan. Argazkigintzara heldu da Appleren eragina, erabiltzaileek iPhonegrafy deritzona sortu baitute. AEBetan ez ezik, Euskal Herrian ere arrakasta izan du mugimendu horrek. David de Haro eta Fernando Gomez argazkilarien erakusketa bat jarri dute Bilboko BlackBox aretoan, otsailaren 25era arte. Formatu txikian eginiko 60 irudi daude erakusketa horretan, guztiak iPhone batekin eginikoak.
Kamera eskuan, eta jaso mundua
Park Chan-Wook zuzendari korearrak iPhone arrakastatsua erabili du film labur bat grabatzeko; ez da, alabaina, telefono adimendunekin eginiko ekoizpen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu