Kalkulua: Lurraren salbatzailea

Felix Noblia laborariaren arabera, behar den kalkulua egitean datza planetaren salbazioa. Laborariak agroekologia egiteko molde iraultzailearen bisita gidatu du.

Angus arrazako behiak hazten ditu Nobliak, «biziki landatarra»baita. G. FAUVEAU.
Ainize Madariaga
<i>Burgue-Erreiti</i>
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Berotze globalaren kontrako laborantza egiteko gakoa ezagutzen dugu», erran du, ahoan bilorik gabe, Felix Noblia Burgue-Erreitiko (Nafarroa Beherea) laborariak: «Ekimen indibidualak, bai, hasiko dira martxan, baina behar dena da indar politikoa».

Boten magalean lurrean kurritzen diren tomateak terrestan doaz kuia, zerba eta barazki anitzen artetik, gaitzeko osagarrian. Donamartiritik (Nafarroa Beherea) jin den emaztea arranguratu da: «Eta hor dituzun mingarratzak, zer? Guk ttipitik ikasia dugu horiek errotik atera beharra zirela!». Badirudi Nobliak galto ororen arrapostua baduela, gaia aspaldian lantzen ari baita: «Badakizua mingarratza 80 urtez egon daitekeela? Bera biltzen ari garen ber, erran nahi du ez gaudela beste zerbaitetan. Guretzat ez da arazo: txandatze sisteman baikaude, gainera kabalek jan egiten dute».

Inguratu zaizkion hogei bat bisitariak zailtasunik gabe lotu zaizkio, olagarroaren tentakuluak nola. Harriduraz behatzen diote etxean bertan altxatu duen iraultzari. 150 hektarea lur baliatzeko manera irauli ditu, baina bide malkartsuetan barrena kurrituz, boza apaldu du: «Behi blondak zituen [aitak], konbentzionalean ari zen, oso egoera zailean zegoen dena, artoa eta belarra siloratzen zituen, arrunt manera zaharrean horrek guziak dakartzan osagarri arazoekin... Bi urtez dena abandonatua egona da... Transmisio mingarria izan da, zinez».

Lurra emankorra izan dadin, ahalik eta «errentagarriena», estali beharra da, etengabean materia organiko jaten eman: «Gakoa: biomasa da». Konbentzionaletik biologikora iragan zen Noblia, pestizidak baliatzeaz «asea» baitzen. Eta ez da azalkerian gelditu, ideiak erroetatik hartu eta adarrik ñimiñoeneraino baitaramatza: biologikoaz harago, permakultura erradikala baitu aplikatzen; Masanobu Fukuoka maisu japoniarraren esperientzien segizale amorratua baita. «Fukuokaren La révolution d'un seul brin de paille [Lasto izpi baten iraultza] liburua gomendatzen dizuet azkar». Japoniarrak plantan ezarri zuen lurra lantzea batere jorratu eta goldatu gabe, are gutiago ongarri sintetiko eta pozoiak botaz. Lurrari beti materia organikoa jaten emanez, agerian sekulan utzi gabe.

Etxaldearen kudeaketa deskribatzeko ekonomiako hiztegia darabil Nobliak: «Azken finean dena da kalkulua, laborariek ahantzi dute oinarrizkoa kalkulatzen: kilo bat haragi zenbat kostatzen da egiazki; zenbat energia, diru, denbora? Hori egiten ez duguno ezin dugu konparaziorik egin. Errentagarria izan beharra da. Zinezko ekintza militantea norberak bere elikadura autonomoa ekoiztean datza, norbera bere baratzeari lotuz». Bere eskuez lantzen duen lurra eta hunkitzen dituen kabalekin, beraz, iraultza planetarioa bultzatu nahi du; laborantzak elikatzeaz gain, jendeen eta planetaren osagarria baititu bere esku.

«Hau bai ona! Alferraren kalkulua egin duzu hemen! Bikaina», bota du irriz Irisarriko laborariak. Izan ere, artoa, ilar biribilak eta kuia landareak konbinatu ditu, «esperimentatzeko»: artoa itzalerako eta ilarra espazioa okupatzeko, helburua da kuiak bildu eta saltzea. Ikusiko du zer emanen duen, baina bide onean dela uste du: etxeko haziekin, denbora guti eta diru gutirekin, berdin, «etxeko hektarea errentagarriena» izanen baita.

Laborantza = esklabotza

«Arrazoitzen ez badugu, nola nahi duzu laborantzan aritzeko gogoa piztu? Oraingo laborantza XXI. mendeko esklabotza modernoa da. Ezin da, laborariak eskaski pagatuak dira. Sistema osoa da berrikusi behar, baina posible da!», laburbildu du. Tai gabe kalkulatzen du zenbat denbora zertan duen pasatu nahi eta zenbat ekartzen dion horrek. Etengabeko esperimentazioan dabil, «etxalde pilotua» bilakatzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.