Jaiak. Donostiako Aste Nagusia

Kaleko Afari Solidarioak lehen lerroan jarri dituzte Donostiako Piratek

Donostiako Aste Nagusia aurkezteko prentsa agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako Piratek, 'Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!' lelopean. Abuztuaren 10ean hasi eta hilaren 17an amaituko dira Gipuzkoako hiriburuko jaiak.

Donostiako Piratek gaur goizean Donostiako kaian eman duten prentsaurrekoa. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Piratek gaur goizean Donostiako kaian eman duten prentsaurrekoa. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2024ko uztailaren 17a
14:20
Entzun

Gero eta gertuago dago 2024ko Donostiako Aste Nagusia. Abuztuaren 10etik 17ra, Gipuzkoako hiriburuko kaleak festa betean murgilduko dira. Horren harira, Donostiako Piratek gaur goizean Donostiako kaian egin duten agerraldian «mundu askea, feminista, jasangarria, komunitarioa eta euskalduna» aldarrikatu dute. Alai Kruse eta Irati Gastesi izan dira prentsaurrekoko hizlariak. Aurten, Kaleko Afari Solidarioak banatzen dituen taldearen lana ekarri nahi dute lehen lerrora.

Urtero moduan, aurten ere Donostiako Piraten ondoan izango dira Ezkila Kapitaina eta Matti laguntzailea. Eta horien laguntzaile izango dira, besteak beste, Martuteneko auzo elkartea, Altsasuko Gurasoak, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta merkatari txikiak. Jalgi belak mastara, eta euskara plazara! da aurtengo leloa. Euskaraz bizi nahi duten donostiarren aurkako oldarraldiaren parean, lelo horren bidez eurena «euskararen plaza» dela azpimarratu dute, eta, beste urte batez, «festa euskalduna eta euskaltzalea» egingo dutela azaldu dute.

Egitaraua, lotzen

Oraindik aurtengo egitarau bateratua eta zehatza argitaratu ez badute ere, egun bakoitzean «ekintza desberdinez gozatzeko aukera» izango dela azpimarratu dute Donostiako Piratek: bertso saioak, kalejirak eta herri bazkariak, besteak beste. Donostiako Aste Nagusian hain berezia den abordatzea ere ez da faltako; hilaren 12an izango da, astelehenean, eta izen emateko epea uztailaren 29an irekiko dute. Haurrentzat ere ur jolasak, hockey tailerra eta abordatze txikia antolatu dituzte, besteak beste. Musikaz gozatzeko aukera ere izango da. Hainbat kontzertu antolatu dituzte Flamenkan eta Trinitate plazan: Bulego, Tremenda Jauria, Andoni Oilokiegi eta Zopilotes Txirriaosena, esaterako.

Piraten lantalde feminista

Prentsaurrekoan argi utzi dute «erasorik gabeko festa eta hiria» nahi dutela, eta horiei erantzuteko prest daudela. Horren harira, erasoak salatzeko puntu morea jarriko dute, eta, bertan salaketa jartzeaz gain, Bulebarreko artatze gunera lagunduko diote behar duenari. Izan ere, Donostiako Udalak Emagin elkarteak kudeatutako artatze gunea jarriko du Bulebarrean, egunero, 13:00etatik 10:00ak arte. Hala ere, artatze gune gehiagoren beharra aldarrikatu dute Piratek. Abuztuaren 13an, asteartean, Piratek jai gunea hartzearen apustua egin dute, eta, besteak beste, kalejira aldarrikatzaile transfeminista antolatu dute.

Erasoen aurrean irmo azalduz, abuztuaren 17rako elkarretaratzea antolatu dute Flamenkan, 20:00etan, eta pirata zein herritar guztiei dei egin diete bertara joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.