Txistor pintxoari eskuan hala moduz heldu, eta gogo biziz txaloka hasi dute goiza Koldo Mitxelena plazara agertutako errenteriarrek. Egunero ez da Errenteria (Gipuzkoa) gazteluz betetzen, eta baserritarrez jantzitako guztiakliluratuta daude Vilafrancako (Katalunia) casteller-ek osatutako lehen giza gazteluarekin. Lau solairuko gaztelua osatu eta bi haur igo dira gora, bakoitzak bandera bana erakutsiz: Kataluniako eta Euskal Herriko preso politikoen askatasuna dute aldarri. Gaita soinua bildutako jendetzaren txaloekin nahastu da.
Atzokoa egun handia izan zen Errenterian, hogeigarrenez Erromeria Eguna ospatu zutelako, jai giro ederrean eta eguraldi ezin hobearekin. Hurrengo astean madalenak hasiko dira, herriko jaiak, eta aurrekari ezin hobea izan da azken bi hamarkadetan Erromeria Eguna. Atzo Vilafrancako casteller-en presentzia izan zen ikusmin handiena sortu zuena.
Erromeria Eguna herriko kaleetan zehar egindako diana batekin hasi da: Errenteriako kaleak dantzan jarri dituzte herriko trikitilari eta gaiteroek, Oiartzualdeko txistulariek eta Zubietako joaldunek. Hala ere, denek dantza egiteari utzi diote Kataluniatik etorritako 250 casteller-ak herriko hiru plazatan giza gazteluak osatzen ikusteko. Hala ere, ez dira Vilafrancako casteller guztiak etorri. «Guztira, 600 inguru gara, eta denok batera osatutako castell-ak 12 metro baino gehiago neurtzen du», esan du Toni Fernandez casteller-ak.
11:30ean, Koldo Mitxelena plazan bi castell osatu eta hamaiketakoa jan ondoren, Xabier Olaskoaga plazara jo dute guztiek, eta bertan, beste bi giza gaztelu ikusi ahal izan dira. Ondoren, Aiko taldeak giroturik, dantza poteoa hasi da plazan bertan, eta baserritar jantzitako guztiak erromerian dantzan hasi dira. Trikitilariek, euren trikitiak alde batera utzi, eta dantzari ekin diote, gainerakoekin batera. Hala ere, benetako baserritarrak plazako azokan euren baratzetako barazkiak saltzen ari dira.
Gonbidatuak, erromerian
Dantza poteoak Xabier Olaskoaga plazan jarraitu du, eta ondoren, Zumardira joan dira, gero herriko kaleak girotzen jarraitzeko. Bitartean, Zumardian egin dituzte azken hiru castell-ak, altuenak sei solairukoak. Montse Grau casteller-aren iritziz, casteller-en ikuskizuna «proiektu sozial» bat da: «Genero, adin, klase sozial eta gaitasun funtzional desberdinetako jendeak osatzen dugu gaztelua, alkatetik zabor biltzailera, denok batera, berdintasunean: maila bera dugu bai gora igotzen den umeak bai behean egitura osatzen dugun helduok; bakoitzak bere funtzioa dauka».
Herri bazkariaren ondoren, Erromeria Egunaren muinairitsi da: Zumardiko erromeria, 18:00etan. Andoitz Antzizar, Arkaitz Miner, Iñaki Letamendia eta Quico Puguesek gidatu dute, lau gonbidatu oso berezirekin: Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien.
Erromeria Egunaren antolatzailea Ereintza dantza taldea da, eta, hango kide Alain Maiarentzat, «plazan dantzan dagoen jendea da arrakasta handia duen egun honetako protagonista, nahiz eta urteurrenean egitarau borobil bat egin nahi izan dugun, casteller-ekin eta erromeriako gonbidatu ezagun horiekin».
Erromeria Eguna
Kalitate goreneko erromeria
Vilafrancako 'casteller'-ek giza gazteluak osatu dituzte Errenteriako Erromeria Egunean. Jendetza bildu da dantzan egitera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu