ATZEKOZ AURRERA. Alba Martin. Kaleko dantzaria

«Kaleko dantzari izatea inoiz izan dudan ofiziorik onena da»

Bazter batean, Bilboko kale jendetsuak girotzen aritzen da Martin, flamenko doinuak dantzatuz. Ezohiko lana dela jakitun, aitortu du egiten duenarekin ezin zoriontsuagoa dela.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Askatasunaren eta adierazpenaren maitaletzat dauka bere burua Alba Martin kale dantzariak (Bilbo, 1980). 4 urte zituela eman zituen lehen pausoak, eta Madrilen egin zituen ikasketak. Lanzaroten (Kanaria uharteak) konpainia batean lanean aritu ostean, sorterrira itzultzea erabaki zuen duela ia bi urte. Ordutik, kalean aritzen da dantzan. Kale dantzaria da ofizioz. Hain zuzen, flamenko jantzia soinean eta kriskitinak eskuetan, Espainiako dantzak dantzatzen aritzen da Bilboko kale bazterretan, herritarren harridurarako. Naturatik gertu aritzea du gustukoen, eta, dioenez, bilbotarrak, oro har, atseginak eta eskuzabalak dira bere lanarekiko.

Onetik ala txarretik, nondik du gehiago kalean lan egiteak?

Kaleko dantzari izatea inoiz izan dudan ofiziorik onena da. Ez daukat nagusirik; ez daukat ordutegirik... Dena da ona. Ona ez den gauza bakarra da eguraldiaren eta lurraren gogortasunaren mende nagoela.

Zer da kalean lan egitearen onena?

Mundu guztiarengana hel zaitezkeela; denekin harremanetan zaude. Kalean lan eginez, mundu guztiak ikusten du zer egiten duzun, eta horrek aberastu egiten nau.

Nolako ikusleak dira bilbotarrak?

Ulertu dezaket bitxia suerta daitekeela hemen flamenkoa dantzatzea, baina badaude senar-emazte batzuk albotik pasatzen diren aldiro «Flamenkoa dantzatzera, Sevillara [Espainia]!» oihukatzen didatenak. Hala ere, oro har, oso ikusle atseginak ditut. Lehen uste nuen nire publikoa turistak zirela batez ere, baina orain ez daudenez, konturatu naiz ikusleak ez direla hainbeste aldatu. Turistak bazeuden, baina baita bertakoak ere.

Asteko egunen arabera asko aldatzen al da zure lana?

Ostiralak eta asteburuak dira egunik onenak. Ostiraletan jendea pozik egoten da; alaitasun handiagoa egoten da kalean. Halaber, zenbat eta egun argiagoa, hobeto: garrantzitsua da argia. Hodeitsu dagoenean, energia gehiago jarri behar izaten dut dantzatzean.

Zer ikusle mota erakartzen dituzu?

Erretiratuak asko, baina, oro har, denetariko jendea esango nuke. Ilusio handia egiten dit nerabeek dirua botatzen didatenean, eta gehien gustatzen zaidana da haur txikiak egiten dudanari begira egotea. Dirua baino nahiago dut umeak niri begira ikustea.

Eskuzabalak al dira bilbotarrak?

Jende eskuzabala da, oro har. Hala ere, denetarik dago, eta askotan, eremuaren araberakoa da. Ez dira gauza bera Zazpikaleak eta Kale Nagusiko goiko aldea. Dezente nabaritzen da eremua.

Kaleko artistek harremana al duzue zuen artean?

Ez bereziki. Baina, adibidez, badago mutil bat kaleko artista dena, txeloa jotzen duena, eta harekin zerbait egin nahiko nuke. Izan ere, anplifikadorerik gabe lan egitea gustatuko litzaidake etorkizunean, musikariekin. Zailagoa da, baina errealagoa.

Gizarteak kaleko artisten ideia okerra al du?

Jendeak uste du kalean lo egiten dudala eta gosea pasatzen dudala. Batzuetan, ogitarteko bat ere eskaintzen didate. Askok uste dute lan egoera txarragatik gaudela kalean, bertan lan egiteak diru faltan egotea esan nahiko balu bezala, azken baliabide gisa egin behar izan dugun zerbait. Behin, emakume bat hurbildu zitzaidan, eta galdetu zidan ea ez zegoen lanik, eta erantzun nion hau zela nire lana. Jendeari esaten diodanean inoiz izan dudan lanik onena dela eta oso gustura nagoela, harrituta geratzen dira, eta nigatik pozten dira.

Gutxietsia sentitu zara?

Gehiago izan dira etxera pozik itzuli naizen egunak. Agian ekonomikoki ondo joan ez diren egunak txarrak izaten dira, baina, oro har, egun onek konpentsatu egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.