Aldapan goiti abiatu ahala hasten da ataka berdea ezkerretik eskuinera irekitzen, autoak banan-banan pasatu daitezen. Oinezkoentzat, eskuz irekitzen den atetxoa dago. Harreratik aitzinera eginda, etxetxoen ilara luze bat ikusten da sarreratik. Hondar-hondarrean, egurrezko etxe bat, gainerako metalezkoen artean. Txakur libratuen etxea da, hiru mastinek osatzen dutena. Hamar hanka daude guztira, horietako bik hiruna hanka dauzkate eta. Egoera tamalgarrian iritsitako animaliak dira hirurak, kalean abandonatu zituztelako egurrezko etxetxoan aterpe hartutakoak. Gauean, jada bezerorik etortzen ez denean, libre uzten dituzte harrera etxean, sari gisara.
Hiru mastin horiek ez dira Zuhaitz-pe animalien harrera etxean dauden animalia bakarrak. Gipuzkoako animaliak babesteko elkarte bakarra da, Usurbilen dago (Gipuzkoa), eta kaleko txakurrak eta katuak biltzeaz arduratzen da, batik bat. 1997. urtean ireki zuten babes etxea, nahiz eta lehenagotik ere bazegoen halakorik Gipuzkoan. «Gure amona bazkidea zen ordurako», oroitu du Gemma de la Peñak, Zuhaitz-peko langileak. «Ikasle nintzenean, Villa Lolitara joaten nintzen, boluntario. Altzan zegoen [Donostia], oraindik ere hainbeste eraikin ez zeudenean. Etxe handi-handi bat zen: instalazio handiak egin zituzten, eta txakurrak hartzen hasi». Hantxe zegoen animaliak babesteko Gipuzkoako elkartea, Usurbilera aldatu aitzin. Ipar Euskal Herrian, Baionan dago egoitza nagusia, eta 22 udalerritan barrena mugitzen dira. Nafarroako Gobernuak ere sortu zuen harrera etxe bat: Etxaurin dago etxe ofiziala, eta beharrezko osasun arreta guztia ematen dute bertan. Arabakoa Gasteizen dago, eta, Bizkaiakoa, berriz, Bilbon.
Pixkanaka animalia abandonatuak gero eta gutxiago diren arren, oraindik ere txakur eta katu anitz aurkitzen dituzte kalean, nora joan ez dakitela. Beraz, eta lege berriak hala behartuta, udalekin hitzarmena egin du Zuhaitz-pek: «Animaliak babesteko legeak udalak behartzen ditu kaleko animaliak hartzera, betiere jaberik gabe badaude eta eremu publikoan», azaldu du De la Peñak. «Katuak eta txakurrak izaten dira normalean. Kontua da udalak ez duela animalia horiek non hartu, eta, beraz, gurekin egin dute hitzarmena». Albaitaritza zerbitzua eta beharrezko instalazioak daude Zuhaitz-pen, eta, horrenbertzez, Gipuzkoako udal anitzek hara bidaltzen dituzte kalean aurkitutako animaliak. «Herritar batek hartu, udaltzainak abisatu, eta guri heltzen zaigu abisua. Hara joan, eta hartu egiten ditugu», kontatu du De la Peñak.
«Nik etxean ikusi dut animaliak errespetatu eta zaindu egiten direla. Animalia bat gaixorik zegoenean, albaitari bat bilatzen zen hura sendatzeko, berdin zuen non»
GEMMA DE LA PEÑAZuhaitz-pe animalien harrera etxeko langilea
De la Peñak betidanik izan ditu animaliak etxean, baina txakurrak izatearen kontzeptua «zeharo» aldatu delakoan dago. «Nik etxean ikusi dut animaliak errespetatu eta zaindu egiten direla. Animalia bat gaixorik zegoenean, albaitari bat bilatzen zen hura sendatzeko, berdin zuen non». Zuhaitz-peko langilearen ustetan, orain hagitz bertzelakoa da egoera, eta, horregatik, animalia anitzek kalean bilatu behar izaten dute aterpea. «Babes etxe hau, zoritxarrez, gizakiaren arduragabekeriaren isla besterik ez da».
Bizimodu aldaketak eragiten du, bertzeak bertze, animaliak abandonatzea: lan ordutegien aldaketak, etxe aldaketak, elkarbizitzak, familiak... «Denetik ikusten da», aitortu du De la Peñak. «Hasieran, askoz ere okerrago iristen ziren animaliak hona. Gaur egun etortzen diren gehienak iristen dira jabeak egoera zailean daudelako, eta, beraz, animaliak ere ez daudelako ondo». Dena den, babes etxeko langileak argi du ez dela fisikoki animaliarik jipoitu beharrik tratu txarrak emateko, eta, beraz, abandonatzea eta hala babes etxera bidaltzea ere tratu txarra ematea dela. «Duela gutxi, animalien garraiagailu bat agertu zen albaitaritza kontsulta baten ondoan, erosi berria; barrenean, katu bat eta zazpi kume. Katuak ondo zeuden, baina hor uztea bera tratu txarra da».
Animalia bat Zuhaitz-pera iristen denean, sarrera protokoloa aktibatzen da. Lehendabiziko lana txipa bilatzea da, irakurgailu berezi batzuen bidez. Txipik izanez gero, hurrengo pausoa zera izaten da: jabea deitzea. «Gehienetan, animaliaren bila etortzen dira», dio De la Peñak. «Gerta daiteke txakurra galdu edo lapurtu izana». Bada bertzelako animaliarik ere, belar artetik astoak eta ahuntzak ere agertu baitira. Animaliek txipik ez dutenean, bertze protokolo bat aktibatzen da: parasitoak hil, txertoak jarri eta aztertu. «Tarte batez bakarrik uzten dugu animalia, zer jarrera eta izaera duen ikusteko. Behin tamainari eta jokabideari pixka bat erreparatuta, zer etxolatara bidali erabakitzen dugu», azaldu du De la Peñak.
Bi albaitari daude Usurbilgo etxean, 10:00etatik 15:00etara lanean aritzen direnak. Harrera etxetik kanpoko animalientzat ere irekia da kontsulta, eta, beraz, joan-etorri handia izaten da. «Egoitza hau ireki genuenean, kaleko animaliak bakarrik hartzen genituen, baina gero ohartu ginen behar handia zegoela eta jendeak eskertuko lukeela albaitaritza kontsulta izatea», kontatu du De la Peñak. Hiru langile ziren hasieran, baina hamazazpi orain. «Albaitariak gelditu gabe aritzen dira lanean, jende asko etortzen da eta». Gainera, irabazi ekonomikoak harrera etxerako dira, eta «ezin hobe» datorkie laguntza hori. Hiru lanalditan banatzen dute eguna harrera etxean: goiza, arratsaldea eta arratsa. Beraz, «beti egoten da norbait».
Albaitaritza zerbitzuen eskari handia zegoela ikusita, beste albaitari baten bila hasi ziren Zuhaitz-pen, bakarra zegoen-eta hasieran. «Orain, albaitari batek goiz guztia ematen du ebakuntzak egiten, kale katuak antzutzen, gero berriz kalera eramateko», dio De la Peñak. «Guztiekin egiten dugu hori, behintzat ez daitezen gehiago izan».
Animaliak adopzioan ematea, baina, beti ez da hain erraza izaten, eta jabea izanen den horrekin solas egin behar izaten da aitzinetik. Kontzientziazio lana, alegia. Gemma de la Peñarekin solastatzen dira lehendabizi, eta hark beti galdera berarekin hasten du elkarrizketa: «Lanean zer ordutegi duten galdetzen diet, horrek asko baldintzatzen baitu txakurra zer moduz egongo den. 08:00etatik 18:00etara ez badira etxean izango, ez du zentzurik animalia bat izateak». Beraz, ez diote edozeini ematen animaliarik adopzioan, ez baita gauza bera nahi izatea eta posible izatea. «Badira beste batzuk etortzen direnak seme-alabek txakurtxo bat nahi dutelako, eta hori da haien arrazoi bakarra», dio De la Peñak. «Horrelako egoerak geroz eta ohikoagoak dira, eta uste dut mugak jarri behar direla». Dena dela, argi du zeregin hori ez dagokiela harrera etxeko langileei.
«Lanean zer ordutegi duten galdetzen diet, horrek asko baldintzatzen duelako txakurra zer moduz egongo den. 08:00etatik 18:00etara ez badira etxean izango, ez du zentzurik animalia bat izateak»
GEMMA DE LA PEÑAZuhaitz-pe animalien harrera etxeko langilea
«Bada beste jarrera bat bereziki arduratzen nauena», dio De la Peñak. «Merkataritza guneetan txakurrak ikusten hasia naiz. Jabeek hara eramaten dituzte paseoan ibil daitezen haiek dendaz denda ibili bitartean». Merkataritza guneak, baina, ez dira txakurrentzat egindako lekuak.
«Batzuetan, ahaztu egiten zaigu txakurrak txakur direla, eta jatetxeetara eramaten ditugu, dendetara...». Eta mendira atera ez. «Jabe batzuek uste dute txakurrarekin egoteagatik animalia pozik dagoela, baina, merkataritza gune batean egotea txakurrari tratu txarra ematea da». Horixe da De la Peñak adopziorako bidean ematen duen lehen aholkua: «Utziozu txakurrari txakur izaten». Egoera ikusita, burumakur agertu da harrera etxeko langilea, ez baitaki arazoak zer bilakaera izanen duen.
Abandonu tasa apaltzen ari den arren, instalazioak handitzea erabaki dute Zuhaitz-pen; irailean hasiko dute obra. «Leku batzuetan tokirik gabe geratzen ari dira, eta seguru nago hori iritsiko dela hona ere», kontatu du De la Peñak. Animaliak babesteko lege berriak ere izan du eraginik horretan, aldaketa dezente ekarri baititu harrera etxeetara. «Zero eutanasia legea jarri dute orain. Kaioletan badira txakur batzuk oso-oso arriskutsuak eta sekula adopzioan eman ezingo direnak. Animalia horiek kaiolan bertan hilko dira, legeak hala erabaki duelako». Egoera horretan dira, adibidez, malinois arrazako zenbait txakur Zuhaitz-pen. Kaiolara hurbildu orduko, zaunkaka hasten dira, eta salto egin nahi izaten dute hurbildu den horren gainera. Txakur handiak eta indartsuak dira, kanpora ateratzeko behar handia dutenak fisikoki eta mentalki nekatzeko. Hori, ordea, ezinezkoa zaie harrera etxean bizi izanda. «Tratu txarra da hori ere», De la Peñaren erranetan. «Animaliak batzuk ez daude ondo, eta hobeto da halakorik ez izatea». Leku berean txakur gehiago sartzeak ondorio ikusgarriak ekarriko ditu, langilearen ustez: «Kaiola batean zortzi txakurren ordez hamalau sartuz gero, elkar akabatuko dute. Lekua behar dute».